Mhamed Khadad. Fronte Polisarioko zuzendaritzako kidea

«Arrantza akordioaren bidez, babes politikoa eman dio EBk Marokori»

Khadadek aurreratu du «prozedura legezkoak eta juridikoak» hasiko dituztela orain: «Ontziak gure uretatik erretiratzeko ere eskatuko dugu». Sententzia Marokorentzat «kolpe latza» dela adierazi du.

KRISTINA BERASAIN TRISTAN.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Europako Justizia Auzitegiak herri sahararrari «oparirik onena» egin diola uste du Mhamed Khadadek (Mijek, Mendebaldeko Sahara, 1952). SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zuten atzoko egunez, duela 42 urte, eta, egun berean, otsailaren 27arekin, jaso dute sahararrek irrikaz itxaroten zuten sententzia. Fronte Polisarioko zuzendaritzako kideak aurreratu duenez, «prozedura legezkoak eta juridikoak» abiatuko dituzte orain, erantzukizun politikoak eta ekonomikoak eskatzeko.

Fronte Polisarioak pozez hartu du Europako Justizia Auzitegiaren sententzia. Zergatik?

Argi esaten duelako akordioa ezin dela aplikatu Mendebaldeko Saharan. Orain, ontziak gure uretatik erretiratzea eskatuko dugu, eta, bide batez, erantzukizunak eskatuko ditugu: Europako Batasunak Marokori urteotan emandako dirutza aldarrikatuko dugu.

Sententziak, baina, ez du aintzat hartu akordioa bertan behera uzteko eskatzen zuen abokatu orokorraren gomendioa.

2016ko ebazpenean esan zutena berretsi dute epaileek. Hala ere, kolpe latza da Marokorentzat. Ondorio ekonomikoengatik, baina, batez ere, ondorio politikoengatik. Mendebaldeko Saharako gatazkari irtenbidea emateko bidea emango du, eta, behingoz, herri sahararrak lau hamarkadaz bizi duen kalbarioari amaiera emateko.

Oraingoan, gobernuz kanpoko erakunde batek jarri du salaketa, ezta?

Bai. Fronte Polisarioak 2012an jo zuen Europako Batasuneko Justizia Auzitegira. EBren eta Marokoren arteko arrantza eta nekazaritza produktuen akordioaren kontrako kereila jarri genuen, eta, urtebete geroago, 2013an arrantza akordioaren kontrakoa. Auzitegiak, lehen instantzian arrazoia eman zigun, 2015ean, akordioa bertan behera utziz. Apelazioa etorri zen gero. Auzitegiak orduan ebatzi zuen ez zela baliogabetu behar. Hiru ondorio atera zituen. Bat: Mendebaldeko Sahara eta Maroko bi herrialde ezberdin eta banatuta direla. Bi: Marokok ez duela Mendebaldeko Sahararen gaineko subiranotasunik. Eta hiru: Mendebaldeko Saharako baliabide naturalen ustiapena ezin dela egin ez bada saharar herriaren onespenarekin. Bada, dena esan zuen. Auzitegiak ez zuen akordioa ezereztatu, uste zuelako ez dela aplikatzen Mendebaldeko Saharan. Oraingoan gauza bera esan du arrantza akordioaz. Abokatuak urtarrilaren 10ean argitara emandako txostenean proposatzen du akordioa baliogabetzea; Marokok arrantzatzen duenaren %91,5 Mendebaldeko Saharako uretan arrantzatzen du. Auzitegiari, beraz, akordioa baliogabetzeko proposatzen dio. Arrantza akordioaren bidez, baliabide naturalen arpilaketa sostengatzeaz gain, babes politikoa eman dio EBk Marokori.

Europar Kontseiluak sententziaren kontrako helegitea jarri zuen 2015ean. Zergatik?

Maroko babesten duten herrialdeen interes ekonomiko eta geopolitikoengatik. Frantziaz eta Espainiaz ari naiz bereziki. Bost axola zaie herri sahararraren sufrimendua. Interes propioengatik ari dira. Mendebaldeko Sahara trukerako txanpon gisa erabiltzen dute.

Bide paralelo bat ireki duzue zuzenean zuen baliabide naturalak arpilatzen dituzten enpresen kontra salaketak jarriz. Estrategia berri bat al da?

Bai. Horretan ari gara, eta honezkero enpresa askok atzera egin dute. Okupazioa ez babesteko eskatzen diegu. Hegoafrikako Auzitegi Gorenak aurreko ostiralean berretsi zuen epaia ere hor kokatzen da. Port Elizabethen zegoen NM Cherruy Blossom ontzia geldiarazteko eskatu genuen 2017ko maiatzean, eta auzitegiak arrazoia eman digu. Zeelanda Berrira zihoan ontzi horrek 54.000 tona fosfato garraiatzen zituen, eta auzitegiak erabaki du fosfato hori herri sahararrena dela. Orain, fosfato horren salmenta akordio bat ixtear gaude. Hegoafrikako auzitegiak abenduaren 21ean eman zuen lehen epaia, eta erabaki horren ostean etorri daenpresa askoren erretiratzea. Urteetan Marokorekin kolaboratu duten enpresez ari gara, arpilatzearen erantzule ere badirenak. Fronte Polisarioak auzitara jo du; Panaman, esaterako, ubidetik pasatzen diren ontziak geldiaraztea eskatu dugu. Kanadara fosfatoa eramaten duten ontziak dira.

Bide eraginkorra izaten ari da, beraz?

Bai. Auzitegien erabakiek zer pentsatua eman die enpresa askori, eta asko dira atzera egin dutenak; Kanadan, Australian, Lituanian, Norvegian, Kolonbian, Venezuelan, Uruguain... Gero eta gutxiago dira nazioarteko zuzenbideari desafio egitera ausartzen diren enpresak. Marokok, potentzia okupatzaile gisa, ez dauka eskubiderik gureak diren produktuak eta baliabideak saltzeko.Transavia Frantziako garraio enpresaren kontrako kereila aurkeztu dugu ere. Paris eta Dakhla okupatuaren arteko merkataritza ibilaldi bat egiten du enpresa horrek, eta horren kontra eta beste guztien kontra neurriak hartzen ari gara. Behar den auzitegi guztietara joko dugu, eta orain arteko arrakasta izatea espero dugu.

Bistan da interes ekonomikoak daudela okupazioaren atzean.

Hala da. Bucraako fosfato meategiarekin bakarrik lehengai horren mundu merkatua kontrolatzen du Marokok. Mendebaldeko Saharan munduko fosfato biltegien %65-70 daude. Arrantza kala oparoaz gain, petrolioa, gasa, urrea, burdina, diamanteak, eta nekazaritza eremu emankorrak ditugu gure jaioterrian, eta argi dago baliabide natural horiengatik guztiengatik lortzen dituen irabazi ekonomikoengatik ari dela Maroko gure lurraldearen parte bat okupatzen.

Fronte Polisarioa, zeharka bada ere, herri sahararraren ordezkari zilegi bakarra dela dio sententziak. Aitorpen hori urrats bat da, ezta?

Bai, baina hori eztabaidaezina da. Nazio Batuen Erakundeko 34/37 ebazpenak jada hori aitortzen zuen 1979an. Ebazpen guztiek aitortu dute Fronte Polisarioa Mendebaldeko Saharako ordezkari bakar gisa. Eta ebazpen guztiek eskatzen dute Maroko sahararren lurraldeetatik erretiratzeko. NBE Fronte Polisarioarekin lanean ari da egun, lurralde liberatuetan begirale militarrak daude, eta askapen armadaren babesean daude. Suitzako Gobernua Genevako Konbentzioaren gordailuzaina da, eta Fronte Polisarioa, itun horrekin bat egitean, inplizituki onartu zuen nazioarteak okupazio kolonialaren kontra borrokan ari den askapen mugimendua dela Polisarioa. Genevako Konbentzioaren 96.3 paragrafoaren arabera, soilik okupazio kolonialaren kontra borrokan ari diren askapen mugimenduek ahal dute bat egin itunarekin. Europako memorandumetan ere jasotzen da aitorpen hori. Beraz, ebidentzia batez ari gara. SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa Fronte Polisarioaren emanazioa da.

SEAD aldarrikatu zela 42 urte egin ditu. Oraindik, baina, bere horretan da okupazioa.

Mendebaleko Sahara 1963. urtetik dago lurralde ez-autonomoen zerrendan; Espainiaren kolonia zenetik, alegia. Gurea deskolonizatu beharreko hamazazpi lurraldeen artean dago. Madrilek, 1975eko traizioari eutsi dio, abandonuari, konspirazioari... Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegiaren beraren irizpena ere ez du errespetatu. Irtenbidea herri sahararrari hitza ematea da, erreferenduma egitea, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.