Dani Fano. Komikigilea

«Euskal Herrian, egun, ia inor ez da bizi komikiak egitetik»

Fanok dio garai zailak dituztela komikigintzan, eta maiztasun jakin batekin publikatzen diren argitalpen gehiagoren beharra ikusten du. 'Xabiroi' aldizkaria da bakarra, eta bera da koordinatzailea.
LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Ilargi Agirre -

2014ko uztailak 17
Haurra zela komikiak modu konpultsiboan irakurtzen zituen, eta gaztaroan lagunen karikaturak marraztu; friki baten bizimodua zeraman, haren hitzetan. Gaur egun, Ikastolen Elkarteak kaleratzen duen Xabiroi komiki aldizkariko koordinatzailea da Dani Fano(Donostia, 1968). Lau hilabetetik behin argitaratzen dute, eta euskaraz maiztasun jakin batekin merkaturatzen den bakarra da. Komikigilearen ajeak hitzaldia eman zuen atzo, Eibarren (Gipuzkoa) Udako Euskal Unibertsitateak antolatutako Komikigintza eta literaturaren irakaskuntzaren ikastaroaren barruan. Arbelean marrazkiak eginez pasatu zuen hitzaldia. Esan zuen komikigile izateko garrantzitsuena dela komunikatzeko gogoa eta behaketarako gaitasuna izatea.

Euskal komikigintza zein egoeratan aurkitzen da, gaur egun?

Irakurlearen ikuspegitik gaur egungo aroa urrezko aroa da, formatu eta jorratzen diren gaien aldetik aniztasun handia dagoelako. Baina komikigileentzat garai zailak dira, aldizkarien maiztasunik gabe sekulako apustua egin behar delako, jakin gabe etekinik egongo den edo ez. Maiztasun handiko publikazioak dira komikigile lanbidea sostengatzeko modu bakarra. 80ko hamarkada hobea izan zen. Aldizkari ugari zeuden: Ipurbeltz hemen, Comics, Rambla... Horrek hilero etekin ekonomiko bat ematen zien ohikoak ziren egileei. Bazegoen industria bat, baina desagertu egin zen.

Bizi al daiteke komikigintzatik?

Ezinezkoa da ia eremu txikia delako; oso gutxiren pribilegioa da. Euskal Herrian, egun, ia inor ez da bizi komikiak egitetik. Ez da aukeratu daitekeen lanbidea; lanbideak aukeratzen zaitu zu. Zergatik? Jendeari zuk egiten duzuna gustatzen zaiolako, edo zortea izan duzulako. Ni neu ere ez naiz bizi komikigintzatik bakarrik, aldizkariko koordinatzaile izatetik baizik. Denetatik egiten dugu, azkenean; ilustrazioa, animazioa, diseinua... eta saiatzen gara gero eta gehiago hurbiltzen komikigintzarantz.

Bizitza prekarioa daramazuela diozu.

Badaukat bitxikeria bat horren inguruan. Luis Garcia 80ko hamarkadako komikigile kataluniar bat da, oso ezaguna. Rambla aldizkariko zuzendaria izan zen, eta nire idoloetako bat zen. Behin, Avilesko (Asturias, Espainia) komiki azokan ikusi nuen, eta esan nion bera zela ni komikigile izatearen eragilea. «Barkatuko didazu, ni naiz zuk gosea pasatzearen erruduna», bota zidan. Literaturan diru gutxi dago, baina behintzat glamour pitin bat badago; joan zaitezke Sautrela-ra [barrez]. Kontsumo txikiko bizitza aukeratzea da gure irtenbide bakarra.

Nolako publikoa du komikiak?

Komikiak kontsumitzeko ohiturak aldatu egin dira: garai batean, aldizkariak erosten ziren; eta gaur egun, amaitutako istorioak nahiago izaten dira. Hemen oso lotuta egon da komikizaletasuna gaztaroarekin. Espainiatik datorkigun ondarea da hori. Frantziara joaten bazara, komiki kontsumitzaileak adin guztietakoak dira. Pixkanaka aldatzen ari da, hala ere, aurreiritzi hori. Irakurleak gero eta askotarikoagoak dira. Xabiroiko bildumak erosten dituzten gehienak emakume helduak izaten dira.

Zein genero lantzen dira gehien euskaraz?

Lehen, aldizkari bakoitzak ildo jakin bat zuen; baina, egun, norbanako egileak daudenez, gaiak erabat askotarikoak dira. Memoria historikoa lantzeko ere asko erabiltzen da komikigintza. Gai horren inguruko proiektu bat daukat orain, esku artean, El Salvadorren historian oinarrituta.

Ikastoletan banatzen duzue 'Xabiroi', doan. Gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko eta kaleko erregistroa bultzatzeko balio al du?

Bai. Komikiaren hizkuntza oso zuzena da, eta, elkarrizketetan oinarritzen denez, ikusi genuen bide egokia zela kaleko euskara jasotzeko eta Xabiroi proposamen berriak egiteko. Gero praktikan zer lortzen den jakitea oso zaila da, ordea.

Marrazkilari eta gidoilariz osatuta, bikoteka lan egiten duzue. Zer moduzko esperientzia da?

Komikigintzari egin diogun ekarpenik handiena izan da, ziurrenik, bikoteka lan egitearena. Talde lana berreskuratzeaz gain, komikiaren mundura erakarri ditugu gure artean zeuden buru sortzaile batzuk. Gauza asko zituzten kontatzeko, eta guk ez genuen prestigioa eman digute hala. Gure aldizkariko gidoiak egin dituzte Harkaitz Cano, Eider Rodriguez, Arantxa Iturbe, Pako Aristi, Iban Zaldua, Irati Jimenez eta beste hainbatek. Komikian aritu gabeak ziren, eta oso gustura ibili dira. Frantzian, esaterako, komikietako gidoilari izateak tradizio handia dauka, baina hemen ez zaio inori burutik pasatzen.

Lau hilabetetik behin aldizkaria eta urtero bilduma bat kaleratzen duzue.

Bai, hala da. Irati eta Azken garaipenak komikiek izan dute zabalpen handiena. Azken garaipenak Iban Zalduak idatzi zuen, eta Euskadi Saria eman zioten. Aldizkariaren 6.000 ale banatzen ditugu; Euskal Herrirako zifra handia da. Ikastoletatik kanpo, berriz, bana-banako harpidetza sistema martxan jartzeko asmoa daukagu urte amaierarako.

Euskal komikigintzaren merkatua nolakoa da?

Guk badugu irakurle fidel bat, badago komiki gosea. Euskaraz, oso ongi joanez gero, 1.500 ale saltzen dituzu. Errentagarri izateko bide bakarra dago: egiten duzuna hainbat hizkuntzatara itzuli eta beste herrialdetan saltzea, edo atzerriko argitaletxeentzat lan egitea. Oso zaila da, hala ere. Frantziar estiloko 56 orriko album estandar bat sortzeko, bederatzi hilabete ematen dizkizute. Errentagarri izateko 5.000- 6.000 ale saldu behar dira. Euskal Herrian, beraz, ezinezkoa da.

Diru laguntza gehiagoren beharra aipatu duzu ikastaroan.

Administrazioak hasieratik lagundu digu guri, eta ezin gara kexatu. Baina, zoritxarrez, ez daukagu konpetentziarik eta komikigintzarako ia diru laguntza gehienak guri iristen zaizkigu. Euskal zineman egiten diren gisako egitasmoak falta dira gure sektorean. Kimuak, esaterako, non zinemagile harrobi bat sortzen den. Horrelako zerbait egitea ongi egongo litzateke, eta merkea izango litzateke. Animazio film baten aurrekontuarekin —milioi bat eurorekin— euskal komikigintza errotzeko egitasmo bat sor daiteke.

Komikigintzaren eta zinemaren artekoa jauzia oso naturala da.

Harkaitz Canok elkarrizketa batean esan zuen, duela gutxi, komiki onik egiten ez duen herriak ez duela inoiz zinema onik ekoitziko. Hemen ditugun zinemagile asko komikitik etorri dira; Alex de la Iglesia, esaterako. Badago harreman bat bi adierazpenen artean. Baina zinemaren aldean, genero txiki gisa ikusi izan da komikigintza beti, serioa izango ez balitz bezala, eta pena da. Eskulangileen gertutasun eta merketasun hori dauka komikiak.

Zer egin daiteke egoera hobetzeko?

Nik publikatzeko aukera aldarrikatzen dut; ez bada maiztasun jakin batekin komikia argitaratzen, alferrik gabiltza. Publikatzeko euskarriak behar ditugu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna