Itxaro Borda. Idazlea

«Euskal munduak euskaraz guti irakurtzen du»

Euskarari frantsesa jarri dio ondoan Bordak Amaia Ezpeldoiren azken abenturan; 'Ultimes déchets' nobelak euskaraz ez dakienari bertan kontatua dena ulertzeko aukera ematea du xede.

N.A. LETE.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2015eko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Ultimes déchets liburuak (Maiatz), gaiaz bainoago, horren kontatzeko formaz hitz egiteko parada ekartzen du. Izenburua bakarrik frantsesez eman dio Itxaro Bordak (Oragarre, Baxenabarre, 1959); nobelaren barnean, ezkerreko orrietan du frantsesa, eta eskuinekoetan euskara. Berak du egina itzulpena.

Aldi honetan, Hazparneko Hazketa hondakindegiko kontu batekin hasiko du inkesta Amaia Ezpeldoik.

Ideia hasi da Hazketa 2010 elkarteko kide batek akuilaturik. Gero etorri da eztabaidaren mamitzera Oragarren egitekoa zen zikindegi handia ere. Hazketa itxi behar zuten horren truke. Oragarreko jende batzuek galdegin zidaten gai horren inguruan zerbait egitea. Errazena enetako Amaia Ezpeldoi aktibatzea zela pentsatu nuen, detektibearen bidez arazo horren alde guziak ikusten ahal baitira. Sarrikotapeko jendeak ere beharbada estimatuko du bere borroka hain bakartia liburu batean ikustea.

Bi hizkuntzak liburu berean jarri dituzu. Zergatik hautu hori?

Izan zen eztabaida bat ea bi liburu egiten genituen ala bat. Ni beti bakarraren alde naiz: bi hizkuntzak liburu berean, jendeak liburua erosten duelarik ukan dezan libertatea hizkuntza bat edo bestea irakurtzeko edo, nahi badu, biak.

Zure olerki bilduma elebidun bat atera zuen Paxkal Indok ZTKn; hau aitortu zuen ondotik: «Euskaraz alfabetatuak izan ez garenak euskarazko hostoak laster batean itzuli eta frantsesezkoetan gelditzen gara». Zer diozu horretaz?

Nik uste dut hizkuntzak jadanik gure baitan direla. Gure eguneroko bizitzan jadanik hala dela. Geure burua behartzen dugu egunerokoan ere euskaraz egitera, orokorki, ikusten dugularik gure inguruko sozietatea. Eta bai, libertatea dugu mintzaira batetik bestera joateko. Euskaraz baizik ez bagina ari, gure mundua biziki hetsia liteke.

Elebiduna izatea, beraz, libertatetzat daukazu, eta elebakarra hertsiduratzat?

Elebakarra balitz, ez liteke beharbada hor aipatzen diren elkarte eta jendeengana helduko.

Ez diozu lehen xantza euskarari eman nahi?

Badu. Elebidunetan ere bai. Jendea ez da zozoa. Ezin duenak ezin du, eta frantsesez irakurtzen du. Baina beste guziek, nahi badute irakurri euskaraz, eginen dute. Aukera badute. Bi bertsioak hor dira.

Egoera diglosiko honetan ez ote da beti berak irabazteko arriskurik?

Ez da segur.

Biziki baikorra zara...

Ez, ez. Irakurleari utzi behar zaio iniziatiba.

Izenburua bakarrik frantsesez eman duzu. Hori ere iniziatiba bat da, ez? Zergatik hautu hori?

Egia da badela diglosia, badela galtzea, badela hori eta hura, baina idazle naizelarik bi hizkuntzak parekoak dira. Euskara ez da frantsesa baino apalago; frantsesa ez da euskara baino apalago.

Zer lotura du horrek izenburua soilik frantsesez jartzearekin?

Ultimes déchets ederra delakoan.

Euskaraz nola emanen zenuke?

Azken hondarrak, edo hondarren hondarrak, hitz jokoa eginez.

Ez zaizulako eder ez duzu eman?

Nahiago dut Ultimes déchets. Poetikoagoa da enetzat.

Elebiduntasun hautu hori gero eta gehiagok egiten dute. Horren ulertzeko beste pistarik?

Izan daiteke beste arrazoi bat ere. Euskal munduak euskaraz guti irakurtzen duela. Orduan, nahi bada argitaletxe bat edo aldizkari bat biziarazi, obra bat bere 50 erosleetarik harago zabaldu, beharbada gure kasuan behartuak gara horren egitera.

Indok aitortu zuen zure liburua ez zuela gehiago saldu. Iduriz, ez zen iritsi frantses merkatura.

Ez da merkatu frantsesera iristen: gure arteko frantses hiztunetara da iristen. Liburu hau ez da Parisen salduko, banatuko. Parisen hartuko dute eta irri eginen diote liburu horri, bistan dena.

Hemen ez ote dute irri eginen?

Irri egin bezate, baina desberdina da. Irri egiten badute, izanen da beren buruari irri eginen diotela, nonbait ez dutela onartzen euskal kultura sortzen duten batzuek hizkuntza hori berena ere errebindikatzea. Baina, bestaldetik, euskal jendea, euskaradun jendea, gure erosle potentziala ez da interesatua idazten dugunari buruz. Orduan zer egin behar da?

Frantsesez ere ez dute baitezpada irakurriko, ez?

Ez da jende bera. Bada jende klase bat interesatua izaten ahal dena.

Idazle gisa, zein izan duzu prozesua? Lehenik euskaraz?

Bai. Euskaraz egin dut. Euskarazkoa zuzendu eta gainerateko guzia egin, eta beste hiru hilabete eman ditut frantsesezkoaren egiten. Frantsesezkoa moldatzean garapen batzuk sortu zaizkit, eta horiek berriz landu ditut euskarazko bertsioan. Bi hizkuntzen artean elkar aberaste joko sinboliko bat izan da.

Hastapen horietan, ukan ote duzu euskarazko bertsioa errazteko tentaziorik, itzulpena errazteko asmoz edo?

Ez batere. Itzuli dudalarik, harrapatua izan naiz nihaur. Forma konplikatuak badira euskaraz. Batzuetan, forma trinkoak-eta buruhausteak ematen ditu.

Zergatik ez diozu beste norbaiti eskatu?

Jendea aspertzen da nire testuak itzultzen. Konplikatuegia da. [irriak]. Nahiago dut nihaurek egin.

Euskal bertsioak zer kontatzen duen ulertzeko itzulpen baten gisan ikusten duzu frantses testua, ala zinezko obra bat osatzen ari zara?

Azkenean hori da.

Zinezko hori nola egiten duzu? Adibidez, une batez Resiste! kantuaren hitzak idazten dituzu frantsesezko bertsioan. Frantses erreferentzia bat, begi keinu bat? Irri egiteko?

Irri egiteko, kantu eder bat baita, eta Michel Bergerren omenez. Kultura hori enea dela aldarrikatzen dut. Ni hortik heldu naiz. Ez naiz ikastolaren mundutik heldu. Ene hezkuntza guzia eskola frantsesekoa da.

Etxean euskaraz ari zineten, ez?

Bai, bai, bistan dena. Baina ez genuen kulturarik. Hizkuntza genuen.

Beraz, kultura bazenuten, bizia...

Ados.

Bizia kultura da, ez?

Ados. Baina hortik da egiten liburu bat edo literatura? Behar da besterik.

Hortik ere bai?

Bistan dena.

Bertsolaria zara, eta hori ez duzu eskola frantsesetik atera, ez?

Ez, baina batzuetan bertsoak idazteko mamia, ereduak eta modeloak beste kultura batetik hartzen ditugu. Nik uste dut euskaratik baizik ez bagenu egiten, batzuek frantsesetik baizik egiten duten bezala... horiek ere zepo batean aurkitzen dira biziki fite... Hortik baizik egiten ez bagenu, ez liteke deus ere.

Noizbait ez duzu gehiago euskaraz idatziko?

Bistan dena ezetz. Ez da izan behar katastrofista. Gauza asko elebidun egiten dira Euskal Herrian. Seaskako agiriak, ETAren agiriak... Elebidun egin dira, eta nehork ez du kritikatu. Denek hartu dugu ogi benedikatua balitz bezala. Eta idazle zenbait hasten direlarik, berriz... Nik bada 15 urte egiten ditudala edizio elebidunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.