Habanan jardungo du Sarrionandiak, euskal irakurle lanetan unibertsitatean

Euskara eta Euskal Kultura irakurletza jarri dute martxan Etxeparek eta Habanako Unibertsitateak, eta idazlea da arduraduna. 1985etik lehen aldiz, modu publikoan ariko da
Sarrionandia, 1985ean, kartzelako bisita batean. Iturralde, Atxaga eta Antza joan zitzaizkion orduan bisitan.
Sarrionandia, 1985ean, kartzelako bisita batean. Iturralde, Atxaga eta Antza joan zitzaizkion orduan bisitan. BERRIA

Ander Perez -

2016ko azaroak 3
Joseba Sarrionandia Habanan dago. 1985ean, San Fermin egunez, Imanol kantariaren bozgorailu batean ezkutatu eta Iñaki Pikabearekin batera Martuteneko espetxetik ihes egin zuenetik, zalantza eta espekulazio iturri izan da haren kokalekua. 31 urtean, erbestetik idatzi eta zabaldu ditu bere lanak, izenik gabeko ezlekuetatik, eta kartzelatik alde egin baino hilabete lehenagoko zuri-beltzeko argazki bat izan da haren irudi identifikagarri bakanetakoa. Modu bitxian iritsi da zalantzaren argitzea: Etxepare euskal institutuak atzo arratsaldean zabaldutako oharrean jakinarazi zuen Habanan Euskara eta Euskal Kultura irakurletza martxan jarriko duela, eta zehaztu irakaslea Joseba Sarrionandia izango dela. Azaldu zutenez, programa akademikoaren edukia zehaztu eta irakatsiko du idazleak Habanako Unibertsitatean, eta gainerako ekintzen arduraduna ere izango da. Izan liteke lehen urrats bat haren egoera normaltzeko bidean.

Sarrionandiak, beraz, esfera publikoan jardungo du 1985etik lehen aldiz. Aizpea Goenaga Etxepare institutuko zuzendariak BERRIAri ziurtatu dio idazleak presentzia fisikoa izango duela ikastaroan, eta haren hautatzearen nondik norakoak azaldu ditu. Haren hitzetan, «hautaketa prozesu normala» izan da Sarrionandiarena: institutuak eta Habanako Unibertsitateak iaz sinatu zuten lankidetza akordioa, eta irakurle posturako deialdia ireki zuten. Izena eman zuen bertan Sarrionandiak, «beste jende pila» batekin batera. Merituak eta profilak aztertu ostean, lehen hautaketa bat egin zuen unibertsitateak, eta, gero, azterketa batera deitu zuten euskal idazlea.

Goenagaren arabera, «oso prozesu zorrotza» izan da, «exijentzia maila oso handikoa». Baina ez du harritzen Sarrionandia hautatu izanak: «Kultur alorrean duen profilarekin eta duen ezagutzarekin, pertsona ideala zen». Gainera, idazleak proposatutako programa «oso polita eta aberatsa» dela uste du Goenagak. «Euskara eta euskal kultura alorrean, sekulako bultzada emango dio Habanako Unibertsitateari». Etxepare institutuko arduradunak, edonola, Kuban irakurletza zabaldu izana nabarmendu nahi izan du, Sarrionandiaren arduraz harago. Haren ustez, «Kuba gaur egun oso leku interesgarria da kultur alorrean posizionatzeko».

Azaroaren 22an abiatuko da Euskara eta Euskal Kultura irakurletza, Euskara hizkuntzaren historia ikastaroarekin. Neolitotik gaur egunera arteko epea aztertuz, euskararen historia lexiko-gramatikal eta sozialean sakonduko dute ikasleek. Gainera, beste hainbat ekintza ere aurreikusi dituzte ikastaroaren hasierarako: abenduaren 5ean Amama filma aurkeztuko du Asier Altunak, eta abenduaren 15ean, euskal literaturari buruzko saioa emango du Mari Jose Olaziregik.

Irakurletzak, gainera, baliabideak eskaini nahi dizkio Kubako euskal komunitateari eta euskal kulturaz ikertu nahi duen edonori. Besteak beste, Euskal Biblioteka egitasmoa aurreikusi dute, 2.000 liburuko bildumarekin abiatuko dena eta unibertsitatean egongo dena. Gainera, euskal zineforuma ere antolatuko dute, eta Euskal Herriaren eta Kubaren arteko harremanak aztertuko dituen aldizkaria jarriko dute martxan. Era berean, euskal liburu sail bat abiatzeko asmoa era aurreratu dute. Etxeparek jakinarazi duenez, gainera, Blas de Otero eta Jose Antonio de Agirreri buruzko mintegiak ere ari dira prestatzen, besteak beste.

Euskal literaturaren ikurra

Euskal letren izen nabarmenetako bat da Joseba Sarrionandiarena (Iurreta, Bizkaia, 1958). Euskal Filologia lizentziaduna da, eta Pott Banda literatur taldeko kide izan zen 1970eko hamarkadako azken txanpan, Bernardo Atxaga, Ruper Ordorika, Manu Ertzilla, Joxemari Iturralde eta Jon Juaristirekin batera. 1981ean argitaratu zuen bere lehen poesia liburua, Izuen gordelekuetan barrena, ordurako kartzelan zela —1980an atxilotu zuten, ETAko kide zelakoan—.

1985eko uztailaren 7an ihes egin zuen espetxetik, eta oraindik entzuten da ihesaldi horren oihartzunik Euskal Herriko tabernetan, Kortaturen doinura. Ordutik, erbestetik bidali eta zabaldu izan ditu bere literatur lanak, kritikak eta irakurleek txalotuak, oro har. Literaturaren hiru genero nagusietan, poesian, narratiban eta saiakeran jardun du batik bat, arrakastaz. Poesian, besteak beste, ezagunak dira Gartzelako poemak (1992) eta Hau da ene ondasun guztia (1999) lanak. Narratiban, Lagun izoztua (2001) eta Kolosala izango da (2003) nabarmendu daitezke, eta saiakeran, adibidez, Ez gara gure baitakoak (1989) eta Moroak gara behelaino artean? (2010). Azken lan horrekin saiakeraren Euskadi saria irabazi zuen 2011n, baina polemika sortu zen Eusko Jaurlaritzak diru saria atxiki ziolako legezko egoera argitu bitartean. Azkenean, Espainiako Auzitegi Nazionalak Sarrionandiak auzirik ez zuela ebatzi, eta saria eman zion Jaurlaritzak.

2014ko uztailean, Mondragon Unibertsitateko Huhezik Joseba Sarrionandiaren izena aipatu zuen Euskal Kulturgintzaren Transmisio tituluko hizlarien artean, eta idazlea Euskal Herrira etorriko zela ere zabaldu zen. Azkenean, ez zen hala izan, baina idatziz bidali zituen Sarrionandiak bi hitzaldietan landu beharreko gaiak. 2015eko abenduan, Lapur banden etika ala politika saiakeran argitaratu zituen testuak Pamiela argitaletxeak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna