Niko Mindegia. Pick Szeged taldeko jokalaria

«Oso barneratua dut atzerrian egin beharko dudala nire ibilbidea»

Orain urtebete bete zuen aspaldi buruan zuen ideia: atzerrian aritzea. Hungariara joan zen, eta han dabil, «oso gustura». Asobal ligaren egoera kaskarra ikusita, zail ikusten du epe laburrean etxera itzultzea.
BERRIA

Julen Etxeberria -

2014ko urriak 3
Niko Mindegiak (Doneztebe, Nafarroa, 1988) ia bizitza osoa darama baloi txikia eskuari atxikita. Herriko eskola (Mendaur), herriko taldea (Erreka), San Antonioren bigarren taldea (Loiola), San Antonio, Anaitasuna, San Antonio berriro, Logroño eta Szeged. Horra orain arte haren kirol ibilbidearen geltokiak. Gehiago ditu zain, eta ziur da etxetik urrun egin beharko dituela, «zoritxarrez». Bitartean, eskubaloiarekin «gozatzen» segitu nahi du. Horretan ari da orain Hungarian.

Urtebete daramazu jada Hungarian. Egokituta egongo zara honezkero.

Bai, gainera, uste baino errazago egokitu naiz. Lehen hilabetea izan zen apur bat erotzeko modukoa, bai, baina berehala egokitu nintzen bizimodu berrira.

Nola da zure egunerokoa?

Goizeko zortzietan jaikitzen naiz, gosaldu egiten dut, eta 09:30erako pabiloian nago. Lehenbizi, bideoak ikusten ditugu ordu erdiz, eta, gero, pistara joaten gara, bi orduz entrenatzera. Gero, bazkaldu egiten dugu, goiz, hamabietan, denok elkarrekin, kluba babesten duen ostatu batean. Bukatutakoan, siesta egiten dugu. Arratsaldeak, berriz, libre izaten ditugu. Nik hungariera ikasteko aprobetxatzen ditut. Goiz bazkaltzen dugunez, afaldu ere goiz egiten dut, zortzietan edo. Telebista ikusi, eta ohera. Horra nire egunerokoa.

Hungariera ikasi duzu?

Horretan nabil, baina arrunt zaila da. Euskarak bezala, hungarierak ez du antzik beste hizkuntzekin, eta hutsetik hasi beharra dago.

Kalera irten eta jendearekin hitz egiteko gai zara?

Bai. Taldekideei esaten diet lasai hitz egin dezatela hungarieraz, ni moldatuko naizela esaten dutena ulertzen. Eta, egia esan, nahiko ondo moldatzen naiz. Lotsagabea naiz gainera, eta hori garrantzitsua da hizkuntza bat ikastean.

Taldean, hala ere, gaztelania dakiten dozena erdi taldekide dituzu, Juan Carlos Pastorrengandik hasita [Valladolideko entrenatzaile eta Espainiako selekzioko hautatzaile izandakoa].

Bai, eta horrek dena errazten du. Jokalarien artean gehien entzuten den hizkuntza da gaztelania.

Nolako taldea da Pick Szeged?

Klub erabat profesionala, eta, garrantzitsuena dena, diruz osasuntsua da. Alde horretatik, Logroñok edo Anaitasunak ez diote inbidiarik. Baina, tira, Asobal ligan talde arrunt gutxi daude Logroño edo Anaitasunaren parekoak. Ezin da diruz pagatu zein ondo tratatzen dituzten jokalariak.

Zein estilo du taldeak?

Pastor iritsi denetik asko aldatu da taldearen jokatzeko era. Lehen bihotzarekin jokatzen zuen, ez buruarekin. Pastorrek, ordea, Espainiako eskubaloiaren berezitasunak ezarri ditu. Taktikari garrantzi handia ematen dio; edozein detaile hartzen du aintzat, eta dena behin eta berriro aztertu. Nik banuen haren estiloaren berri, eta, hala ere, harritu egin ninduen. Pentsa, beraz, etxeko jokalariak... Baina, tira, ari dira egokitzen.

Zer eskatzen dizu Pastorrek?

Haren ustez, erdikoak izan behar du erasoko liderra. Taldekideei agintzeko eta errieta egiteko eskatzen dit, baina ni ez naiz horrelakoa: solastatzea gustatzen zait, gauzak ondo esan eta iritzi guztiak kontuan hartzea.

Igarri duzu hobekuntzarik Hungarian zaudenetik?

Bai, Europan sarri jokatzeak eskarmentua ematen du, eta hori partidak kudeatzean sumatzen da.

Non duzu hobetu beharra?

Erasoan batez ere. Txikia naiz, eta ez dut beste jokalariek duten indarra.

Zein maila du Hungariako ligak?

Zaila egiten zait alderatzea Asobalekin, eskubaloia oso ezberdina baita. Baina, oro har, liga apalagoa da, zer esanik ez Alemaniakoarekin alderatuta.

Hungarian Veszprem da nagusi: urteak daramatza dena irabazten.

Hala da: oso zaila da Veszpremi irabaztea. Gu koska bat beherago gaude. Aurreko sasoian lortu genuen gure pistan hari irabaztea, eta sasoi honetan ere hori da asmoa, ezustekoren bat ematea.

Aspaldiko partez, Pick Szegedek titulu bat irabazi zuen aurreko denboraldian: EHF kopa. Zure lehen titulua ere bada.

Bai, eta ilusio handia egin zidan. Ezustekoa izan zen; ez genuen espero.

Sasoi honetan Txapeldunen Ligan ari zarete. Zer moduz esperientzia?

Polita. Lehen lehia irabazi dugu, baina badakigu arrunt zaila izango dela bide luzea egitea. Maila arrunt ona da, baina saiatuko gara ahal dugun lan onena egiten.

Hungarian jokatzea zer da, zuk hartutako erabakia edo Asobal ligaren egoera eskasak behartutakoa?

Bietatik du. Batetik, aspaldi nuen beste liga batera joateko ideia, eta San Antonion izan genituen arazoek hori egiteko azken bultzada eman zidaten. Zirt edo zart egin behar nuela erabaki nuen. Horregatik, orain bi urte, Logroñorekin sinatu nuenean, jada esan nien banuela asmoa beste liga batean jokatzeko. Haiek onartu egin zuten nire eskaera, eta urtebeterako sinatu genuen.

Zergatik Hungaria?

Alemanian edo Frantzian jokatu nahi nuen, liga indartsuenak direlako. Baina aukera hau irten zen, eta ona iruditu zitzaidan. Pastor zegoen, jende askok ondo hitz egin zidaten taldeaz... Horrela bukatu nuen Hungarian.

Julen Aginagalde Polonian ari da, Iker Romero Alemanian, Iosu Goñi Frantzian, zu Hungarian...

Eliteko kirolak zerikusi handia du diruarekin, eta dirurik gabe maila jaitsi egiten da. Hori gertatu zaio Asobal ligari, maila galdu duela.

Konponbiderik badago?

Ez dakit, baina kostako da lehengo mailara iristea. Gauza askotan egin bezala, eskubaloian ere dirutza xahutu zen, eta orain pentsatzen dugu zer egin genuen orduan. Halakoa da mundu hau.

Baduzu itxaropenik Euskal Herrira jokatzera itzultzeko?

Bai. Noiz? Auskalo, baina gaur-gaurkoz, egoera nola dagoen ikusita, oso zail ikusten dut. Oso barneratua dut atzerrian egin beharko dudala nire kirol ibilbidea.

Nola gogoratzen dituzu Iruñean egindako urteak?

Oso oroitzapen onak ditut. Bihotzean ditut bai San Antonio, bai Anaitasuna. Logroñon ere izugarri gustura egon nintzen.

Zer geratzen da 16 urterekin San Antoniorekin debuta egin zuen jokalari hartatik?

Niretzat oso garrantzitsuak dira sentsazioak, eta, orduan bezala, orain ere berehala nabari zait noiz ari naizen gozatzen. Eta orain gozatzen ari naiz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna