Kongoko Errepublika Demokratikoa. Christopher Ngoyi. Giza eskubideen aldeko ekintzailea

«Kongoko historia ezagutzeko, kartzelan egon behar izan duzu»

Kongoko etorkizuna gizarte zibilaren esku dagoela uste du Ngoyik, eta gobernua horregatik ari dela ekintzaileen kontra: «Gizartea antolatzen saiatzen direnak, kartzelan sartzen dituzte, arratoiak balira bezala».

OSKAR EPELDE.
Oskar Epelde Juldain.
Kinshasa
2017ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Hemeretzi hilabetez atxilo egon ostean, iazko irailean atera zuten espetxetik Christopher Ngoyi (Kinshasa, 1960). Makalako espetxean bakartuta emandako hilabeteak ez ditu inoiz ahaztuko; inork ez zekien non zegoen, harik eta nazioarteko gobernuz kanpoko erakundeek sustatutako kanpainari esker askatu zuten arte. Epaitu ere ez zuten egin. Giza eskubideen ekintzailearen ustez, aro politiko berri baten esperoan da herrialdea aspalditik, eta horregatik atera zen kalera 2015. urteko urtarrilean, agintariek berriro ere hauteskundeak geroratzeko asmoa agertu zutenean.

Kinshasan hiru egunez izandako istiluen erantzukizuna leporatu zioten, eta urtarrilaren 21ean atzeman zuten. Egun horietan, 36 lagun hil ziren hiriburuko kaleetan, eta 400 lagunetik gora atxilotu zituzten. Ehun bat lagun azkar batean askatu zituzten, baina beste batzuk hilabetetan egon ziren preso, tartean Ngoyi. Nazio Batuen Erakundeak berak salatu zuen atxiloketa arbitrarioak izan zirela, eta tartean 24 preso politiko ere bazeudela. Ngoyi Sauvons le Congo plataformako arduraduna zen, eta, erietxez erietxe ibili zen zaurituak eta hildakoak zenbatu nahian, egia krudela agerian uzteko.

Bazirudien trantsizio urtea izango zela aurtengoa, baina, antza, hauteskundeak atzeratu egingo dira berriz. Nola dago egoera?

Demokrazia ez da garatu behar zen moduan, eta orain ikusteko dago zer gertatuko den. 2006ko eta 2011ko hauteskundeak ez ziren libreak eta garbiak izan, eta ordutik etengabe atzeratuz joan dira, gaur egun arte. Haserrea sortu da frustrazioaren metaketarekin. Erakundeetan sartu direnek ez diete herriaren beharrei erantzuten. Herriak adierazteko beharra sentitzen du, eta konstituzioak bermatzen dizkion eskubideei heltzen die, baina ukatu egiten zaizkie. Gazteek manifestazioak egin nahi dituzte euren etorkizuna ezin ilunagoa delako. Politikari koherenteak, gizartea antolatzen saiatzen direnak, kartzelan sartzen dituzte arratoiak balira bezala.

Zu zeu kartzelan izan zara.

Bai. Kongoko historia ezagutzeko, kartzelan egon behar izan duzu. Historia latza daukagu, botereari kosta ahala kosta eutsi nahi dion presidente batekin, giza eskubideen urraketa etengabearekin, pobrezia handiarekin... Horrek guztiak frustrazioa eragiten du gizartean. 2013. urteaz geroztik nolabaiteko adostasuna izan da, baina alde batek benetako bakegintzarako baldintzarik ez zegoela esan zuen. Eta 2015etik errepresio itsua berriz, sumina! Dena den, borondatea irmoa daukagu, eta benetan engaiatuta bazaude, ez interes pertsonalagatik, baizik eta ororen kausa batengatik, aparatu judizial eta azpijokoguztiak baino indartsuagoa zara aurrera egin eta justizia eskatzeko.

Gizarte zibileko ordezkaria zara. Antolatuta al dago herria?

Testuinguru horretan osatu zen rassemblement edo batzarra.Herriak ardurak bere gain hartu beharko lituxke. Herriak behatza zaurian sartu behar du, guk horrela esan izan dugu; hori egiten ez den bitartean, minbiziak jangogaitu-eta aurrerantzean ere. Ezin ginen jarri atxiloketa horien ardura dutenen aurrean zera esan gabe: «Entzun, arazo larri bat daukagu, ez gaude lasai; Kongon gertatzen dena oso larria da». Politikariak gorbataz janzten dira, eta begirunezko tratamendua eskatzen dute, baina ezkutuan egiten dituzten gauzak ez dira onargarriak. Hori dena aurpegira bota beharra genien, horrelako gauzak ezin direla berriz gertatu; txosten judizial bat asmatu mugimendu baten ordezkaria harrapatu nahi dutenean. Oinarririk gabeko txostenak asmatzen dituzte.

Jazarpena, bada, gogorra da.

Alde onari begiratuz gero, konturatu gara lider esanguratsuak ere badaudela. Lider horiek aska ditzatela eskatu dugu, eta askatuko dituzte, euren txostenak hutsik daudelako. Egoera iraultzeko aukera dute, baina gehiegizko arriskua jasaten dute, batzuek kartzelan, besteek erbestean, eta, itzultzen badira, zigor astunak jasotzen dituzte, herriari ardura bere gain hartzen lagundu diezaioketen eragileak erauztea baita gobernuaren helburua.

Zurekin batera beste batzuk ere askatu zituzten, ezta?

Bakan batzuk bai, baina ez da nahikoa. Preso nabarmenak daude: Muyambo, Monidela, Mulongo, Ndongala... Hamaika gezur asmatu zituzten haien aurka. Frank Diongorena izan da azkenetakoa. Hura atxilotu bezperan mezu bat bidali zidaten harrapatu behar zutela iragarriz, eta halaxe esan nion berari. Biharamunean,bere etxean setiatuta zegoela jakin nuen sare sozialen bitartez. Nabaria da, nire ustez, lider horien kontrako txostenak azpijokohutsak direla. Zuzenbide estatu bat eratu nahi badugu, atzerritarrek ez dute eratuko, guk eratubeharra daukagu.

Abenduan akordioa egin ostean, orain, egoera kritikoa da berriz. Hauteskundeak egiteko dirurik ez dagoela esan dute gobernuko iturriek?

Arazo bat da. Aurtengo aurrekontua iazkoarekin eta aurrekoekin alderatuta, gutxitu egin da, baina, hala ere, hauteskunde urtea izan behar du aurtengoak. Guk uste dugu gizarteko arazo askori konponbidea eman behar zaiela, eta,aurrekontua murriztu bada, nazioartearen laguntza beharko dugu hauteskundeak adostutako epearen barruan egin ahal izateko.

Negoziazioek aurrera egiteko itxaropena al duzu?

Akordioa zaintzen jarraitu beharra dugu, oraindik ezer ez dago-eta argi. Kokatze borroka bat besterik ez da eztabaida. Ez ditugu aintzat hartzen arazo handiak. Gobernuaren osaketak hauteskundeak antolatzeko estrategia baten emaitza izan behar luke, hauteskundeen biharamunari begirakoa. Kontuan eduki behar da herritarrak ikaragarri sufritzen ari direla, eta pazientzia eskatzen diegu, hauteskundeak egin ahal izan arte, buru berriak erakundeetara sar daitezen herritarren eguneroko bizitza aldatzeko kezka horrekin. Xehetasun batzuk eman dituzte. 46 ministro eta ministrorde, eta akordioen jarraipenerako kontseilu nazionala, 28 kidekoa. Zenbakietan ados jarri dira, baina arazoak daude oraindik.

Ustelkeria politikoa eta ekonomikoa amaituko duten buruzagiak aldarrikatu dituzue. Zure ustez, 2017ko hautetsiak ezberdinak izango al dira?

Hauteskundeak libreak eta gardenak badira itxaropena dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.