Erik Jaka. Aspeko aurrelaria

«Bizitzen ari naizena opari bat da»

Lau eta erdian lehen partida galdu eta binakakoan parte hartu ez arren, ilusioari eusten saiatu da Jaka. Gozatzen ari da orain. Buruz buruko final-zortzirenetakoa jokatuko du etzi, Ezkurdiaren aurka, Altsasun.

«Bizitzen ari naizena opari bat da».
jon eskudero
2018ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Manomanista purutzat inor gutxik daukan arren, Aitor Mendizabali eta Unai Lasori irabazi, eta final-zortzirenetan sartu da Erik Jaka (Lizartza, Gipuzkoa, 1994). Distira lagun, denbora darama enpresari ate joka, baina ez zaio merezi bezalako aukerarik iritsi oraindik. Halere, lanean gogor jarraitzen du, eta buruz burukoan beste ezuste bat ematea du xede, etzi, Altsasun, Joseba Ezkurdiaren kontra.

Gutxik esperoko zuten lana egiten ari zara buruz burukoan, eta hamabi onenetan zaude jada. Espero al zenuen halakorik?

Ez nuen ezer baztertzen, baina egia da oso pozik nagoela. Badakit ez naizela txapelaren lehian ibiliko den pilotari bat, kolpe handikoa ez naizelako, baina nire armak ondo baliatzen ari naiz. Ustez, buruz burukoa da niretzat modalitaterik zailena, baina begiratu Oinatz Bengoetxea. Hura ere kolpez ez da hain bortitza, baina berea ematen du beti, oso lehiakorra da, eta horregatik dauzka bi txapel irabaziak. Gaur egun, errematean dakienak errazago jokatzen du buruz buru, baina horrekin ez da aski. Lehenbizi, tantoa mendean hartu behar da.

Orain arteko bi partidetan biak egin dituzu ondo: pilota jo eta errematatu.

Mendizabal III.aren aurka oso eroso sentitu nintzen. Banekien kolpez ez zela ni baino gehiago, eta nire estrategia zen aurkaria frontisetik urrun edukitzea. Iruñean, berriz, Laso nuen aurrean, eta jokatzeko era aldatu beharra neukan. Hura kolpez gehiago izaki, jokoari erritmoa ematen saiatu eta pozik geratu nintzen. Boleaz ere asmatu nuen, ezker-eskuin. Partida arraroa izan zen, baina hotzean hausnartuta ikusi nuen gauzak nahiko ondo egin nituela. Iruditu zitzaidan jendearen iritzia zela Lasok galdu zuela partida, eta niri meritua kendu zitzaidala. Ez dira atseginak halako komentarioak. Halere, iritzietatik urrun bizitzen ikasi beharra daukagu.

Laso bera, Victor Esteban eta Axier Arteaga oso minduta agertu dira kanporatuta geratuta. Zuretzat ere atzerapausoa izango al zen kanporatzea?

Ezta gutxiago ere. Inork ez nau manomanistan espezialistatzat jotzen, eta presiorik gabe ari naiz. Oso ondo dakit zein den nire lekua enpresan, eta eman didaten aukera baliatzea da nire helburua. Atariko partida bat jokatzea proposatu zidaten, eta, hura ez ezik, beste partida bat ere irabazi, eta final-zortzirenetan nago. Bizitzen ari naizena opari bat da.

Enpresan duzun lekua aipatu duzu. Zeure burua aldarrikatzen ari zara txapelketa honetan?

Lau eta erdian kolpe handia jaso nuen, Victorren aurka galduta. Lehen Mailan estreinakoz ari behar nuen, eta egurra jasota burumakur geratu nintzen. BinakakoTxapelketa iritsi zen gero, eta banuen itxaropena eta ilusioa titular gisa jokatzeko. Ez nintzen beste batzuk baino gutxiago sentitzen, eta banekien enpresaren kinielatan agertzen nintzela. Kanpoan utzi ninduten, eta ez dut aukerarik izan ordezko gisa partida bakar bat jokatzeko ere. Iaz bai, baina aurten ez. Aukeraren zain egon naiz, eta ez zait iritsi.

Halere, maila gutxiagoko partidetan distira erakusten jarraitu duzu.

Binakako Txapelketaren atarian, oso maila onean nengoen; Artolari eta Irribarriari pare bat partida irabazi nizkien. Ez ninduten hautatu binakakoa jokatzeko, baina distira horri eutsi nion aste batzuez. Gero, behera egin nuen. Normala da, hein batean. Txapelketa batean tentsioa izugarria da, baina astero maila apalagoko partidak jokatu beharrak nekatu egiten du, ezer jokoan ez dagoela, gainera. Pasatu nuen apalaldi bat, baina lanean jarraitu dut gogor, pribilegiatuak baikara pilotatik bizi garelako. Orain, indartsu nago.

Dena beharko duzu Joseba Ezkurdiari aurre egiteko.

Oso partida zaila izango dut, Ezkurdia beti baita txapelerako hautagaietako bat. Gainera, orain konfiantzaz egongo da. Halere, nik ez badut sinesten nigan, nork sinetsiko du. Faborito garbia izango da Ezkurdia, baina nire armak baliatzen saiatuko naiz. Pilota ezker horma inguruan ibiltzea gakoa izango da haren bolea saihesteko.

Eta aurrera begira, zer eskatzen duzu?

Oso polita izango litzateke udako torneoren bat jokatzea, baina ez naiz itsutuko horrekin. Aukera gutxi dauzkagun pilotarioi gertatzen zaigu aukera bat iristean presio handiarekin jokatzen dugula, gure kalterako. Horregatik, nirean jarraituko dut, eta, aukera iristen bazait, baliatzen saiatuko naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.