«Erantzun berri bat ematen hasteko abiapuntua marxismoa da oraindik»

Joseba Gabilondok 'Globalizazioak eta Erdi Aro berria' saiakera liburua argitaratu du. 15-20 urteko eperako «zeruertz ideologiko berri bat» zehazteko beharraz ohartarazten du lan berri horretan

Gorka Erostarbe Leunda.
Donostia
2016ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Globalizazioa amaitu da eta ez da amaitu. Hala uste du Joseba Gabilondok (Urretxu, Gipuzkoa, 1963), eta modu honetara esplikatzen du. «Garbi dago globalizazioa sartu izan digutela ezinbesteko, eta, gainera, guztioi onura ekarriko ligukeen prozesu bat bezala. 90eko hamarkadan gehiengoa oso ondo bizi ginen eta pentsatzen genuen gauzak oso ondo zihoazela, denok izango ginela aberatsak-edo. Ideologia hori 2008an desagertu zen». Desagertu zen krisiaren eztandarekin edo azaleratze erabatekoarekin. Baina ondotik geratu den «kaos egoera» ere globalizazio modura izenda liteke Gabilondoren iritzian. «Globalizazioa izaten jarraitzen du, baina ez globalizazioan sinesten dugulako, baizik eta ekarri duen egoera delako denak elkarlotuta egotea». Globalizazioak eta Erdi Aro berria saiakera liburua plazaratu du Gabilondok Erein argitaletxearen eskutik. Iazko Miguel de Unamuno saria eskuratu zuen lanak, eta Bilboko Udalaren laguntza ere izan du horrenbestez.

Globalizazio kaotiko horretan sarturik, aro baten hasieran gaude, Michigango Estatuko Unibertsitateko (AEB) irakaslearen hitzetan. «Oso momentu berezian bizi gara. Postmodernitateak esaten zuen ez zegoela jada diskurtso nagusirik, eta ez genekiela non geunden; gaur egun badakigu zer dagoen. Zeruertz politiko eta kultural gabezia baten aurrean gaude, eta iristen ari denak Erdi Aroaren itxura dauka gero eta gehiago». Erdi Aro berri horrek zein molde hartuko duen pentsatu eta erabaki beharreko kontua da, Gabilondok atzo Donostian egindako aurkezpenean azaldu zuenez. Izan ere, Erdi Aroa izan liteke «heterogeneotasun eta aniztasunaren» modukoa, edo izan liteke «feudalismo aristokratiko» baten moldekoa. «Erdi Aroa oso garai luzea izan zen, eta bi momentu izan zituen. Lehen une batean, Erromako Inperioa erori ostean, sekulako kaosa zegoen; barbaroak zeuden, eta une horretan inoiz baino dibertsitate eta heterogeneotasun handiagoa zegoen munduan. Baina azken hiru mendeetan, Erdi Aroa feudala bihurtu zen. Horko aristokrazia oraingoaren oso antzekoa zen. Egungo aristokrazia ez da odolezkoa, baina bihurtzen ari da. Gaur egungo aberatsen portzentaje handienak ez du diru hori berak egin, baizik eta familiatik jaso du. Badaukagu odolean erdi oinarrituriko aristokrazia berri bat».

Epe laburrerako errezetak ez ditu liburuan azaldu Gabilondok, baina «hemendik 15-20 urtera begira zeruertz ideologiko bat pentsatu eta garatu» beharko dela dio. «Geroa ezin dugu era bateratu batean pentsatu Hegelengandik Fukuyamarangana egin den bezala», idazleak dioenez, «ez baitago unibertsaltasunik geroan». Ondorioz, letra larriz idatzitako iraultzaren kontzeptua edota politika bakarraren ideia (Nazio Batuak, Gobernu globala...) «abandonatu» egin beharko lirateke, «eta aristokrazia feudalaren eta heterogeneotasun barbaroen arteko talkan sortuko den historia eta politika pentsatu». Letra larrietako iraultza alde batera uzteak, ordea, ez du esan nahi ikusmira marxistak jada balio ez duenik, Gabilondoren hitzetan: «Denok marxistak izan behar dugu; ez dago beste irteerarik. Marxista ez den intelektual bat ez da intelektual bat gaur egun. Zergatik? Gaur egungo ekonomia eta gizarteak ulertzeko tresneriarik garrantzitsuenetako marxismoak izaten segitzen du. Marxismoak duen arazoa da, jada ez duela subjekturik. Zein da, egun, langileria, klase iraultzailea?».

«Probokatzailea»

Liburuak 200 orritik gora ditu, eta bederatzi ataletan banatu du egileak. «Liburu entretenigarri eta probokatzailea da; ez da analisi ekonomiko bat, ez da analisi politiko edo kultural bat ere. Denetik sartzen dut; ekonomiaren disziplinarizazioa apurtzeko asmoz». Filosofia, sexua, desira, sukaldaritza, populismoa, blockbuster filmak, ekologiaren ezintasuna, eliteen ideologiaren arrakasta, Lenin, salbuespen estatua, realityshow-ak, konfuzionismo kapitalista, kontsumoaren dinamika eta ezkontza homosexualak aztertzen ditu, besteak beste, «betiere oin bat Euskal Herrian» izanik. Besteak beste, euskal literaturaz idatzi izan du bere aurreko saiakeretan Gabilondok; orain, euskal politikaz idazten ari da beste liburu bat. Behin-behineko izenburua Euskal ideologiaz: postnazionalismoa, populismoa eta nazio etnikoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.