Thierry Bizkari. Kantari konpositorea

«Inportantea da erraten duzuna, ez? Kantatzea erratea da»

Bere proiektu pertsonalena da Manez eta Kobreak; harekin ondutako disko berriekin eta zuzenekoekin dator musikaria, bide bazterretik munduari so; Mumbaitik Bermeora, Baxenabarre duela epizentro.
ISABELLE MIIQUELESTORENA

Nora Arbelbide Lete -

2018ko apirilak 5
Bjork kantariak Volta diskoa aurkezteko Nimes hirian 2007an eman zuzenekoetako bat ikusirik, argi gelditu zen Thierry Bizkari (Anhauze, Nafarroa Beherea, 1976). «Bada zerbait egiteko ahotsarekin eta kobreekin. Biziki polita zen. Denak jantziak ziren dotore, eta gainetik lumak bazituzten. Eta soinua zen oso garaikidea, berezia». Geroztik urteak aitzinatu dira, tartean Kalakan taldearekin ibili da munduan barrena. Kalakan taldea utzi, eta bakarkako bidea hasi du. Eta horra orain kobrearen aroa, Manez eta Kobreak bere proiektuarekin. Bost musikari ditu harekin. Bixente Etxegarai hazpandarra, Laura Etxegoien Sohütakoa, Vianney Desplantes Baiona aldekoa, Mintxo Garaikoetxea Iruñekoa eta Ana Telletxea Iruñean bizi den beratarra. Baina Bizkari da liderra. Lehen diskoaren bira hasi berri dute. Gaur Iruñeko Nafarroako Unibertsitateko Museoko auditoriumean ariko dira. Larunbatean, Hendaiako Abadia gazteluan.

Aldi honetan Manez egin zara, izengoiti bat proiektu honetarako?

Hori nahi dut erabili baita gerorako ere.

Kobreak kantuz ere ari dira, zu, berriz, bakarrik kantari.

Argi nuen ni izanen nintzela aitzinean, hori defenditzeko. Eta gibelean nahi nituen kobreak eta kantariak. Hori ere argi nuen, gibeleko bakoitzak izan behar zuela kobre jotzaile eta kantari. Eta horrela xerkatu ditut jendeak, horrela hautatu ditut. Eta pixka bat zaila da. Euskal Herrian zaila da.

Zer ba?

Hiru oztopo dira. Jadanik kantatzen duen kobre jotzaile bat atzematea. Ez dira hainbeste. Euskara dakiena, gutxiago. Eta gero, hemengo, Iparraldeko soinua dutenak, ahotsaren aldetik, guti dira. Hegoaldean, guti.

Zer da «Iparraldeko soinu hori»?

Hegoaldekoek kantatzen dute sudurretik pixka bat. Ez dakit esplikatzen... Ez da horrela erran behar, baina horrela da... Sudurretik erraten dudalarik da... kulturala da. Adibidez, ene emaztea mintzatzen delarik nirekin [donostiarra da] biziki eztiki mintzatzen da. Eta aldiz... Badut anekdota biziki konkretu bat. Aretxabaletan [Gipuzkoa] ginela, hor bazuen beste soinu bat. Ez dakit non duen, baina aldatzen du mintzatzeko manera. Sudurraren aldean zerbait ireki balu bezala edo. Maskan. Hori maiz horrela da Hegoaldean.

Eta zuk nahi zenuen ez sudurretik kantatzea?

Bai, enpastea ukaiteko.

Zer da enpastea?

Kantatzean bakoitzak badu bere kolorea, tinbrea. Eta tinbreak uztartzeko lan bat eraman behar da. Ez da, zuk untsa kantatzen duzula, eta nik ere bai, eta, beraz, ariko gara biak. Ez da hori. Behar zara sartu bestearekin. Hor ere kolokazio istorio bat bada, baina baita ere nola erraten duzun gauza. Z bat edo T bat, nik erraten badut eta zuk ez...

Eta hori dena duzu kontuan hartu taldea osatzeko?

Beti entseatzen naiz kantatzen bestearekin. Eta nahiko fite ikusten dut ea joanen den elkarrekin edo ez.

Zein da Manez eta Kobreak proiektuaren mundua?

Istorio honetako testuingurua Ipar Euskal Herriko barnealdea da, hori, argi eta garbi.

Zergatik zen inportantea testuingurua barnealdea izatea?

Zerbait aurkezten duzunean, zer kontatzen duzun inportantea da, ez? Zer erraten duzun. Kantatzea erratea da. Eta nik kantatu nahi nuena hori zen. Nire aitak, nire ingurukoek, lagunek, familiakoek, niri utzi ondare bat bada istorio honetan. Bada ondare istorio bat. Ni premua naiz. Eta etxe baten premua... Aitak beti eman dit zerbait. Eta zer egin horrekin? Garai batean entseatu naiz zubia egiten. Ia-ia etxaldearen segida hartzekotan nintzen. Eta azkenean beste bide bat hartu dut, eta artista bilakatu naiz. Amama filma ikusia duzu? Ba, Amama-ko neska hori ni naiz. Negar egin dut film osoan. Ni naiz. Ene istorioa da. Kantu batzuetan bada istorio hori. Ez bakarrik hori, baina, besteak beste, bada hori.

Melodiek eta kantuek kutsu herrikoia dute.

Nik asmatuak ditut denak, baina erroa herrikoia da, dudarik gabe.

Bertsolari eta idazleek izenpetu kantuak badituzu hor.

Nik egin ditut melodiak, eta gero joan naiz bertsolariengana. Testu batzuk ere egin ditut, baina ez dut jite hori. Melodiak heldu zaizkit erraz, baina istorioak kontatzeko mementoan ez naiz gai poesiaz egiteko. Eta hemen badira bertsolariak eta idazleak. Uxue Alberdik, adibidez, altxor batzuk egiten dizkizu. Biziki ederra da nola idazten duen. Jon Maia, Xabier Euzkitze, Itxaro Borda, Aurelia Arkotxa, Amets Arzallus. Horiek dira.

Aldiz, hori, melodiak, zureak.

Melodia eta gidoia.

Eta Manezek du denen lotura egiten?

Bai, Manez joaten da etxetik, eta bidaiatzen du. Bidaia horretan, adibidez zapata egilearen kantuan, Mumbain ohartzen da hemengoa dela. Eta joaten ahal dela, aske izaten ahal dela, baina nonbaitetik datorrela. Eta nonbait hori Baxenabarre da. Ibiltzen segitzen du gero, eta jendeen kontakizunak biltzen. Kontakizun horietan, bada, adibidez, Bermeoko [Bizkaia] galerna baten istorioa. Duela ehun urte hango ehun bat marinel itsasoan zendu ziren. 100 alargunen dantza kantatzen du. Asmatu dut alargunek drama hori pasatzeko dantzatzen dutela elkartasun dantza bat. Joan naiz horrekin Uxue Alberdirengana, eta idatzi dit testu bat. Horra bi puntak. Mumbai eta Bermeo. Ez da dena Baxenabarren. Baina abiapuntua hor da beti.

Estetikoki, zuen jantziak eta, artile horrekin eta, ez ote da gehiegizkoa?

Beharbada, bai, ez dakit.

Zergatik hautu hori?

Agertokian pertsonaiak garelako. Libertimenduetan pertsonaiak dituzu. Ba, hor, berdin.

Baxenabarreko mendiak, ardiak, folklorekeriaren irudi arriskutsu bat ez ote den...

Ez da hori, baina ulertzen dizut. Ez da artilea. Faltsua da. Arrasaten [Gipuzkoa] erosia dut. Jostun batek sortua da. Badu kaputxa bat, eta iruditzen zitzaidan polita ibiltzen den pertsonaia batentzat. Kanpoan egon behar dena. Nik badut buruan pertsonaia bat ikusi dudana nire haurtzaro guztian. Zen gizon bat, erraten baitzen teila bat eskas zuela. Bide bazterrean beti ikusten genuen. Pixka bat horrela beztitua zen. Bota batzuk, gabardina bat eta horrela. Eta gure istorioan etxez etxe ibiltzen dira pertsonaia horiek. Dira pertsonaia publikoak eta aldi berean baztertuak. Baztertuak zergatik? Aske direlako. Erraten dutelako : «Tradizio hori? Ba, ez. Barkatu baina, bai, ulertzen dugu, baina gu aske gara».

Zein tradizioz ari zara?

Istorio honetan bada ondarea, bada premua izatea, bada besteek zuretako duten ildoa. Eta ni ildo horretatik aparte egon naiz beti. Nahi ala ez, horrela izan da. Orduan, hor zarelarik, beti aparte zara. Anhauztarrendako ez naiz anhauztarra. Anhauztarra naiz, baina joan naiz. Nahiz eta beti hurbil bizi izan naizen. Herriko inauteriak ere bultzatu ditut, baina beti entzuten da: «To, Thierry Bizkari! Zer ari da hor?». Pixka bat horrela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna