Albistea entzun

Donostiako 76. Musika Hamabostaldia. Ainhoa Arteta. Sopranoa

«Opera abeslari baten ibilbidea 40 urterekin hasten da, ez amaitu»

Abeslari tolosarrak Euskal Herrian lehen aldiz taularatuko du bihar Giacomo Pucciniren 'Tosca'. Mundu osoko antzokietan egingo du, baina etxean beti da dena «gozoago». Emozioa ezin ezkutatuta dabil.
GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Ihintza Elustondo -

2015eko abuztuak 12

BERRIA egunkariarekin elkarrizketa izateak hunkitu egin du Ainhoa Arteta sopranoa (Tolosa, Gipuzkoa, 1964). BERRIA Taldeko lehendakari izandako Joxan Lizarribarren izena aipatzearekin batera, begiak bete zaizkio. Kosta egiten zaio hitz egitea ere. «Joxan nire bizitzan oso pertsona garrantzitsua izan da. Ni hemen banago, Joxanek inori ezer esan gabe ni ikastera joan nendin dirua jarri zuelako nago. Zergatik izan zen horrela? Trantsizio garaia zen orduan, eta hemen ez zegoen ezer. Diru laguntzak eskatu eta inork ez zizun ezer ematen. Bera beti zihoan besteak baino pauso batzuk aurrerago, eta hark lagundu zidan».

Euskaraz hitz batzuk egin dituen arren, hobeto moldatzen da gaztelaniaz Arteta. Dena dela, euskaraz hitz egiten duela eta euskalduna sentitzen dela nabarmendu du behin eta berriro. 18 urterekin joan zen Euskal Herritik, Italiara lehenik, eta bost urte geroago New Yorkera (AEB). 40 urterekin itzuli zen, eta ordurako dena aldatuta zegoen, haren arabera. «Ni joan nintzenean euskaraz hitz egiten zuena zigortu egiten zuten, eta itzuli nintzenean denek egiten zuten euskaraz». Pozik agertu da egoera aldatu delako, eta ingurura moldatzen saiatzen ari da. «Orendaingo [Gipuzkoa] baserrian beti egiten dut euskaraz. Ahal dudan moduan, sarritan hanka sartuz, baina berdin zait».

Bada, ordea, min eman zion eta ahaztu ez duen kontu bat. Twitterrean atari bat du, eta egun batean euskaraz idaztea bururatu zitzaion. Alde guztietatik eraso omen zioten bere euskara egokia ez zelako. «Nire euskara ez da akademikoa, baserrikoa baizik», argudiatu du. Ordutik ez du gehiago euskaraz idatzi. «Pena ematen dit, baina ez dut inor mindu nahi. Nola nahi duzue jendeak horrela euskaraz egitea?».

Donostian bizi da azken urteotan, eta bihar eta larunbatean Kursaalean taularatuko du Giacomo Pucciniren Tosca. Urte askotako esperientzia patrikan, ilusioz beterik dago Euskal Herrian lehenengoz egingo duelako.

Nola definituko zenuke Tosca?

Uste nuen inoiz ez nintzela gai izango Floria Toscaren rola egiteko. Opera abeslari bat ondoen definitzen duen rola da, hura ere opera abeslaria baita. Halere, bi aurpegi ditu pertsonaiak, eta nik ezberdin abesten eta interpretatzen ditut biak: Mario Cavaradossi maitalearekin erromantikoa eta jeloskorra da; baina, beste aldetik, Napoleonek Italia hartu zuenean, errepublikaren alde iraultzan parte hartuko duen pertsonaia dugu. Maitemina tarteko, Escarpia ere hilko du.

Zertan dute antza Ainhoa Artetak eta Floria Toscak?

Biok gara operako abeslariak, ameslariak eta erromantikoak. Ez dakit, ordea, norbait hiltzeko gai izango ote nintzatekeen. Seme-alabengatik agian bai, baina maitale batengatik, ez dakit.

Zein zailtasun tekniko ditu?

Interpretazio aldetik, rol gogorra da, eta ahotsari dagokionez, oso exijentea. Une batzuk teknikoki oso konplikatuak dira, eta burua hotz izan behar da, baina hori ez da nabaritu behar antzezpenean. Tosca bezalako pertsonaia bat interpretatzean, ahotsa ondo kontrolatzen ez badut, mutu irits naiteke amaierara. Dena den, zoragarria da obra. Urte eta erdian zortzi pertsonaia antzeztu ditut, eta horien artean, batez ere, Tosca izan da merkatuaren begiradapean jarri nauena. Mundu osoko antzoki askotan egingo dut pertsonaia bera, eta ilusio handia egin dit etxean interpretatu ahal izateak.

Nolakoa izan da lan prozesua?

Egia esan, ez da samurra izan. Kursaala ez da operara egokitutako antzokia, eta, gainera, errekorra egin dugu hain denbora gutxian obra prestatuta. Hamabostaldia musika jaialdi bat denez, ez dute opera antzoki batean eskaini ohi duten azpiegiturarik eta denborarik. Normalean, entsegu orokorraren eta lehen emanaldiaren artean, bi eguneko tartea uzten dute beti, eta konplikazio handiko opera bada, baita hiru ere. Guk egun bateko tartea besterik ez dugu. Inoiz ez dut egin hiru aldiz Tosca bost egunetan. Niretzako erronka bat da, maratoi bat egitea bezala. Gainera, kasu honetan, ez da koruak garrantzia hartzen duen opera bat, protagonisten rolek presentzia handia baitute. Horregatik, asko zaindu behar dut. Azken bi entseguetan ez dut abestu, deskantsua behar duelako ahotsak.

Adinagatik mugarik jarri izan al dizute?

Bai, 39 urte nituela gertatu zitzaidan. Adin horretan ahotsa aldatzen da, eta horrez gain, arazo pertsonalak nituen. Arrazoi horiek direla eta, ahotsik gabe gelditu nintzen. Bederatzi hilabete pasatu nituen ikasten, eta lirikora aldatzea lortu nuen, asko lagundu zidan irakasle bati esker. Berriro kantatzera itzuli nahi nuenean, ordea, ordura arte nire agente izan zirenek nire senar ohiaren alde egin zuten, eta, banandu egin ginenez, kale gorrian gelditu nintzen. Nire irakaslea agente berrien bila hasi zen orduan, eta esaten zidaten 40 urterekin merkatua itxi egiten dela. Nik ezin nuen sinetsi. Ez dago ezer arriskutsuagorik euskaldun bati zerbait ezin dela egin esatea baino. Ez gara gauzak ondo egiten ari. Opera ez da epe laburreko ibilbidea, ezta jende politaren erakustokia ere.

Bizitza osoan kanta daiteke opera?

Abeslari gazteei kalte besterik ez diegu egingo Tosca bezalako rol bat interpretatzen jartzen baditugu. Ahots instrumentua ez da garatzen 40 urteak bete arte. Bizirik dagoen instrumentu bakarra da, eta eraberritu egiten da, baina behin adin horretara iritsitakoan, ez. 40 urtera abesten iritsi eta arazorik gabe jarraitzeko gai denak gauzak ondo egin dituen seinale. Adin horretan amaitu ez, hasi egiten da opera abeslari baten ibilbidea. Orduz geroztik, nire urterik oparoenak izan dira, inoiz baino gehiago gozatu dut kantuaz. Eta hala jarraitzea espero dut datozen 10-15 urtetan. Arazo tekniko guztiak gaindituak ditut, eta nire ahots hariek ez dute batere sufritzen. Orain eskaini izan didate lehengo agenteek haiekin itzultzeko, baina nik ez dut nahi izan.

Ez duzu uste operaren publikoa oso mugatua denik?

Musika Hamabostaldia ari da lanean haurrengana musika klasikoa hurbiltzeko. Haurrak opera bat ikusten dutenean, harritu egiten dira, baina hor gelditzen da arantza. Inoiz ez dugu 15 urteko ikuslerik izango, baina 30 urtetik gorakoa bai. Opera eta musika klasikoa orokorrean ulertzeko, adimen maila bat behar da, eta hori denborarekin lortzen da.

Nola ikusten duzu operaren etorkizuna?

Egia esan, ez dakit iraungo duen. [Cristobal] Montoro eta konpainiak nola tratatzen gaituzten ikusita... Sarrerei %21eko BEZa ezarri diete, eta guri erdira jaitsi digute soldata. Halako batean, abeslariak bere buruari galdetzen dion sakrifizio horrek guztiak merezi ote duen. Jada gu ez gara divak, Ronaldo, Messi eta beste lau baizik. Ezin da kulturatik murriztu, guztion kalterako baita. Kultura gabeko leku bat inozoen gunea da. Baina egia da baloi baten atzetik mugitzen den herrialde bat errazago manipulatzen dela. Espero dut gauzak aldatuko direla.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Baita ozenki esan ere

Baita ozenki esan ere

Edu Lartzanguren

Gaur duela 30 urte, Gure Jarrera diskoa aurkeztu zuen Negu Gorriak taldeak. Haien bigarren diskoa zen, eta eurek sorturiko Esan Ozenki zigiluaren lehenengoa.

Peio Agirre, Damaris Pan eta Dario Urzay aurtengo saridunak, goizean egindako aurkezpenean, Bilboko Arte Ederren Museoan ©Aritz Loiola/ Foku

Dario Urzai, Damaris Pan eta Peio Agirre dira 2021eko Gure Artea irabazleak

Amaia Igartua Aristondo

Ibilbide artistikoagatik saritu dute Urzai; sorkuntza lana aitortu diote Pani, eta artearen dibulgazioan eginiko lana hartu diote aintzat Agirreri

Norman Foster 'Agravitas' proiektua azaltzen, 2019an ©Foku

Bilboko Arte Ederren Museoak 700 metro koadroko terraza bat izango du eskulturak erakusteko

Amaia Igartua Aristondo

Norman Fosterrek museoa zabaltzeko lehiaketara aurkeztutako proiektuak ez zuen jasotzen aire zabaleko eremurik; azken lanketetan, berrikuntza hori gehitu diote. Halaber, aurreikusi baino zabalagoa izango da erakusketa areto nagusia: 25 metrotik 29 metrora igaro da

Imanol Iribarren eta Peio Irigoien taldeko kideak. ©Gorka Rubio / Foku

Euskal kantuak latin jazzera eraman ditu Aldapeko Basque Latin Jazz taldeak

Mikel Lizarralde

'Iri barrenetik' diskoa argitaratu du Imanol Iribarren pianista eta tronboi jolea buru duen zortzikoteak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna