Asun Landa eta Karmele Larrinaga. Eako Poesia Egunen antolatzaileak

«Aurten argitaratu duten poetei leku ematen saiatu gara»

Gaurtik igandera bitartean poesiak, antzerkiak eta musikak zipriztinduko dituzte Eako txoko guztiak; poesiaren portu bihurtuko da berriro ere herria, Eako Poesia Egunak jaialdiaren bidez.

LUIS JAUREGIALTZO/ ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2015eko uztailaren 17a
00:00
Entzun
«Ea. Edo zelan sartu mundu bat letra bitan». Eako Poesia Egunen Twitter kontuan egindako txio batek jaialdiaren esentzia «modu ederrean» agertzen du, Asun Landa (Ea, Bizkaia, 1954) antolatzailearen ustez. Gaurtik eta igandera bitartean poesiaren portu bihurtuko da herria, hamabigarrenez. Asun Landa eta Karmele Larrinaga (Ea, 1955) antolatzaileekin mintzatu da BERRIA, aurtengo ekitaldiaren inguruan.

Poesia ezin da kabitu leloa aukeratu duzue aurten. Muga guztiak gainditzen al ditu poesiak? Ean ere ezin da kabitu?

KARMELE LARRINAGA: Horrelako zerbait adierazi nahi izan dugu. Nahiz eta guk ahaleginak egin poetak ekartzeko, argi daukagu ez garela gu poesiaren ondare, eta poesia ahal dela Ean sartu, baina, horretarako, leku egiten saiatzen gara beti.

Poesiak mugak gainditzeko duen trebezia oso presente izaten duzue jaialdian, eta musikarekin eta antzerkiarekin dituen harremanak ere lantzen dituzue.

K. L.: Poesiari lehentasuna ematen diogu, baina errezitalez gain, hitzaldiak, antzerkia, musika, transformanceak ere izaten ditugu. Hala, poesia oinarri hartuta, programa zabala egiten saiatzen gara.

Zer azpimarratuko zenukete aurtengo ekitaldiaz?

ASUN LANDA: Aurtengo poesia uzta izan dugu kontuan, eta urtean argitaratu duten poetei leku ematen saiatu gara, geure apaltasunean. Horien artekoa izango da, adibidez, Jose Luis Otamendi. Kapital publikoa (Atlantikoaren aurrean) errezitala egingo du. Urtero legez, poesia lehenetsi nahi izan dugu, eta gertuko zerbait dela erakutsi; izan ere, askok urrunekotzat dute. Orokorrean, poesian pentsatzerakoan jendeak zerbait elitistan pentsatzen du, kulturaren inguruan dabilenei murriztutako zerbait balitz bezala. Guk ezetz uste dugu, poesia beharrezkoa dela, eta egunerokoan eta bizitzako une garrantzitsuetan beti poesia dagoela.

Diozunez, jende gehienak urrunekotzat du poesia; Ean ere hala da? Hamabi urtetan lan handia egin duzue poesia herrira zabaltzeko.

A. L.: Denetarik dago, geure herria ez da irla bat, eta gizartea, oro har, poesiatik urrun dago. Herrian ere, batzuetan, probokazio moduko bat sortzen du poesia hitzak. Entzun behar izan dugu: «Ba! Poesia egunak!» esaten duenik; eta, besteetan, ezusteko onak ere izan ditugu. Hain zuzen ere, Poesia Egunen antolaketara biltzen direnak ez dira soilik literaturazaleak, herrigintzan dabiltzan jende askoren laguntzarekin antolatzen da, eta parte hartzen duten guztiek ez dute zertan literaturazale amorratuak izan. Jaialdia talde lanaren ondorio da.

Poesia Egunak talde lanaren ondorio direla diozu. Eara biltzen direnak adin askotakoak dira; antolaketan ere, erreleborik izan al da?

A. L.: Esan genezake badela antolaketan belaunaldien arteko harremana, baina pisu nabariagoa dugu helduok, batez ere andreok.Antolakuntzan dabiltzan gazte gehienak antolatzaile helduagoen senideak dira, eta literaturarekiko sentiberatasun berezia dute. Horren harira, aurten izango dugun Ituskizuna aipatu nahiko nuke. Performancea egingo dute ITU Bandakoek; 18 eta 22 urteko gazteak dira, anonimoak, ez dute haien izenez agertu nahi. Haien artean Eakorik ere bada.

Hamabi urte pasatu dira jaialdia lehen aldiz antolatu zenutenetik, nola aldatu da urte hauetan guztietan?

K. L.: Lehen ekitaldia Gabriel Aresti poetaren lana omentzeko antolatu genuen. Gerora jaialdia eraldatuz eta hedatuz joan da. Urteetan marka batzuk finkatuz joan dira, eta ahalegin berezia egin dugu emakumeen presentziari bide ematen.

Arestiren lana omentzeko hasi zenuten jaialdia, eta urtero-urtero izaten duzue gogoan. Aurten,Miren Agur Meabe arituko da Arestiren inguruan hitzaldi batean. Zertaz hitz egingo du?

K. L.:Hitzaldi berezia izango da, tituluak berak aurreratzen duenez: Nire arestiar lauburuak. Arestiren lana beragana nola heldu den azalduko du Miren Agurrek [Meabek], nola joan den hori ezagutuz, nolako sorpresak ekarri dizkion.

Poesiarako leiho izatearekin batera, sorkuntzarako abiapuntu ere badira poesia egunak. Danele Sarriugartek aurtengo ekitaldiaren aurkezpenean aitortu zuenez, Ean erein zuten Erractus ikuskizuna sortzeko ideia.

K. L.: Guretzat, oso pozgarria da;guk ikusten dugu Eara datozen sortzaileen artean harremanak sortzen direla. Elkar ezagutzen dute hemen, nahiz eta haiek euren lanen berri izan. Asteburuan aukera dute harreman sakonagoak garatzeko, herrian egiten baitute lo. Hala, Danele Sarriugartek, Jule Goikoetxeak eta Kattalin Minerrek Erractus sortu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.