Arabak baditu aurrekontuak, PPri esker

EAJk, PSEk eta PPk Arabako Foru Aldundiko 2018ko aurrekontuak onartu dituzte. Ahaldun nagusiak dio «egonkortasuna» ekarriko dutela

Ezkerrean, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia, atzoko saioan. J.F. / ARP.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2017ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
EAJk eta PSEk PPrekin lortutako akordioari esker, 2018an aurrekontuak izango ditu Arabako Foru Aldundiak. Aurrekontu proiektua eztabaidatu eta bozkatu dute Arabako Batzar Nagusietan, eta hiru talde horien aldeko botoarekin eta Ciudadanos alderditik kanporatua izan zen eta egun talde mistoan dagoen batzarkide independentearen babesarekin onartu dute. Aldeko 29 boto, denera. Horiek horrela, Arabak 481 milioi euroko aurrekontua izango du datorren urtean, aurten baino %2,92 gehiago.

Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiaren hirugarren aurrekontuak izango dira —aurreko biak EH Bilduren babesarekin atera zituen aurrera—. EAJk, PSEk eta PPk hitzartutako aurrekontuetan, popularrek aurkeztutako lau milioi euro ingururen zuzenketak txertatu dituzte.

Eztabaidan, PPrekin lortutako akordioaren aurka agertu da oposizio guztia, eta aurrekontuei kontrako botoa eman diete EH Bilduk, Ahal Dugu-k, Orain Arabak —Ahal Dugu-tik kanporatutako lau batzarkideek osatzen duten taldeak— eta Irabazik.

Oso kritiko azaldu da EH Bilduko bozeramaile Kike Fernandez de Pinedo eztabaidan, iritzita aurrekontuekin «politika neoliberalek» irabazi dutela eta «eskuineko norabidea» hartu dutela. Ahal Dugu-ko eledun Arantza Abeziak, berriz, nabarmendu du gizarte alorrean atzerapausoak emango direla herrialdean.

Ahaldun nagusiaren esanetan, ostera, Arabari «egonkortasuna» emango diote aurrekontuek, eta «hazkundea eta lidergoa sendotzeko» balio izango dute. Halaber, oposizioari akordioak lortzeko «borondate falta» egotzi dio Gonzalezek. PPk eta PSEk, bestalde, aurrekontuen izaera «soziala eta errealista» azpimarratu dute.

Batzar Nagusietan eztabaida izan den bitartean, kalean gizarte interbentzioko langileek protesta egin dute, kalitatezko zerbitzu publikoen alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.