Fiskaltzak eskatu du Naparraren auzia ireki eta gorpua bilatzeko

Familiak dituen datu berriekin, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Ismael Moreno epaileari egin dio eskaera. Duela 36 urte desagertu zen

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
2016ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren auzia berriz zabaltzeko eskatu du Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak. «Estatu terrorismoarekin lotutako pertsona batek» emandako informazio batean oinarrituta, Naparraren senideen abokatu Iñigo Iruinek berriki eginiko eskaerarekin bat egin du Javier Zaragoza fiskalburuak. Datu horien arabera, duela 36 urte hil zuten Naparra, eta haren hilotza Landetako (Frantzia) baso batean egongo litzateke.

Ismael Moreno epaileari egin dio eskaera fiskalburuak eta, Iruinek galdegin moduan, hark ere eskatu dio gorpua bilatzeko eskaera Mont-de-Marsaneko epaitegira bideratzeko. Epaileari gogoratu dio auzia ez dagoela preskribatuta, 1999an ireki zelako ikerketa judiziala Madrilen, eta, beraz, ez delako pasatu gisa horretako auziak behin betiko artxibatzeko Espainiako legediak eskatzen duen denbora: 20 urte.

Naparraren senideek eta abokatuak Iñaki Errazki kazetariaren bidez lortu duten informazioan oinarritzen da eskaera. 1970eko eta 1980ko hamarkadetan estatu terrorismoarekin ustez lotura izan zuen pertsona batek Errazkini esandakoaren arabera, Naparraren hilotza Mont-de-Marsan iparraldera —Baionatik autoz ordubete ingurura— dagoen udalerri batean egongo litzateke, haritzen paraje batean. Paco Etxeberria auzi medikuak lekuaren txosten bat egin du, eta hori ere aurkeztu du Iruinek auzitegian.

Abokatuak egin bezala, fiskalburuak ere epaileari eskatu dio Etxeberriari eta Errazkini hitza hartzeko. Iruinek kazeta honi azaldu dionez, ez dakite noiz deklaratuko duten; litekeena da datorren astean jakinaraztea hori. Epaileak beharrezkoa ikusten duen informazioa bildu ostean, Frantziako epaitegiari eskatuko lioke gorpuzkiak topatzeko lanak martxan jartzea. Frantziako Poliziak eta auzitegi medikuek egingo lukete hori, baina bai familiaren abokatuak bai fiskalburuak eskatu dute Etxeberria auzi medikuak ere parte hartzea.

Familiaren abokatuak jakinarazi duenez, informazio «baliagarri» hori eman duena espainiarra da, eta egun, Hego Amerikan bizi da. Ikerketa ondo joan dadin, jendaurrean ez dute ezagutzera eman nahi izan haren izena eta Naparraren gorpua egon daitekeen toki zehatza.

Bi alditan artxibatuta

1980ko ekainaren 11n desagertu zen Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea —ETAtik banandutako talde bat zen—. Ziburun (Lapurdi) hitzordu bat zuen, baina ez zen azaldu. BVE Batallon Vasco Español talde paramilitarrak bere gain hartu zituen haren bahiketa eta hilketa, baina kasua, bi aldiz auzitegietan izan arren, ez da argitu.

Baionako epaitegiak ekin zion aurrena, baina 1982an Frantziako Justiziak utzi egin zuen ikerketa. Zaragoza fiskalburuak gogoratu duenez, orduko ikerketak mertzenario frantziar batzuk jarri zituen jomugan; gerra zikinarekin lotuta ezagun egin ziren Perret anaiak buru zuten taldea, hain zuzen ere.

Espainiako Auzitegi Nazionalak ere artxibatu zuen auzia, 2004an, 1999tik ireki baina bahiketa eta hilketaren egileak ezin identifikatu ostean. 2014an, NBE Nazio Batuen Erakundeak desagertze behartu modura onartu zuen kasua, eta gomendioak egin zizkion Espainiako Gobernuari, baina hark ez zuen urratsik egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.