Estrategia berritu batekin

Independentziarako, «Euskal Herria versus estatuak» eskeman sakondu nahi du ezker abertzaleak. Antolaketa aldaketak egingo ditu

enekoitz esnaola
2016ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Gaur da jakinaraztekoa ezker abertzalea Abian barne prozesuko azkeneko batzarretako emaitzak, osoko zuzenketei buruzkoak. Lagin bat kontuan hartuta, oso litekeena da talde eragilearen ildoa gailendu izana, tesi alternatiboen artean desobedientziaren aldekoak babes garrantzitsua jaso arren. Duela pare bat hilabete, %81eko sostengua izan zuen Abianeko tesi nagusiak —«akordio zabaletan oinarrituta, aldebakarreko prozesu independentista eraldatzailea»—, eta, azkeneko bilkuretako emaitzen ondorioz, ezker abertzalea estrategia berritua hasteko moduan izango da. Hau da: euskal estatuaren bidean, «konfrontazio eskema Euskal Herria versus estatua(k) izatea, eta ez ezker abertzalea versus estatua». Estrategiaren araberako praktika eta antolakunde eredua izango dituzte, «logikoki».

Frankismoaren ondoren, Espainiako Estatuari modu nazionalean eta bateratuan erantzuteko Xibertako mahaiak (1977) porrot eginda, Hego Euskal Herriaren zatiketa administratiboa gauzatuta eta ETAk borroka armatua jarraitzeko hautua eginda, ezker abertzaleak antolaketa eredu jakin bat hartu zuen estatuari aurre egiteko: KAS Koordinakunde Abertzale Sozialistaren bueltan eratuz joan zen, eremuka antolatuta. 1990eko hamarkadaren erdialdera, «nazio eraikuntzaren ildoa indartzeko, Euskal Herria versus estatuak(k)» eskema lehenetsi zuen ezker abertzaleak, «benetako gatazka politikoa azalarazteko xedez»; Abianeko talde eragilearen idatziak dioenez, «indar guztiak bere barruan antolatu ordez, herri dinamika autonomoak sustatu eta aliantzak eratzeari garrantzia» eman zioten. Baina Abianeko arduradunek aitortzen dutelegez kanporatzeek «neurri handi batean eten» egin zutela estrategia haren garapena. Zutik Euskal Herria adierazpenaren (2010) ostean, ETAren jarduera armatua bukatuta eta indar metaketa apustutzat hartuta, saiatu ziren «herrigintzari eta estatugintzari bere dimentsio osoan» heltzen, baina aitortzen dute hor ere ez dutela behar bezala asmatu. Orain horren beste saio bat dator, estrategia berritu bat. Katalunia dute eredu; Arnaldo Otegik ere berriki hala esan du telebistan eman dituen bi elkarrizketetan.

Kalea eta instituzioak

Duela hiru urteko Kataluniako Diadaren bezperan, Udalbiltzako ordezkariak Vicen (Bartzelona) izan ziren, udalak gonbidatuta, orduko alkate Josep Maria Vila d'Abadal AMI Independentziarako Udalen Elkarteko presidentea zela. Vicekoa da Marta Rovira ERCko idazkari nagusia ere; Udalbiltzakoek pare bat ordu pasatu zituzten harekin, ogitarteko bat janez, eta gauza esanguratsu bat kontatu zien Rovirak: ERCko ia militante denak ordurako ANC bilgune zibil independentistan zebiltzala, estatu propioaren alde askotariko jendearekin orpoz orpo lanean. ERCk bere bideari segitu dio, batik bat instituzioetara mugatuta, eta, aurtendik, JxSi koalizioko kide gisa, Generalitatean da, independentziarako bide orri bat gauzatu nahian.Ezker abertzaleak ere tankera horretara ikusten du estrategiaberrituaren formula, bere militanteen bidez ere aktibazio soziala erein eta herri mugimendua indartuz, eta arlo politiko-instituzionalean Hegoaldean EH Bildu eta Iparraldean EH Bai izanik «erreferentzia nagusiak».

Ezker abertzaleak dio saiatuko dela herri mugimendua «elikatzen», dela etxebizitzaren alorrean, fracking-arenean, hezkuntzarenean, euskararenean eta abarrenetan, nazio eraikuntzarako baliagarri izateaz gain, gehiengoak ikus dezan Espainiako Estatua horma bat dela Euskal Herriaren burujabetzarako eta, hala, euskal estatuaren aldeko hautua egiteko, baina ezker abertzaleak aitortu du bere egitekoa ez dela izan behar herri mugimendua zuzentzea edo gidatzea.

Otegik «ezker abertzalearen fiskalizazioa» saihestu beharraz hitz egin du. Uste du hori pasatu dela EH Zutik-ez geroztik, ezker abertzalea gehitxo sartu dela gauza batzuetan. «Independentzia proiektua birsortu egin behar da. Ez gaude aldarrikapen fasean, egitekoan baizik», zioen asteartean ETB1en, Azpimarra-n, baina egiteko moduak aldatu behar direla ere esan zuen. «Ezker abertzaleko aparatuak kontserbadoreak dira. Has gaitezen etxe barrutik gauzak aldatzen».

Euskal estatuaren prozesua gidatzeko «zuzendaritza kolektiboa» osatzea proposatu du Abianek. Hango kideetako bat litzateke ezker abertzalea, beste eragile batzuekin batera. «Herri agenda komun bat behar dugu, eta hori kudeatuko duen zuzendaritza kolektibo bat». Kataluniako prozesu independentistan, kasurako, Erabakitzeko Eskubidearen Aldeko Nazio Hitzarmena 3.000 erakundek osatzen dute. Ipar Euskal Herrian hirigune elkargoaren eta gatazkaren ondorioen bukaeraren alde sorturiko dinamika eredutzat du ezker abertzaleak. Euskal Herrian azken bi hamarkadetan Lizarra-Garaziko eta Nazio Eztabaidaguneko topaleku zabalak izan dira, baina bi esperientziok ibilbide labur samarra izan zuten.

Ezker abertzaleko egiturak

Estrategia berrituaren eskeman ezker abertzalearen beraren egituraketa ere definitu dute, «erabateko iraultza» planteatuta. «Sinplifikazioa eta eraginkortasuna» nahi dituzte, eta aurrerantzean Sortu, LAB eta Ernai izango dira hiru egiturak, baina Sortuk ahalmen handiagoa izanik eta hari «bilgune» funtzioa emanda. Alderdi politiko hura «birsortzeaz» ari dira. Besteak beste, gatazkaren ondorioen atala haren barnean kokatuko dute, «atal finko bat osatuta», baina hor ere herri dinamika indartzera joz. Halaber, Sortu «ez da eguneroko kudeaketa instituzionalaz arduratuko», zeregin hori EH Bilduren eta EH Bairen esku utziko baitute; «estrategiaren ardatz gisa hartu dugun herrigintzari begira egon beharko du Sortuk».

«Iraultza organizatiboaren» beste partea ezker abertzaleko kideen eta antolakundeen «kultura eta praktika politiko berrian» datza: eztabaida, gardentasuna, bitartekoak, parte hartzea, ahalduntzea... «Berrikuntza izugarria» litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.