Frankismoa «eztitzea» egotzi diote biktimek Gasteizko Udalari

Informazio panelekin osatu ordez, kale izen frankistak kentzeko eskatu dio Urtarani Frankismoko Krimenen Aurkako Plataformak
Frankistek Gasteizen fusilatutako pertsonen omenaldia, ekainean.
Frankistek Gasteizen fusilatutako pertsonen omenaldia, ekainean. D. AGUILAR / EFE

Samara Velte -

2017ko urriak 14
Gasteizko Udalak aurkeztu duen Memoria Historikoaren Planarekin haserre agertu da Frankismoko Krimenen Aurkako Plataforma. Argudiatu duenez, proposamenak ez du «pedagogia demokratikoa» bultzatzen, eta ez ditu betetzen biktimei zor zaizkien lau berme nagusiak: «Egia, justizia, konponketa eta berriz ez gertatzea».

Udalak astelehenean eman zuen bere asmoen berri: besteak beste, erabaki zuen ez dituela kenduko agintari frankisten kale izenak, eta, horren ordez, «testuinguruaren berri» emango duten plakak jarriko dituela guneotan. Bestalde, iragarri zuen «memoriaren mapa» bat osatuko duela krimen frankistak gertatu ziren lekuekin, bakoitzean plaka informatibo bat ezarrita. Horietako batzuk lirateke Santa Isabel hilerriko horma —fusilamenduak egin zituzten tokia—, Bake kaleko kartzela zaharra, eta atxilotze zentro gisa erabiltzen zuten Sagrado Corazon ikastetxea. Hiriko domina duten agintari frankistei dagokienez, txosten tekniko bat eskatu du udalak haiek kendu edo ez erabakitzeko. «Konponketak ezin du gorrotoa edo mendekua barnean eduki», argudiatu zuen Gorka Urtaran alkateak.

Memoria Historikoaren Plana biktimen plataformak abiatutako ekinbide batetik dator, berez. Haiek Memoria-Gasteiz txostena aurkeztu zioten udalari 2014an, eta lau esparru nagusitan esku hartzeko eskatu zioten: memoria guneen seinalizazioan, sinbologia frankistan, kale izendegian eta ohorezko izendapenetan. 2014ko ekainetik iazko uztailera arte, udaleko talde politiko guztietako ordezkariek eta biktimen elkarteek osatutako lantalde bat aritu zen egoera aztertzen. «Hainbat hilabete berririk gabe igaro ostean, ez da adostutako ezer gauzatu», salatu du orain frankismoko biktimen plataformak. Eskandalagarritzat jo du frankisten izena daramaten kaleak eta hiriko dominak bere horretan mantentzea: «Frankismoan karguren bat eduki edo harekin lan egin duen pertsona orok eskubidea galtzen du ohorezko izendapen edota aitortza publikoa jasotzeko, bere ibilbide profesionala edozein dela ere». Memoria guneetako panel informatiboetako testuek ere frankisten jarduna «eztitzen» dutela iritzi dio elkarteak, eta terminologia eta eduki zorrotzagoak erabiltzeko eskatu dio udalari: «Udalak proposatutako terminoa, 'Bigarren Errepublikaren aurkako estatu kolpearen kontrako ideia politikoak zeuzkaten pertsonak', erabat nahasgarria eta desegokia da. Helburua baldin bada errepublikanoak, libertarioak, komunistak, sozialistak edo abertzaleak ziren antifrankisten memoria aldarrikatzea, eta horregatik zigortu bazituzten, argiago azaldu beharko da, eta ideologia horiekiko errespetu handiagoarekin».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna