Ezusteko barik, onartzeko bidean dira

Iragarri zuen gisara, ERCk Kataluniako Generalitatearen aurrekontuak babestu ditu.Eztabaiden lehen saioa egin zuten atzo

Araitz Muguruza.
2015eko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
«Trantsizio nazionalerako balioko duten aurrekontuak egiteko konpromisoa dugu; ikuspegi autonomikotik harago doazenak». ERCk helburu horrengatik babestu ditu Kataluniako Generalitatearen aurtengo aurrekontuak. Atzo egin zuten eztabaidatzeko lehenengo saioa Parlamentuko Gai Instituzionaletarako Batzordean; eta ERCk, abenduan iragarri zuen bezala, ez du osoko zuzenketarik aurkeztu. Azpiataletako proposamenak, ordea, egin ditu ERCk, eta horiek eztabaidatzeko eskaera egin dio Francesc Homs generalitateko bozeramaileari Pere Aragones ERCko ekonomia gaietarako bozeramaileak. Oposizioak aurkeztutako osoko zuzenketen aurka egingo duela ere jakinarazi du ERCk. Diru sailak, beraz, onartzeko bidean dira, ezustekorik gabe.

Artur Mas Kataluniako presidenteak eta Oriol Junqueras ERCko ordezkariak hauteskunde plebiszitarioak egiteko akordioa lortu eta ia astebetera hasi dituzte aurrekontuak eztabaidatzeko saioak. Hilabeteetako desadostasunen ondoren, ados jarri ziren CiU eta ERC, eta atzo ikusi zirenonartutako atalen lehenengo urratsak. Espero bezala, babesa erakutsi zion ERCk generalitateari. Hori bai, CiUri ematen dion sostengua «estatu egiturak eraikitzeko» erabiliko dituela azaldu du Aragonesek: «Menpeko aurrekontuak dira, baina behar duguna independentzia da».

Babesaren truke, ERCk azpiataletan egindako proposamenen zati handi bat onartuko duela jakinarazi du Homsek.

Atzoko saioan, besteak beste, atzerri politika, ogasuna eta hedabide publikoari zegozkienak eztabaidatu zituzten. Puntu horiek guztiak Junquerasek eta Masek bileretan adostu zituztenak dira. Ogasun propio bat eta bestelako «estatu egiturak» lantzeko konpromisoa hartu dute Masek eta ERCk, Katalunia estatu independente bihurtzen denerako prestatuta egon dadin. Horren erakusle izango da, Homsen arabera, atzerrirako jauzia erraztuko duen legea. Ordezkaritza berriak irekiko ditu laster Vienan eta Erroman.

Ogasunari, %25 gehiago

Generalitateak urte amaierarako ogasuna osatuta egotea nahi du. Horretarako diru sarrera %25 igoko diote Kataluniako zergen agentziari. Diru hori langile kopurua bikoizteko erabili asmo dute. 168 lanpostu betetzeko deialdia egingo dutela adierazi du Andreu Mas-Colell Ekonomiasailburuak. «Dagozkion funtzioak betetzeko behar dira».

Oposizioa, berriz, zuhur agertu da aurrekontuekin. Alicia Romero PSCko diputatuaren ustez, gizartearen beharrari ez diote erantzuten aurrekontuek. CUPeko diputatu David Fernandezek, bestalde, diru sailen %11 ez direla existitzen ohartarazi du. «Berriro ere zehaztu gabeko emaitzak ematen dituzte, egungo egoeran aurrera eramaten ezinezkoak direnak». Izan ere, diru sarreretako 2.300 milioi Espainiako Gobernuak ordaindu beharko lituzke, dagozkion zorretatik. Horrekin batera, gogoratu du lehendik ere gobernuak abian zituen «pribatizazioa» eta «murrizketak» sendotuko dituztela.

Estatu egiturak iraileko hauteskundeak egin aurretik egituratzea, berriz, ez du bidezko ikusten Romerok: «Katalanen iritzia kontuan hartu gabe hasiko zarete estatuko egiturak eraikitzeko lanetan». Jose Antonio Coto PPko diputatuaren aburuz, CiUk bahituta dauka ERC: «ERC CiUren txotxongiloa da, eta edozer egiten du harekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.