Traba gehiago iheslarientzat

«Migratzaile ekonomikoei» bidea moztu diete Serbiak, Kroaziak eta Esloveniak.Mazedoniak itxi egin du muga, gainez egiteko arriskuagatik

Traba gehiago iheslarientzat.
Xabin Makazaga.
2015eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Errefuxiatuek lehendik ere ez zeukaten erraza, behin Grezia eta Italia zapalduta, Europa iparraldera iristea, Balkanetako igarobidea trabaz jositako ibilbide bat bihurtu baitute tokian tokiko agintariek. Baina bidea askoz zailagoa da atzodanik, eta egoera askoz latzagoa iheslarientzat, negu gorriaren atarian. Serbiak, Kroaziak eta Esloveniak, izan ere, muga zeini ireki, errefuxiatuen jatorriaren arabera erabakiko dute: siriar, irakiar eta afganiarrei bai, baina Asiako eta Afrikako gainerako iheslariei, ez. «Migratzaile ekonomikoei» bidea itxi nahi diete horrela. Eta, domino piezen efektuaren eraginez, Mazedoniak erabat itxi zuen atzo Greziarekiko mugaldea; aurrez, Skopjieko agintariak hasiak ziren jatorriaren arabera iheslariei pasabidea ukatzen, Serbiaren gisa berean.

Serbiak hasi zuen jokaldia, asteazken arratsaldeko seietan. Belgradek hartutako neurriak, baina, Europako Batasunaren oinarrizko irizpide bati erantzuten dio: errefuxiatuen eta migratzaile ekonomikoen arteko bereizketari. Asilo eskubidearen alde agertu baitira Brusela eta EBko estatu kideak gerratik ihesi datozenentzat, baina arrazoi ekonomikoengatik jatorrizko herrialdea uzten duten migratzaileak hartzearen kontra.

UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Agentziak salatu zuen atzo Serbiako agintariak siriar, irakiar eta afganistandar errefuxiatuak soilik onartzen hasiak zirela. Gainerakoak Mazedoniara itzularazten ari zirela nabarmendu zuen UNHCRko Serbiako bozeramaile Melita Sunjicek.

Serbiako agintariek ezbairik gabe onartu zuten hala dela, eta «migratzaile ekonomikoei» bidea itxi izanaren erantzule Kroazia eta Eslovenia egin ditu —Europako Batasuneko kideak biak— Aleksandar Vulin Lan ministroak: «Ez dugu baimenduko gero bidean jarraitu ezingo duen inor Serbian sartzea. Ez dute gurean geratu nahi: pasabide bat besterik ez gara. Gure herrialdea babesteko hartu dugu erabaki hau, Kroaziak eta Esloveniak haientzat tokirik ez dutela erabaki baitute».

Hungariaren arrastoan

Esloveniak ere bidea itxi zien atzo Kroaziatik herrialdeko mugara iristen diren «migratzaile ekonomikoei», eta «gerratik ihesi» ari direnei soilik eman zien pasabidea. Jarraian gauza bera egin zuen Kroaziak ere, Serbiatik iristen zaizkion iheslariekin. «Mazedoniari eta Serbiari jakinarazi diegu gerrak erasandako herrialdeetakoak ez diren errefuxiatuek gehiago ezingo dutela pasabide hau baliatu», adierazi zion Ranko Ostojic Kroaziako Barne ministroak Vecernji list egunkariari.

Irailaren erdialdetik bihurtu zen Kroazia ibili handiko tartea Balkanetako igarobidean, hain zuzen ere Hungariak iheslariei bidea itxi eta Viktor Orbanen gobernua mugan hesiak eraikitzen hasi zenetik. Ordutik, Kroaziatik 415.000 errefuxiatu igaro direla kalkulatu du Belgradek.

Serbiak, Kroaziak eta Esloveniak iheslarien pasea jatorriaren arabera mugatu ostean —nahiz eta iheslari gehienak siriarrak, irakiarrak eta afganiarrak diren—, Mazedoniak itxi egin zuen atzo Greziarekiko muga. «Inori ez diote aurrera egiten uzten», jakinarazi zuen UNHCRren Greziako saileko arduradun batek. Aurrez, Skopjieko agintariek ere Greziara itzularazi zituzten siriarrak, irakiarrak eta afganiarrak ez ziren errefuxiatuak.

Mugaren Greziako aldean 500 errefuxiatu inguru pilatu ziren atzo, tartean 200 bat irandar. Istilurik ez zuten eragin lerro hauek idazteko orduan, baina uko egin zioten Idomeniko trantsitoko kanpalekura itzultzeari. Idomenin 2.000 errefuxiatu inguru daude gaur egun, UNHCRk jakinarazi duenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.