Migrazio neurriek agerian utzi dituzte CDUren eta CSUren desadostasunak

Alemaniako Barne ministroak immigrazioaren aurkako aliantza egin du Austria eta Italiarekin, baina ez du etxeko gobernu koalizioa hautsiko
Seehofer Alemaniako Barne ministroa eta Merkel kantzilerra, herenegun.
Seehofer Alemaniako Barne ministroa eta Merkel kantzilerra, herenegun. EFE

Ander Perez Zala -

2018ko ekainak 15
Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren CDU Batasun-Kristau Demokrataren eta haren Bavariako aliatu historiko CSU Batasun Sozial Kristauaren arteko harremana aro erabakigarrian dago. Aquarius ontziak eragindako gatazka diplomatikoek lehen mailara ekarri dute berriz migrazio legeen inguruko eztabaida, eta talkak Alemaniako gobernu koalizioaren parte bat jo du bete-betean. Herrialdeko Barne ministro eta CSUko presidente Horst Seehoferrek immigrazioaren aurkako hiruko aliantzan jarri zuen bere burua herenegun, Austriako kantziler Sebastian Kurzekin eta Italiako Barne ministro Matteo Salvinirekin batera, Europako mugak ixtea defendatzeko. Bada, lankidetza horrek Merkelen migrazio politiken aurka egiten du erabat, eta hori da Seehoferren helburuetako bat: CSU beti kokatu izan da CDUren eskuinean, eta, urrian Bavarian egingo diren hauteskundeei begira, CSUk are gehiago gogortu nahi du bere diskurtsoa eta migranteen kontrako neurriak, eskuin muturraren gorakada gelditu eta gehiengo osoa ez galtzeko. Alemaniako kantzilerrak, ordea, muga irekiak defendatu ditu, eta gobernuko desadostasunak agerian geratu dira. Oraingoz, Alemaniako Parlamentuko presidenteorde Hans-Peter Friedrichek, CSUkoak, baztertu egin du koalizioa haustea.

Berriz ere ikuspegi nazionala eta europarra daude jokoan Merkelen eta Seehoferren arteko talkan. Europar Kontseiluak bilera du hilaren bukaeran, eta iazko abenduan bi aste barruko zita jarri zuten epemugatzat asiloari buruzko legeak aldatzeko. Aldaketa horiek, ordea, gainontzeko estatuekin adostu nahi ditu Alemaniako kantzilerrak, ikuspegi eta erantzun komunak emateko. Alemaniako Barne ministroa, aldiz, ez da estrategia horren aldekoa, eta Europa ekialdeko estatuen iritziekin lerrokatu da: joan den asteartean asilo politika estutzeko plan bat aurkeztekoa zen, baina neurria atzeratu egin behar izan zuen, ustez Alemaniako kantzilerraren oposizioagatik. Merkelek bere alderdiaren buruzagitzaren babesa jaso zuen atzo auzi horren inguruan, eta, Friedrichek koalizioa ez hausteko konpromisoa hartu zuen arren, ganberan Barne ministroa babestuko dutela ohartarazi zuen. Merkelen autoritatearen kontrako lehen erronka nagusia da egunotakoa.

Macron-Conte, gaur

Aquarius ontziaren inguruko tentsio diplomatikoak ez du eragotzi, azkenean, Frantziako presidente Emmanuel Macronen eta Italiako lehen ministro Giuseppe Conteren arteko bilera. Gaur batzartuko dira bi buruzagiak, eta bileraren ostean prentsaurreko bat emango dute, ziurrenik migrazio politiken inguruan.

Conteren gobernuak 629 migranteri porturatzea debekatu zien aste hasieran, eta erabaki horrek Macronen haserrea eragin zuen, Frantziako migranteen kanpaleku bat desegiteko agindua eman zuen egunetan. Atzo, bada, Ziprek Siriako 67 errefuxiatu aurkitu zituen Mediterraneoan, eta bere itsasertzera hurbildu zituen, batik bat tentsio diplomatikoak ez areagotzeko. Bitartean, Gibraltargo itsasartean, zazpi txalupatan zihoazen 63 iheslari erreskatatu zituzten.

Hungarian, 25 urteko kartzela zigorrak ezarri zizkieten lau gizoni, 71 migranteren heriotzaren errudun jota; kamioi batean aurkitu zituzten, Austrian, itota.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna