Palestinarrak, Nazio Batuetara jotzeko une egokiaren bila

Erekaten arabera, larunbatean aurkeztuko dute okupazioa amaitzeko ebazpena, baina PANek iradoki du balitekeela gehiago atzeratzea
Asteburuan istiluak izan dira Zisjordanian eta Jerusalemen.
Asteburuan istiluak izan dira Zisjordanian eta Jerusalemen. A. AL HASHLAMOUN / EFE

Samara Velte -

2014ko azaroak 25
PAN Palestinako Aginte Nazionalak azaroaren 29an aurkeztu asmo du okupazioa amaitzeko proposamena Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Batzordean, ez lehenago eta ez beranduago; hala jakinarazi du Saeb Erekat negoziatzaile buruak.

Adierazpen horiekin zurrumurruak baretzen saiatu da Erekat, aurretik bestelako bertsio bat zabaldu baitu Riad Maliki PANen Atzerri ministroak: Maan berri agentzia palestinarrari adierazi dionez, baliteke NBEra jotzeko unea atzeratzekotan egotea Palestinako agintaritza. Alde batetik, Iranen programa nuklearrari buruzko negoziazioek lehentasuna dutelako uneotan NBEko kideentzat —akordioa atzoko lortu nahi zuten, baina udara arte atzeratzea erabaki dute—, eta, bestetik, palestinarrek oraindik ez dutelako aski babes bildu Segurtasun Batzordeko kideen artean.

PANen eta Israelgo Gobernuaren arteko negoziazioek huts egin zutenetik, Mahmud Abbas PANeko presidenteak behin baino gehiagotan azaldu du New Yorkera jotzeko asmoa. Baina, aldiro, gutxi gorabeherako egun bat agindu izan du, eta, oraingoz, guztiak igaro dira ebazpenik publiko egin gabe.

Uda amaieran, PANek Segurtasun Batzordeari aurkeztu nahi dion agiriaren zirriborro bat filtratu zuen. Ebazpenak Israelen okupazioa amaitzeko epea zehazteko eskatzen dio NBEri; asmo horren arabera, 2016rako ez luke Tel Aviven arrastorik —ez militarrik, eta ezta politikorik ere— geratu beharko ez Gazan, ez Zisjordanian, ezta Jerusalem ekialdean ere. Horren ordez, nazioarteko indarrek beteko lukete, aldi baterako, Israelgo armadak lurralde okupatuetan utzitako «segurtasun hutsunea».

Haaretz egunkariaren arabera, Abbasek azaroaren 29ari eutsi asmo dio proposamena New Yorken aurkezteko. Egun esanguratsua da Ekialde Hurbileko gatazkaren historian; izan ere, egun horretan, duela 67 urte, onartu zuen Segurtasun Batzordeak Palestina historikoa banatu eta zati batean Israelgo Estatua ezartzea. Hark handik hilabete gutxira hartu zuen gaur egun daukan forma, 1948ko gerraren ostean. Urte haietan, 800.000 palestinar baino gehiago egotzi zituzten haien herrietatik; gaur egun, familia horietako gehienak errefuxiatuak dira oraindik, itzultzeko eskubiderik gabe. Muga horiexek dira PANek New Yorkera eramango duen ebazpenak finkatzen dituenak.

PANen proposamenak berak eztabaida ugari eragiten dituela alde batera utzita —Abbasek hainbat urte daramatza bi estatuen irtenbidea bere aldetik negoziatzen, Palestinako herritarren artean kritikak gero eta ozenagoak diren arren—, asmoak bi oztopo nagusi ditu. Alde batetik, Segurtasun Kontseiluko bederatzi kideren babesa behar dute, gutxienez; eta Malikik berak aitortu du oraindik presio lanetan ari direla hori lortzeko. Bestetik, ikusteko dago Washingtonek zer erantzungo liokeen proposamenari; AEBek beto eskubidea dute Segurtasun Batzordean, eta, orain arte, halako ekinbide guztiak geldiarazi dituzte sistematikoki.

Azken hilabeteotan hainbat aitorpen keinu garrantzitsu egin dizkio Mendebaldeak Palestinari: Suediako Gobernuak ofizialki aitortu du estatu gisa, eta Erresuma Batuko eta Espainiako legebiltzarretan ere bozkatu dituzte horren aldeko ebazpenak; Frantziako Asanblea Nazionala, berriz, ostiral honetan da bozkatzekoa.

Estatu judurako bidea

Israelgo Gobernuak kanpaina gogorra abiatu du palestinarren eta haiei estatua aitortzen dieten guztien aurka, eta ministro eskuindarrenek sortutako lubakietan gotortu da. Israel «estatu judu» gisa definitzen duen lege proposamen bat onartu zuen atzo Benjamin Netanyahuren gobernuak. Israelen bertan polemika handia eragiten duen auzia da, baita kabinete barruan ere; izan ere, Israelgo oinarrizko legean —ez dauka konstituzio formalik— aldaketa nabarmena dakar: orain Israelgo Estatua «judua eta demokratikoa» dela dioen lekuan «herri juduaren aberria» jarri nahi du.

Gobernuko hamalau ministrok alde bozkatu dute —eskuindarrenek—, eta sei moderatuagoek, aurka. Gizarte zibilak kritika gogorrak egin dizkio Netanyahuri, neurri horrek juduak ez diren guztien aurkako diskriminazioa instituzionalizatzeko bidea zabaltzen duelako. Horrek, batez ere, Israelen bizi diren 1,7 milioi palestinarrei eragingo lieke; teknikoki Israelgo herritarrak dira —gehienak, 1948an euren herrian geratzea lortu zuten palestinarren ondorengoak—, baina, praktikan, jada sufritzen dute bazterkeria.

Netanyahuk esan du kosta ahala kosta onartuko duela legea, «parlamentuaren gehiengoarekin edo gabe». Arabiarren eskubideen aldeko elkarteek mendekuzko estrategia bat dela salatu dute: azken asteotan istilu larriak gertatzen ari dira Jerusalemen eta Zisjordanian —atzo judu ultraortodoxo bati labanaz eraso zioten Jerusalemen—. Neurri horrez gainera, Israelgo Estatuaren aurkako ekintzetan nahastutako palestinarrei egoitza baimena kentzeko egitasmo bat ere abiatu du Tel Avivek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna