Frantziaren eta Italiaren arteko tentsioa areagotu du 'Aquarius'-ek

Italiak bertan behera utzi du bi estatuetako Ekonomia ministroen arteko bilera. Erromak Dublingo araudiaren erreforma gidatuko du
Matteo Salvini azalpenak ematen, atzo, Italiako Senatuan.
Matteo Salvini azalpenak ematen, atzo, Italiako Senatuan. ETTORE FERRARI / EFE

Iosu Alberdi -

2018ko ekainak 14
Italiako Barne ministro Matteo Salvinik gogor egin du Europatik iritsitako kritiken aurka, eta EB Europako Batasunari eskatu dio zerbait egin dezala immigrazioaren gaiarekin, «edo betirako isildu dadila». Paris egon da Italiako Gobernuaren hitzen jomugan, Frantziako presidente Emmanuel Macronek Erromaren «zinismoa» eta «arduragabekeria» kritikatu ostean, 629 immigrante zeramatzan Aquarius ontzia Catanian (Italia) porturatzen ez uzteagatik.

Italiako lehen ministro Giuseppe Contek «hipokritatzat» jo zituen atzo Paristik iritsitako mezuak, baina Erromako gobernuaren haserrea ez da hitzetan geratu. Italiako Ekonomia ministro Giovanni Triak Frantziako bere homologo Bruno Le Mairekin izan beharreko bilera bertan behera utzi zuen atzo, gatazka diplomatikoaren ondorioz, eta biharko antolatuta dagoen Macronen eta Conteren artekoa ere egingo den zalantzan dago. Salvinik azaldu du ulertuko lukeela Contek zitari uko egitea: «Conte legitimatuta dago Frantziara ez joateko».

Frantziako diplomazialari Claire Anne Raulin ere Italiako Atzerri ministro Enzo Moavero Milanesiren aurrera agertu behar izan zen, azalpenak emateko. Atzerri Ministerioak egoera normaltasunera itzultzeko «beharrezko ekinbideak» berehala hasteko eskatu dio Frantziari, gutun baten bidez: «[Frantziako Gobernuaren] Adierazpenek arriskuan jarri dituzte Italiaren eta Frantziaren arteko harremanak».

Frantziako Atzerri Ministerioak, berriz, «ezinbestekotzat» jo du bi estatuak immigrazioaren inguruko akordioak lortzea, eta bide horretan kokatu du Macronen eta Conteren arteko bilera.

Italiako Gobernuak, ordea, kritikatu du Parisek Italiaren eta Frantziaren arteko muga zeharkatu duten 10.000 lagun baino gehiago itzularazi dituela, eta hartzera konprometitu zen 9.000 immigranteetatik 640 besterik ez dituela hartu.

Espainiako Gobernuarentzat bestelako hitzak izan zituen Salvinik, eta Madrilen eskuzabaltasuna eskertu zuen. Halere, adierazi zuen Espainiako presidente Pedro Sanchezek «marjina zabala» duela halako zerbait egiteko: «Espainiak 16.000 asilo eskatzaile inguru bakarrik ditu. Italian, berriz, 170.000 daude».

Estatuburuen gai zerrendan

Salvini Italiako Senatuan izan zen atzo, Aquarius ontziaren inguruko azalpenak ematen, eta adierazi zuen Italia ezin dela izan immigrazioaren gaia bere gain hartzen duen bakarra. Horretarako, Dublingo araudia hobetu beharra azpimarratu zuen. Araudi horrek immigranteen banaketa arautzen du EBko kideen artean. Gaia hilabete amaierako Europar Kontseiluaren bileran tratatuko dute EBko estatu eta gobernu buruek. Italiak, Alemania eta Austriarekin batera, araudi hori erreformatzeko iniziatiba berri bat gidatuko duela adierazi zuen Salvinik.

Bien bitartean, Mediterraneo itsasoarekin muga egiten duten EBko estatuen arteko akordioa eskatu du NBEko Errefuxiatuen gaietarako goi mandatari Filippo Grandik, «karga banatzeko». Halere, azpimarratu du erreskaterik ez egitea ez dela erantzuna, eta portuak ixteak horiek arriskuan jartzen dituela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna