Oposizioak lehen aldiz irabazi ditu Malaysiako hauteskundeak

22 urtez lehen ministro izandako Mahathir Mohameden alderdia Fronte Nazionala koalizioari nagusitu zaio. 92 urte dauzka

Mahathir Mohamed, atzo, irabazi zuela jakin ondoren. AHMAD YUSNI / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
1957an Erresuma Batutik independizatu zenetik, Fronte Nazionala koalizioak agindu du Malaysian. 1981 eta 2003 artean Mahathir Mohamed izan zen lehen ministroa, eta agintaldi hura bukatzean erretiroa hartzea erabaki zuen. Baina alderdi barruko ustelkeria kasuak azaleratu zituzten 2015ean, horregatik «lotsa» sentitu zuela adierazi zuen, eta duela bi urte oposizioko Itxaropenaren Aldeko Ituna alderdiarekin bat egin zuen. Herenegun, hauteskunde orokorrak egin zituzten, eta oposizioa, Mahathir 92 urtekoaren alderdia, lehen aldiz nagusitu zen. Aldaketa historikoa gertatu da, beraz, Malaysian.

Legebiltzarreko 222 eserlekuetatik 113 atera ditu alderdi garaileak, eta, gehiengo parlamentarioa lortzeko 112 behar direnez, lehen ministro izendatuko dute Mahathir, eta munduko buruzagi zaharrena bilakatuko da. 2013ko hauteskundeekin alderatuz, 46 eserleku irabazi ditu haren alderdiak. Fronte Nazionalak 79 diputatu izango ditu, eta, aurreko bozekin konparatuz, 54 jarleku galdu ditu. Najib Razak azken bederatzi urteotan lehen ministro izandakoari estatuaren funtsetatik ehunka milioi dolar desbideratzea leporatu zioten duela hiru urte, baina berriro aurkeztu da, eta nabaritu du, bai, haren kontrako akusazioa.

Bozetako emaitzak kiroltasunez hartu ditu. Adierazi zuen «herriaren erabakia» onartzen duela, eta «demokrazia errespetatzeko» konpromisoa hartu du. Garaileak, berriz, malaysiarrek «duintasuna» berreskuratu dutela nabarmendu zuen, eta zein helburu duen aipatu: «Legea berrezartzea».

Fronte Nazionalak etnia malaiarraren —herritarren erdia— botoa bereganatu izan du beti, baina Mohameden hautagaitzak banatu egin ditu etnia horretako kideak. Kontuan hartu behar da, gainera, etnia gutxituek 22 urtez lehen ministroa izan zenaren alde egin dutela. Boterean egon zen azkeneko hamarkadan garapen ekonomiko handia eduki zuen Malaysiak, Asia hego-ekialdeko beste herrialde batzuek bezala; kasurako, Singapur eta Taiwan.

Malaysiako analisten arabera, politikari pragmatikoa da Mohamed, eta joera hori izango du haren agintaldiak. Halere, 92 urte dituenez, kanpainan esan zuen bere asmoa zela boterean «denbora gutxiz» egotea, eta ordezko bat izendatzea. Haren aurreko agintaldian lehen ministrorde izandako Anuar Ibrahim da aukeratua, baina kartzela zigorra betetzen ari da, «sodomia» delitua leporatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.