Haniyeh: «Ez dugu onartuko blokeoa amaitzea baino gutxiago»

Alderdi palestinarretako buruak Dohan elkartu dira egunotan.

Suziriek haur israeldar bat hil dute, eta Tel Avivek erasoak indartu ditu
Gaza hiriko Al-Susi meskita, suntsituta.
Gaza hiriko Al-Susi meskita, suntsituta. MOHAMMED SABER / EFE

Samara Velte -

2014ko abuztuak 23
Su-etena hautsi eta bigarren egunean, jendaurrean hitz egin du Ismail Haniyeh Gazako lehen ministroak. Israelen asmoa benetan negoziatzea baldin bada, palestinarren «eskari bidezkoak» bete behar dituela adierazi du, eta Hamasek ez duela onartuko «zazpi urteko setioa eta blokeo ekonomikoa etetea baino gutxiago». Egunotan, hainbat bider elkartu dira Khaled Mexal Hamaseko burua eta Mahmud Abbas PANeko presidentea Dohan, eta gatazka amaitzeko egutegi bat zehazteko eskatu diote NBE Nazio Batuen Erakundeari. Besteak beste, blokeoaren amaiera eta Palestinako Estatuaren sorrera antolatzeko eskatu diote.

Palestinako Batasun Gobernuaren izenean hitz egin dute fakzio nagusietako buruek, baina Abbas izan da bilera horietako eragile nagusia. Hamas eta Fatah etsaitu zirenetik, PANek ez du aginterik Gazan, baina palestinarren izenean diharduen erakunde nagusietako bat da. Gainera, Abbasek baditu kezkatzeko beste arrazoi batzuk; izan ere, Gazako bonbardaketen itzalean, Zisjordanian bestelako gerra darama Israelek. Atzo parlamentari bat atxilotu zuen Hebronen, eta Khalida Jarrar PFLP Palestina Askatzeko Herri Fronteko buruzagia Jerikora deportatzen ahalegindu da.

Israelgo Gobernutik ez dute negoziaziorik aipatu jendaurrean —besteak beste, hainbat ministro Hamasekin hitz egitearen aurka daudelako—, baina auziaz eztabaidatu dute kabinetearen bileretan. Haaretz egunkariaren arabera, «erasoaren amaierak Kairotik» heldu behar duela dio Tel Avivek.

Haur israeldar bat hil dute

Azken egunotan, Hamasek dozenaka misil jaurti ditu Israelera; haietako batzuek zibilen guneak jo zituzten atzo, gutxienez lau lagun zaurituz eta lau urteko haur israeldar bat hilez. Israelek erasoa indartuko zuela jakinarazi zuen, eta gutxienez zazpi lagun hil eta berrogeitik gora zauritu zituen, Gazako auzo bat bonbardatuta.

Hamasen al-Qassam brigadek ustezko hemezortzi kolaborazionista fusilatu dituztela argitaratu dute alderdiaren gertuko hedabideek. Palestinako legearen arabera, Israelentzat lan egiteak heriotza zigorra ekar lezake, eta hemezortzi horiek erruduntzat jo zituen auzitegi batek aurretik. 11 hil zituzten polizia etxe batean, eta beste zazpiak meskita baten aurrean, ostiral eguerdiko errezoen ostetik.

Bezperan, al-Qassam brigadetako hiru buruzagi hil zituen Israelek. Benjamin Netanyahu lehen ministroak Shin Bet zerbitzu sekretuei eskertu zien «profesionaltasuna», eta hedabide gehienek horren erantzun gisa ulertu dituzte atzoko exekuzioak, Israelekin lan egiten dutenentzako abisu modura.

Haniyehren ustez, hiru kargudun militarren galera «prezio naturala» da: «Historiak erakutsi digu Israelek uste baino indartsuago eta gogorrago bihurtzen dela Hamas bere buruzagiak hiltzen dituztenean».

Libano baino garestiago

Hegi Babesgarria azken urteotako gerra garestiena izaten ari da Israelentzat. Haaretz-en arabera, eguneko 60 milioi dolar (45 milioi euro inguru) kostatzen zaio armadari Gaza bonbardatzea; denera, 2.500 milioi dolar, 2006ko Libanoko gerra baino gehiago.

Erasoa hasi zenetik, 68 israeldar hil dira; horietatik 64 soldaduak ziren. Hildako palestinarrak, berriz, 2.000 baino gehiago dira. UNICEF erakundeak emandako datuen arabera, gutxienez 469 haur hil ditu Israelgo armadak, eta beste 370.000 inguruk laguntza psikologikoa behar dute. «Ez dago familia bakar bat ere kiderik hil edo zauritu ez diotenik».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna