Mayk kontzesio garrantzitsuekin saihestu du barne zatiketa bozketan

'Brexit'-aren inguruan ez bada akordiorik azaro amaierarako, Erresuma Batuko Komunen Ganberak gidatuko lituzke negoziazioak

ander perez zala
2018ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Garaipen gazi-gozoak lortu ditu Erresuma Batuko lehen ministro Theresa Mayk brexit-aren legearen inguruan. Lorden Ganberan ezarritako hamabost zuzenketak Komunen Ganberara itzuli ziren atzo, eta, eztabaidaren eta bozketen lehen egunean —gaur amaituko da—, Mayk garaipen garrantzitsu batzuk lortu zituen, kanpora begira bada ere. Garesti aterako zaio, kontzesio garrantzitsu batzuei esker saihestu baitzuen porrota: lordek aurkezturiko zuzenketa baten bere bertsioa proposatu zien alderdiko diputatu europazaleei, eta zin egin zien Komunen Ganberak zeresana izango duela EB Europako Batasunaren eta Londresen arteko negoziazioetan, bi aldeek azaroaren 30erako akordiorik ez badute adosten. Hau da, data horretatik aurrera Londresek ganberaren babesa beharko duela negoziazioei begira, eta ez kasu horretan soilik; akordioa adosten badute ere, Mayk babes hori bilatu beharko du diputatuek urriko saioan akordioaren kontra bozkatzen badute, eta beraz EBk eta Londresek urriaren eta azaroaren artean ez badute beste akordiorik adosten. Bada arazo bat, ordea: diputatuek brexit-aren data kentzeko zuzenketaren aurka egin zuten; beraz, baliteke egutegia gehiago estutzea.

Testua astelehenean itzuliko da Lorden Ganberara, eta gobernuak berak aurkeztuko du zuzenketa; konpromiso horrekin lortu zuen Mayk atzoko porrot garrantzitsuena saihestea. Oraingoz, Erresuma Batuko lehen ministroak parlamentuari eman dio akordioaren inguruan bozkatzeko aukera —Justiziak behartuta—, baina ohartaraziz kontra bozkatuz gero brexit-a akordiorik gabe gauzatuko litzatekeela. Dominic Grieve diputatu kontserbadoreak lehen ministroari ohartarazi zion asteleheneko zuzenketan atzera egingo balu diputatuek aukera izango luketela atzoko bozketa berriz egiteko. Beraz, oraingoz, brexit-a akordiorik gabe gauzatzeko aukera ia desagertu egin da.

Mayrentzako albiste txar batekin hasi zen bozketa eguna: Phillip Lee Justiziarako Estatu idazkariak dimisioa aurkeztu zuen, bere gobernuaren aurka bozkatzeko egunotako saioetan. Erresuma Batuko lehen ministroaren kontzesioak kontuan harturik, erabakiak «merezi izan» zuela adierazi zuen atzo Leek.

Aduana batasuna

Leeren dimisioaren berri izateaz gain, Mayk lorden lehen zuzenketaren inguruko bozketa saihestu zuen saioaren hasieran, zuzenketaren edukia onartu baitzuen. Beraz, hemendik aurrera ministroek parlamentuaren aurrean frogatu beharko dute nola saiatu diren eta saiatuko diren EBrekin «aduana akordio bat» adosten.

Diputatu europazaleek brexit leun bat nahi dute, eta horretarako giltzarritzat dute aduana batasunean geratzea eta EEE Europako Esparru Ekonomikoan geratzea. EEEri buruzko zuzenketa gaur bozkatuko dute, eta ikusteko dago Mayk porrota jasango duen ala beste kontzesioren bat prest izango duen. Parlamentua EEEn geratzearen aldekoa da, eta EBk jarrera hori babesten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.