Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Kultura Buruz beherako iraultzaren alde

Publizitatea

Kultura

Buruz beherako iraultzaren alde

'Arakistainen bidea' liburua plazaratu du Fito Rodriguezek, autore surrealisten antologia bat eta gogoeta pertsonalak batzen dituen lana
Argazkia: JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

2017-05-20 / Gorka Erostarbe

«Goitik beherakoa, horixe izan zen Luisen alabaren norabidea Londresen. Heriok deituta hartutako bidea. Biluzik. Nahita. Desamodioak erakutsitako noranzkoa. Elipserik gabeko airean zeharreko azken bidea. Jokabide hautatua, buruz beherakoa». Fito Rodriguezek plazaratu berri duen Arakistainen bidea (Txalaparta) laneko lehen lerroak dira.

Luis Arakistain Espainiako Errepublikako enbaxadorea izan zen Alemanian nazismoaren sorrera garaian —euskal jatorrikoa izanagatik, Kantabrian jaioa zen, Espainian—, eta, Frantzian diplomazialaria zela, frankisten aurkako gerran antifaxistak hornitzeko armak erosten aritu zen. «Ezkerreko intelektual handi bat izan zen, eta idazlea», Rodriguezen hitzetan. «Haren alaba Sara, aldiz, ez zen ezkerreko militante sozialista, baizik eta anarkista. Margolaria zen, eta Londresen bizi izan zen. Han egin zuen bere buruaz beste». 1945ko udazkenean, hain zuzen ere. Suizidioa hautatu zuen; ordurako, surrealistek egina zuten suizidioaren aldarria ere. Honela dio liburuan: «Sonia Arakistainek ez zuen amore eman bere buruaz beste egin zuenean, askatasunaren aldarri bihurtu baizik. Bizitzeko eta hiltzeko. Paradoxa bihurtu zuen bere erabakia, surrealista izan zelako, buruz eta bihotzez, hitzez eta marrazkiz, ideiez eta bizitzaz».

Sara Arakistainen istorioa eta idazle surrealistekiko mira uztartu ditu Rodriguezek saiakera eta zenbait poemaren «itzulpen librea» batzen dituen liburuan: «Testu surrealisten antologia surrealista bat da», egileak atzo egindako aurkezpenean azaldu zuenez. «Sekula ez dut jakiten idatzitako hori zer generotakoa den zehazki. Liburu honen epilogoan esaten dut hau ez dela antologia bat, baina editoreak antologia bezala sailkatu du, beraz... Gainera, honek guztiak badu loturarik surrealismoarekin, Magritten Hau ez da pipa bat margolanarekin...».

Zein genero idazten duen jakin gabe ere, gauza bat du argi: «Literatura egiten dut; pentsatzeko eta pentsarazteko tresna da literatura. Liburu honekin, besteek idatzitako testuak berriro mahaigaineratu nahi izan ditut, ikusmolde berriz bada ere». Euskal literaturan surrealismoak ez du izan predikamendu handirik, Rodriguezen hitzetan. Bere literaturan, ordea, pisu handia izan du. Aurrez, Magrittek ez omen zuen pipatzen (Txalaparta, 2001) eta Jeu de paume (Txalaparta, 2005) lanak idatzi zituen. «Trilogia osatu dut, horrenbestez: surrealismoari eskainitako hirukia osatua dago».

Politikoki konprometituak

«Euskal argitaldari batek surrealismoa intelektualen jolas txatxuen emaitza besterik ez zela esan zidan behin, eta nik nazien aurka armak eskuan erresistentzian aritutako idazle surrealisten zerrenda aski luzea bota nion bat-batean», dio liburuan, azken kapituluko pasarte batean. Izan ere, subertsiboak izateaz gain, «politikoki konprometituak» ere baziren surrealistak, egilearen esanetan. «Surrealismoak, gerren arteko aldi hartan, kolokan jartzen du iraultzarako ohiko bidea. Iraultzarako ohiko bidea leninista zen: lehenik iraultza egin beharra dago, eta gero bizitza aldatu. Surrealistek planteatu zuten bizitza aldatu beharra zegoela, eta horren bidez iraultza egin. Haien joera zen errealismoaren kontrakoa, eta baita errealismo sozialistaren kontrakoa ere».

Surrealismoak «irudikapena jartzen du kolokan», Rodriguezek dioenez, eta ikuspegi horrekin bat egiten du: «Surrealismoa modu iraingarrian hartu da zenbaitetan, baina oso egokia da hausnartzeko eta iraultzarako ere. Iraultza egiteko bidea jartzen du kolokan, baina ez iraultza. Iraultza aldarrikatzen dute goitik behera». Kultura iraultzarako bidea da surrealistentzat, eta horregatik «literatura burgesaren kontra» jotzen dute. «Batez ere, nobelaren kontra. Badago ispilu nobela dei dezakeguna, Balzacekin hasi zen hura. Eta gaur egunera eta gure ingurunera etorriz, Patria [Fernando Aranburu] edo Martutene [Ramon Saizarbitoria] bera izan daitezke nobela eredu horretakoak».

Epilogoaz gain, beste 21 kapitulu biltzen ditu liburuak. Atal bakoitzak autore surrealista bat du ardatz: haren inguruko sarrera bat, liburuari saiakera tonua ematen diona, eta haren poema bat euskarara ekarria. «Ez dut neure burua itzultzailetzat, eta itzuli baino gehiago poemek eragindako irudikapen mentala ekarri dut euskarara, modu librean».

Besteak beste, Aime Cesaire, Rene Char, Joyce Mansour, Robert Rius, Jaques Prevert, Unica Zurn, Francis Martinez Picabia, Andre Breton eta Robert Desnosen poemak eta haien inguruko oharrak dakartza lanak. «Askok uste dute surrealistak frantsesak eta gizonezkoak izan zirela soilik, eta ez da hala. Badaude alemaniarrak, espainiarrak, katalanak, egiptoarra, antillarra... Alteritatea azpimarratzen zuten surrealistek, bestea ulertzea, eta, alde horretatik, mugimendu antikolonialista izan zen, esaterako. Andre Breton Haitin egon ondoren, iraultza izan zen han».

Bai surrealisten, bai Rodriguezen iritzian, «ikuspuntuak dira aldatu behar direnak» errealitateaz jabetu ahal izateko: «Normaltasunak, arruntasunak eta ohiturek lotu egiten gaituzte, eta behar ditugu modu berriak bestelako bizitza bat, benetan bizitzea merezi duen bizitza bat izateko».

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak