Pentsamendua 

Psikotikoak, fetitxistak eta neurotikoak

'Populismoaz. Subiranotasun globala eta euskal independentzia' saiakera plazaratu du Joseba Gabilondok. Neoliberalismoari aurre egiteko, ezkerreko populismoa aldarrikatu du

Ainhoa Sarasola.
Donostia
2017ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
«Ezkerreko pentsamendu tradizionalak pott egin du. Zerbait berria pentsatu behar dugu, bestela jai dugu». Bere burua zeregin horretan jarria du aspaldian Joseba Gabilondok. Michigango Unibertsitateko (AEB) irakasleak Globalizazioak eta Erdi Aro berria (Erein) saiakera plazaratu zuen iaz, eta, haren jarraipen gisa, Populismoaz. Subiranotasun globala eta euskal independentzia (Txalaparta) eman du orain argitara. Egoera soziopolitiko globala eta Euskal Herrikoa aztertuta, populismoa «egungo politikaren logika eta kondizio nagusia» dela ondorioztatu du, eta ezkerrak ere horretaz jabetu beharko lukeela uste du, ezkerreko populismo bat zabaltzeko. Euskal alderdiei dagokienez, EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen logikak aztertu ditu, eta psikoanalisia hartu du oinarri bakoitzarena definitzeko: psikosia, fetitxismoa eta neurosia.

«Garbi dago 68ko euskal pentsamendu abertzalearen errentetatik bizi izan garela orain arte, baina uste dut pentsamendu hori bukatu dela. Ez dut esan nahi pentsamendu hori txarra denik, baizik eta izugarri luzatu dela, gehiegi». Horregatik, egun hori guztia berriz pentsatzea zaila dela uste du Gabilondok. «Baina une honetan euskal historia, politika, pentsamendua birpentsatzen ez baditugu eta aukera berriak sortzen ez baditugu, oso gaizki ibiliko gara».

Aurreko lanean ere zeregin horri ekin zion irakasleak, eta gizartea «Erdi Aro berri batera» bidean dagoela defendatu zuen; orain arteko globalizazioa agortzear dagoela, eta klase prekarizatua antolatzeko modu bakarra populismoa dela, besteak beste. Ideia horietan sakondu du liburu berrian, populismoaz duen ikuspegia definitzetik hasita. «Populismoa ez da bakarrik joera politiko bat edo aukera bat, baizik eta neoliberalismoak sortu duen kondizio bat, gaur egun politika guztia itxuratzen duen kondizio nagusia». Populismo hori zerk definitzen du? Irakaslearen ustez, II. Mundu Gerratik hona klase ertaina bizi izan den «oasi edo ispilutze hori» desagertu egin da 2008ko krisiarekin, eta «orain, atzera begiratuta, ikusten da klase ertainak ez duela inoiz aukerarik izan hobetzeko». Sozialdemokrazia eredu gisa desagertzetik etorri da populismoa, eta bere ezaugarri nagusia, Gabilondoren hitzetan, zera litzateke: klase ertainak jada ez duela gora begiratzen, behera baizik, eta beldurrez, badakielako geroa ez dela ongizatea izango, baizik eta prekaritatea. «Prekarizazioa are eta gehiago handitu, orduan eta argiago ikusi da populismoa kondizio gisa Euskal Herrian ere dinamika bat bihurtzen ari dela». Harentzat argia da ondorioa: «Gaur egungo kondizio horri erantzuteko, populistak izan behar dugu».

Ezker «arrazionala»

Europan eta AEBetan, eskuina izan da, Gabilondoren ustez, populismoaren logika ulertu eta bereganatu duena, ez ezkerra. «Eta populismoa indartu ahala, politikaren alde irrazionalenek askoz ere garrantzi handiagoa dute». Bestela, arrazionalki pentsatuta, Trumpi hainbeste pobrek nolatan eman dioten botoa ezin dela ulertu uste du. «Beraz, irrazionaltasun horren logika zein den ulertu behar da, zeren izan badauka».

Euskal Herrian, Gabilondoren ustez, EAJ da hori ongien ulertu duena, ezkerrak politika «oso era arrazionalistan» pentsatzen baitu oraindik. Haren iritziz, ezkerrak oraindik ere pentsatzen du langile klase bat badagoela, eta lehentasun historikoa hari eman behar zaiola, historia alda dezan. Baina prekarizazioak «klaseen heterogeneotasuna» ekarri duela uste du, eta egun ez dagoela politika egingo duen klase sozial bat.

Nazionalismoaz, berriz, uste du gaur egun «kanpokoarekiko» pentsatzen dela, neoliberalismoarekiko; eta diru sarrerak bermatzeko errentarekin gertatutakoa bezalakoak gero eta gehiago ikusiko direla uste du. «Neoliberalismoaren pentsamendu populistatik abiatuta pentsatu beharko dugu politika; politika bere terminoetan pentsatzera bortxatuko gaitu eskuinak. Beraz, edo populismoa serioski hartzen dugu eta ezkerreko populismo bat hedatzen dugu, edo horretan bukatuko dugu».

Horiek horrela, hiru euskal alderdiren logikak aztertzeari heltzen dio egileak liburuaren azken zatian, psikoanalisitik heldu ere. EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos izan ditu aztergai, eta ohiko kritika politikoa egin ordez, alderdi bakoitzaren «impasse irrazionalei» erreparatu die. Ildo horretan, EAJ «psikotikoa» litzatekeela dio: «Argi dago ezingo duela segitu neoliberala izaten eta jendea kudeatzen edo ongizate estatua aurrera eramaten. Zartadura hori handituz joango da, eta, beraz, EAJren geroa psikotikoa da». EH Bilduren joera irrazionala «fetitxismoa» litzateke. «Bere hutsune politiko guztien aurrean fetitxe bat ateratzen du, eta esaten du dena konponduko duela sozialismoarekin. Baina horren atzean ez dago garbi egituratutako politika bat». Elkarrekin Podemosen kasua definitzeko, berriz, «neurosia» litzateke hitz egokia haren ustez, eta Kataluniako erreferendumarekiko duen jarrera jarri du adibidetzat. «Batetik, legea onartzen du, demokrazia, estatua... eta bestetik, nahi luke izan legearen eta estatuaren alternatiba bat».

Errepublika independente bat sortu nahi badu, euskal ezkerrak kontuan hartu beharreko bi ideia daudela uste du Gabilondok. Batetik, irrazionaltasunaren politika egin beharko duela, afektibitatealanduz: «Uste dut independentziarako lehen pausoetako bat dela Espainiarekiko beldurra hedatzea, hau da, Espainia urperatuz doan ontzi bat dela, eta gu ere urperatuko garela beste zerbait egin ezean. Hori zentzurik populistenean hedatu behar da; jendeak ez du hori soilik pentsatu behar, sentitu egin behar du». Eta, bestetik, euskal independentziari «eduki oso zehatzak, materialak» eman behar zaizkiola. «Ezin dugu demokrazia sozialaren errezeta jada zaharkituetara itzuli; errezetak geuk sortu behar ditugu. Probokazio moduan nahi bada: jendeak beldurra dio euskal independentziari, ez baitaki zer den hori».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.