Ligakoa ez da samurragoa

Etzi Maccabiren aurka jokatu aurretik, Kanaria Handiaren kantxan ariko da gaur Baskonia (21:30). Andrea Bargnani Gasteizen gelditu da

unai zubeldia
2016ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Euroligako jardunak estututa, Baskonia gorabehera dezente izaten ari da denboraldi honetan ACB ligan. Normala ere bada, bizpahiru egunetik behin aurre egin behar izaten diolako Europako talde indartsuenetako bati. Beauvoisek azken jokaldian huts eginda, Panathinaikos mendean hartu ezinik gelditu ziren arabarrak joan den ostiralean (69-68), eta etzi beste aukera bat izango dute, etxean, Maccabiren aurka (21:00). Hori bai, gasteiztarrak ACB ligari heldu beharrean dira aurretik. Urte amaierarekin batera asko estutu da saskibaloi egutegia, eta ez dago atsedenerako tarterik.

Kanaria Handiak ez dauka Panathinaikosen edo Maccabiren izenik, baina joan den ostiralekoa edo etzikoa bezain erronka zaila izango da gaur iluntzekoa (21:30). Azken urteotako estatistikei heltzea nahikoa da horretaz jabetzeko. Baskoniak 2012ko urriaren 13an irabazi zuen azkenekoz Kanaria Handian (64-80), eta ordutik galdu egin ditu ACB ligan eta kanporaketetan jokatutako bost partidak. Hori gutxi ez, eta beste behin ere Andrea Bargnaniren hutsunea izango dute arabarrek. Gastroenteritisa dauka italiarrak, eta hamahirugarrenez geldituko da jokatu gabe; 28 partida jokatu ditu Baskoniak.

Aurkaria, oso bolada onean

Kanaria Handia «oso aurkari arriskutsua» izango dela uste du Sito Alonsok, Baskoniaren entrenatzaileak. «Gure talde guztiak baino esperientzia handiagoa dauka Bo McCalebb joko antolatzaileak. Oso talde indartsua da». ACB ligan baloi gehien lapurtzen duen taldea da (9,46 partidako); txapel gehien jartzen duena ere bada (3,23 partidako), eta baita erasoko errebote gehien hartzen duena ere (12,31 partidako).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.