Albistea entzun

Beltza baitzaio bizitzaren argigarri

Txomin Peillenek narrazio beltzak bildu ditu 'Zaldi beltzak zeruan' lan berrian. Gaur aurkeztuko du, (H)ilbeltza jaialdian, Amaiurren
Txomin Peillen, <em>Zaldi beltzak zeruan</em> lan berria eskuetan.
Txomin Peillen, Zaldi beltzak zeruan lan berria eskuetan. JUAN CARLOS RUIZ / ARP Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Erostarbe Leunda -

2018ko urtarrilak 17 - Donostia

Genero beltzaren aitzindarietako bat izan zen euskal literaturan. Oraindik ere idazten du, eta baita genero beltza landu ere. «Euskaltzain zaharrena naiz honezkero, baina jo eta ke segitzen dut idazten». Txomin Peilleni (Paris, 1932) bizia ematen dio idazteak, eta euskarazko berrogeita hamahirugarren liburua argitaratu berri du Pamiela eta Maiatz argitaletxeen elkarlanari esker, Baztango (H)ilbeltza Euskal Nobela Beltzaren Asteak akuilaturik.

Zaldi beltzak zeruan du izenburu lan berriak, eta bilduma berezi bat dakar barruan. Izan ere, batetik, Gauaz ibiltzen dana liburuaren hiru kapitulu biltzen ditu, eta haien segidan datoz beste bost ipuin berri. Lehenago idatzi bazuen ere, 1967an argitaratu zuen Peillenek Gauaz ibiltzen dana nobela beltza. Ordura arte, Jose Antonio Loidiren Hamabost egun Urgainen (1955) eta Mariano Izetaraen Dirua galgarri (1962) ziren euskaraz idatzitako genero beltzeko lan bakarrak. Liburua argitaratu zenetik iaz mende erdi bete zela-eta, lan berri bat argitaratzeko gonbita egin zioten Peilleni, espresuki (H)ilbeltza jaialdirako egin zezan. Erabaki zuen Gauaz ibiltzen dena liburuko hiru kapitulu sartzea, batetik: «Liburuaren parte onena dela iruditzen zait, tartekoa. Hasiera geldo samarra baitu liburuak, eta amaiera ez zait ona iruditzen», adierazi zuen liburuaren aurkezpen egunean, umoreari bizi eusten diola erakutsiz. «Neuk ez badut neure lana kritikatzen, ez du inork egingo. Sarri gertatu baitzait hori, inolako kritikarik jaso ez izana, eta hori da liburu bati gerta dakiokeen okerrena. Kritiketatik ikasi egiten baita», Peillenek, zintzotasunez. Pettiri Sabuki izeneko polizia da Gauaz ibiltzen dana-ko protagonista nagusia. Euskaldun paristartua da Sabuki, eta muga aldean, Espainiatik lan bila datozen etorkin klandestinoentzako nortasun agiri faltsuen trafiko kasu bat argituko du.

Bost ipuin berriak, bestetik, azken bi urteetan idatzi ditu Peillenek. Herentzia batekin desagerpen baten berri duen anaiaren bilaketa (Josephen begizkoak); mafiako buruaren hilketa eta ordezkoarengatiko lehia (Karteleko- ak); Milanen arrebaren joko zikina ezagutzen duenaren ibilera (Paradisua ez da Milanon); lan bila dabilen gazteak familietan gertatzen diren zikinkeriak deskubritzen dituenekoa (Zakur bazka); eta hildakoekin lanean eta bizidunekin jostetan aritzen den lege medikua (Lege-mediko aditua). Azken hori lehendik argitaratua zegoen, Utriusque Vasconiae etxearen 2008ko Jende ederrak bilduman, hain zuzen ere. «Ez da gehien gustatzen zaidana, egia esan», zintzotasun kolpea Peillenek.

Igelatik, ezerosoa

Aspaldiko adiskidea du Peillenek Joseba Sarrionandia, eta hark egin du liburuaren hitzaurrea. Honela dio: «Lurreango bizitza beti izan da zurian beltza, eta hori mundu globalizatu honetan agian argiago ikusten da. Txomin Peillenen idazlan guztiek argiztatzen dute iluntasun hori, mila kontatu eta aldiro beste kontu argigarri bat dakarrela. Ipuin beltz hauek ere argituko dute zerbait».

Txomin Peillen bera saiatuko da gaur genero beltzaren eta bere azken liburuaren ingurukoak argitzen, (H)ilbeltza jaialdiaren barruan ariko baita, Amaiurko elkartean (Baztan, Nafarroa), 19:00etan, eta solaskide Pamiela argitaletxeko kide Joxe Angel Irigarai hartuta.

Jon Miranderekin batera Igela Euskaldun Heterodoxoen Errebista (1962-1964) sortu zuenetik azaldu izan du Peillenek gizartearen alderik ilunenak azaleratzeko joera, sarri hartarako umore beltza eta irreberentzia erabiliz. «Polizia nobeletan sarri azaltzen da detektibe azkar bat kasu bat argitzen duena, baina genero honen gauzarik interesgarriena da balio izaten duela gizartearen alderik ezkutukoenak, ilunenak argitan jartzeko. Horregatik zait interesgarria genero beltza».

Liburu berriaren izenburua AEBetako folk kantu zahar batetik hartu du Peillenek: «Mirandek itzuli zuen kantu hori. Zaldi beltzek irudika ditzakete zeruan agertzen diren hodei ilunak, eta hodei horiek irudika dezakete literaturan genero beltza ere». Peillenen jarduna laburbiltzen du Sarrionadiak. Honela: «Txominen obra guztietan gertatzen da —literaturan, etnografian, filologian edo politikan— bere ikerketak ez direla erosoak izaten, bere konklusioak ez direla zertan gustukoak izan. Errealista, kritikoa eta irekia izanda, jakina, ezkorra. Eta ezkorra denez, gauzak aldatzen ahalegintzen da».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Oier Guillan, Agurtzane Solaberrieta eta Haritz Azurmendi ©Jakin

Idoia Beratarbide eta Oier Guillan dira Joan Mari Torrealdai ikerketa bekaren irabazleak

Isabel Jaurena

'Artxibo biluzia' saritu dute, Torrealdairen artxiboen lapurreta abiapuntu duen proiektua.

Martxan da Durangoko 57. Azoka

Aurten bai: ohiko irudiak ikusi dira Durangoko Azokaren lehen egunean

Paulo Ostolaza

Goizean ireki ditu ateak Landako guneak, eta ikasleak izan dira protagonista han. Arratsaldean egin dute irekiera ekitaldia, Barrexerka antzerki taldearen eskutik.

Langileak Durangoko Landako guneko salamahaietako bat prestatzen, atzo. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Eztanda baten esperantzan

Iñigo Astiz

Gaur hasiko da Durangoko 57. Azoka, eta, azken bi urteetako gorabeheren ondoren, pandemia aurreko itxura berreskuratzeko erronka izango du aurrez aurre igandera bitarte. Musikaren euskarri fisikoen krisiak eta prezioen igoerak eragindako ziurgabetasunari ere erantzun beharko dio.

 ©Aritz Loiola, FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.