Emakumeen sorkuntzaz gogoetatzeko

'Eraldaketa: SortzaileON afera' egitasmoa jarri du martxan Irantzu Lekue artistak. Emakumea, sormena eta euskara ditu ardatz proiektuak

aitor biain
Gasteiz
2018ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Emakumea, sorkuntza eta euskara ditu ardatz Irantzu Lekue artista gasteiztarraren proiektu berriak: Eraldaketa: sortzaileON afera du izena egitasmoak, eta andreen sorkuntzaz hausnartzea du helburu. Hitzaldi eta elkarrizketa irekiak izango dira horretarako tresna, sorkuntza artistikoarekin lotutako hamalau emakumeren —horietatik bederatzi arabarrak— esperientziak jasoko baititu Lekuek. Olatz Alonso kazetaria eta Maider Oleaga zinemagilea izango ditu bidelagun proiektua gauzatzeko. Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren Gazte Sortzaileak beka jaso du Lekuek.

Sormenari erreparatu nahi dio egitasmoak batez ere, Lekuek adierazi duenez: «Sortzaileen prozesuari erreparatuko dio, bai, baina gazte eta emakumeen ikuspegitik. Kultura garaikideaz ariko da, garaiko belaunaldiekin. Xede nagusia kontzeptuak, sorkuntza prozesuaren inguruko irudi eta aurreiritziak eta hainbat kulturgileren irudiak erakustea da. Oinarri teoriko zabala lortzea da lehen asmoa, hausnarketa publikotik abiatuko den oinarria».

Hiru fasetan banatuko da egitasmoa: ahozkotasuna izango du abiapuntu, eta andre sortzaileen testigantzak jasoko ditu artistak lehenik. Horretarako, zazpi saio ireki antolatu dituzte. «Sormenaren inguruan solastatuko gara guztiekin, eta emakumeen lanak mahai gainean jarriko ditugu», azaldu du Lekuek. Izan ere, emakumeen «autonomiaren eta ahalduntzearen» alde egin nahi du proiektuak, «kulturaren arloan ere genero aniztasunari eta identitateei dagokienez, rol, estereotipo eta aurreiritzi sexistak erauzita». Urtarrilaren 18an ekin zioten lehen faseari, etahilabete honetan amaituko dute.

Hitzaldi eta elkarrizketa irekien ostean etorriko da bideo-artelana, egitasmoaren bigarren fasea izango dena, alegia. Lekue arduratuko da «lan esperimentala» egiteaz: «Hainbat emakumezko sortzaileren ibilbidearen eta obraren berri jasoko dugu, baita haien bizitzen eta esperientzien, sentimenduen eta jarreren berri ere. Oro har, nork bere burua gainditzeko mezua zabalduko du: emakumeek eginiko artea, haien lan didaktiko, kritiko eta artistikoa ikusgai jartzeko beharraren, sareko lanaren eta irmotasunaren aldeko mezua izango da». Hori guztia, esperimentazioan oinarrituta eta «izaera aldarrikatzaileaz» egingo du. Maiatzean aurkeztuko du artistak bideo-lana.

Azkenik, erakusketa batekin amaituko dute proiektua. Bideo lanaren ildoari jarraikiz, erakusketa ere «zatika» emango dutela uste du Lekuek, eta, irailerako zabaltzea espero badu ere, ez du oraindik nola egingo duen erabat zehaztua. «Proiektu irekia» baita, «ohiko sekuentzia iraultzeko apustutik» sortua.

Hain zuzen, prozesua bera jarri nahi du egitasmoaren erdigunean artistak: «Normalean, bukatutako produktuak hobesten dira; bukatuta dagoena aurkezten da, eta hori bakarrik eskaini ohi zaio kontsumitzaile eta kultur erabiltzaileari. Logika horren menpe, sorkuntza prozesua artistarena baino ez da, eta, halabeharrez, pribatua bilakatzen da. Zergatik ez dugu publikoa prozesuaren parte bilakatzen? Zergatik ez esperimentazio horren eragile bihurtu?». Artistentzat ez ezik, artean zein kultur sorkuntzan interesa duen edonorentzat daproiektua.

Araban, baina Gasteiztik at

Eraldaketa: SortzaileON afera egitasmoak Araban eta Gasteizen artearen eta kulturaren inguruan «euskarazko mugimendua» sortu nahi du, halaber. Horregatik, hiriburuaz gaindi, inguruko herrietara ere hurbildu nahi izan dute sustatzaileek. «Guretzat aski interesgarria den faktore bat da elkarrizketa asko Arabako herrietan egingo ditugula. Bada garaia kultura eta artea Gasteiztik atera eta haien gaineko hausnarketak lurralde osoan zehar egiteko», azpimarratu du Olatz Alonso kazetariak.

Maeztun, Oionen, Agurainen, eta Izarran egingo dituzte, besteak beste, hitzaldi irekiak. «Kultura plazaratzeko ordua da, ez soilik aisialdi edo ikuskizun gisara, baizik eta hausnarketatik abiatuta ere, egungo egoeraren gogoeta egin eta etorkizuna amesteko. Horregatik eta horretarako, sortzaileekin egingo diren saioak Arabako eskualdeetan izango dira», erantsi du Alonsok. Artea eta euskara hizpide, herrietako eragileekin antolatuko dituzte saioak, eta guztiak «ezberdinak» izango direla nabarmendu du Lekuek.

Sormenarekin lotura duten hamalau emakume izango dira egitasmoaren protagonista. Hala nola: Zuriñe Hidalgo, Hesian taldeko abeslaria; Izaskun Urkijo, Tabakalerako zuzendari artistikoa; Blanka Gomez de Segura, Euskal Zeramika Museoaren arduraduna; Garazi Lopez de Armentia koreografo eta Baratza aretoaren sortzailea; Izar Mendiguren eta Paula Amilburu bertsolariak eta Josune Arakistain Huntza taldeko abeslaria. Beste hainbatekin ere eginak eta grabatuakdituzte elkarrizketak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.