ETAren desarmatzea. Egiaztatzaileak Auzitegi Nazionalean

«Zarata handia» bakegintzaz mintzatzeko

Orain bi urte eta lau hilabete ez zen presiorik Aieteko Nazioarteko Konferentzia antolatzeko. Orain bai, eta Lokarri-k behin-behinean utzi egin dio «prozesua bultzatzeko» zen topaketari.
Aieteko adierazpena leitu zutenak, 2011ko urriaren 17an.
Aieteko adierazpena leitu zutenak, 2011ko urriaren 17an. R. BOGAJO / ARGAZKI PRESS

Enekoitz Esnaola -

2014ko otsailak 25
Orain dela bi urte pasa, Donostiako Aiete jauregian Gatazkaren Konponketa Sustatzeko Nazioarteko Konferentzia egin baino sei egun lehenago, antolatzaileek topaketaren aurkezpena egin zuten hedabideen aurrean; nazioarteko hainbat buru eta «izen esanguratsu» egongo zirela aurreratu zuten, izenik eta egitarauaren berri eman gabe, eta aurkezpenetik konferentzia egin arteko egunak, publikoki bada ere, presio edo oztopo berezirik gabe igaro ziren. Egin zuten konferentzia, Kofi Annan Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi ohiak, Gro Harlem Brundtland Norvegiako lehen ministro ohiak, Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohiak, Pierre Joxe Frantziako Barne ministro ohiak, Gerry Adams Sinn Feineko presidenteak eta Jonathan Powell Erresuma Batuko kabineteko buru ohiak ebazpena publiko egin zuten, eta hiru egunera ETAk jakinarazi zuen jarduera armatua bukatutzat eman zuela; 2011ko urriaren 20a zen.

ETAk bakegintzarako mugarri izan den erabaki haren berri eman zuenetik dagoeneko bi urte eta lau hilabete pasatu dira, normalizazio politikora begira aurrerapausoak gertatu dira —Sorturen legeztatzea, kasu—, baina egunotan berriro ikusi da bake prozesua garatzeko oztopoak handiak direla. Lokarri herritar sareak Aieten biharko nazioarteko konferentzia bat antolatua zeukan, baina atzo iragarri zuen utzi egin diola, behin-behinean. Eta «luze gabe» ez du antolatuko; hala aitortu dio BERRIAri. Ez du zehaztu zer den «luze gabe».

Ez du erraza izan behar munta handiko jendea biltzea. 2011ko urriaren 17ko Aieteko Konferentziara iristeko, era batera edo bestera parte hartu zuten Suitzako, Erresuma Batuko eta Norvegiako gobernuek, Suitzako Henry Dunant zentroak, Tony Blairren kabineteburu Jonathan Powellek, Osloko International Peace Research Institute-k, Sinn Feinek, Brian Currin, Roelf Mayer edo Alec Reid bitartekariek… Gorka Espiauk zuzendutako Pluja Seca (Euri Lehorra) dokumentalean ikusten da zer-nolako ahalegin diplomatikoak egin ziren.

Inor jan gabe

Aieteko topaketaren bezperatan Jesus Egiguren PSE-EEko presidenteak jakinarazi zuen Donostiako hitzorduan egongo zela, eta PPri han egoteko gonbita egin zion. «Bizi guztian galtzen aritu garen bide bat ireki da orain, eta konferentzia aurrerapausoa da bide horretan. Inork ez du inor jango». Antonio Basagoiti EAEko PPko orduko buruak erantzun zuen, eta esan Egiguren «erratuta» zegoela, «Loiolan eta Lizarran erratu zen bezala».

Ez zen askoz handiagorik entzun konferentziaren aurka berau ospatu aitzin; Rosa Diezen (UPD) ateraldiren bat.

Ez justu biharko iragarria zegoen ekinbidearen aurka, baina bai, oro har bake prozesuaren aurka, pasa den asteburuan, ETAk armagabetzeari ekin diola jakin berri denean, epelak esan dituzte PPko eledunek. Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko kideei buruz Esteban Gonzalez Pons PPko Ikasketa eta Programa idazkariordeak: «ETArentzat lanean ari dira, ez Espainiarentzat». Covitek Ram Manikkalingam, Ronnie Kasrils eta Chris Maccabe egiaztatzaileei iradoki die gehiago ez itzultzeko Espainiako Estatura.

«Ez da une egokia»

Duela bi urte pasako konferentzia sei erakunde, fundazio eta taldek antolatu zuten: Berghof Foundationek, Conciliation Resourcesek, The Desmond and Leah Tutu Legacy Foundationek, NOREFek, Harremanetarako Nazioarteko Taldeak (Euskal Herria) eta Lokarrik. Hiru «helburu handi» zeuzkaten, Paul Rios Lokarriko koordinatzaileak handik aste batzuetara bere blogean idatzi zuenez: «1. Gai izatea hitzordu serioa antolatzeko. 2. Ordezkaritza zabala eta anitza lortzea. 3. Nazioarteko munta handiko pertsonalitatek ekartzea».

Riosek kontatzen zuen «antolakuntzako detaile guztiak bi aste lehenago» hasi zirela «prestatzen». «Jakitun ginen honelako ekitaldiek zer zailtasun izaten dituzten». Konferentziaren eguna gerturatu ahala «detaile eta zailtasunak ugaritzen» joan ziren, haren arabera. Zailtasun operatiboak ziren.

Orain, aldiz, eragozpen politikoak, mediatikoak eta judizialak daude. Lokarrik «prozesuari bultzada bat» eman nahi zion, baina konferentzia egin baino bi egun lehenago adierazi du ez dela hau «une egokia» halakorik egiteko. Powell lotuta zuten hitzordurako, eta Adams eta Ahern ere etorriko ote ziren aipatzen zen —Lokarrik ez du berretsi—.

Une desegoki hauetan sareak «isilik» egotea nahiago du, «zarata handia dagoelako».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna