Jaiak. Tafalla

Jotarien jomuga

Haur eta helduek parte hartuko dute gaur arratsaldean Tafallako Jota Jaialdian, txapeldunen arteko txapelketa daGaur eguerdian hasiko dira festak, eta hilaren 20ra arte hainbat ekitaldi izango dira

Diego Urmeneta kantuan.  Zortzi urterekin hasi zen, eta bizitza osoa pasatu du horretan. BERRIA.
2013ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Berezia da; gainontzeko saioekin alderatuta, desberdina da Tafallako jota jaialdia (Nafarroa). Aurreko urtean Nafarroako lehiaketaren batean garaile izandakoek soilik parte har dezakete. Gaur arratsaldean egingo dute jaialdia, Tafallako jaien barruan. Azken urteetan krisiaren ondorioz lehiaketa kopurua murriztu denez, zailagoa da Tafallako lehiaketara heltzea, eta jende gutxiagok lortzen du helburu hori. Aurten, adibidez, helduen taldean sei lagunek parte hartuko dute, eta bikoteetan, hiruk soilik. Haurren mailan, bi solista bakarrik arituko dira. Krisiak, gizarteko beste alor askotan bezala, jaialdietan «gogor jo» duela pentsatzen dute jota kantariek.

Diego Urmeneta zortzi urterekin hasi zen jotak kantatzen, eta gaur egun 30 ditu. Bizitza osoa eman du agertokiaren gainean, baina nabarmendu du Tafallakoa berezia dela beretzat ere. «Txapeldunen arteko txapelketa gisa hartzen dugu guztiok. Gainera, maila oso ona duen jaialdia izateaz gain, ezberdina da. Mikrofonorik gabe egiten den bakarra delako, eta Tafallako pilotalekuan izanik jende kopuru handia biltzen delako», adierazi du Urmenetak. Harentzat, «ohore bat da» Tafallan kantatzeko aukera izatea. «Haur eta helduentzako da ohorea; geure buruari jartzen diogun helbururik onena da».

Urmeneta Nafarroako txapelketa guztietara joaten da, horietako bat irabazi eta Tafallakoan parte hartzeko asmoz. Errioxan egiten diren txapelketetara huts egitea errazagoa zaio, horiek ez dutelako Tafallakoan eraginik izaten. Beti du gustuko jaialdietan parte hartzea, eta ez du aitzakiarik izaten ez joateko, baina Nafarroakoetara ez joateko aitzakiak pisu handia izan behar duela nabarmendu du. Tafallako jaialdiak publizitatea ere ematen diela uste du, telebistan agertzen denez jende gehiagorengana heltzeko aukera eskaintzen duelako. «Hori argi eta garbi esan dezaket. Konprobatua dut. Kalean jende gehiago hurbiltzen zaizu, telebistan ikusi zintuela eta asko gustatu zitzaiola esateko; horrek indar handia ematen du. Azken batean, zure lana baloratzen dutela sentitzen duzu, ez dutela ikusi soilik han egon direnek».

Horrez gain, bertatik bertara ikusten den jende kopurua ere «izugarria» izaten dela ziurtatu du, frontoia jendez lepo egoten dela. «Frontoia herritarrez betetzen da, jendea gogotsu joaten da, badakitelako onenen artean onenak soilik heltzen direla hara», esan du. Haur eta helduak «bikain» aritzen direla esan du, eta ikusleak horren jakitun izanik Tafallan sortzen den giroak, isiltasun horrek, parekorik ez duela. Tafallako jaialdia oso ezagun egin da, eta, horregatik, Euskal Herriko txoko askotatik, baita Errioxa ingurutik ere jende asko joaten dela nabarmendu du Urmenetak. Agertokiaren erdian jartzean, horrek guztiak sortzen dion emozioa ekarri du gogora. Zirrara sortzen dio jendearen jarrerak; ikuslearen irribarreak edo malkoak ikusita, sariaren garrantzia gutxitzen dela pentsatzen du: «Hori barruan eramaten duzu beti, ikusleak zutik emozionatuta, gogo biziz txaloka edo malkotan ikustea ikaragarria da guretzat». Azken batean, hori da jota kantari guztien ametsa, ikusleei emozioa sortzea, eta gozatzen ari direla sentitzea.

Eguna iristeko irrikaz

Urte osoa pasatzen du Urmenetak eguna iristeko irrikaz, baina iritsiz doan heinean pasatzeko gogoa izaten duela ziurtatu du. «Guztia horretara mugatzen dut, baita lagunekin egiten ditudan afariak ere. Gure ohiturak ditugu, eta horietara mugatzen gara. Azken batean, buruan dugu denbora guztian, eta egun osoko gauzak egiterakoan jaialdian pentsatzen dugu nahitaez». Azken-aurreko astean, esaterako, egunero igeri egin du, garrantzitsua iruditzen zaiolako; baina, azken astean, behin ere ez da sartu igerilekuko uretan. Beldurra, urduritasuna eta gogoa, sentipen bizi asko izaten ditu batera. Eta horrek egiten du berezi Tafallako lehiaketa.

Aurreko urteetan abestutako jotak ezin dira errepikatu Tafallako jaialdian; horrek ere egiten du berezi. Askotan, urte osoa pasatzen dute beste lehiaketa batzuetan jota bera kantatuz, Tafallakora heldutakoan entseguak eginda edukitzeko. «Urtero berritzen aritu behar dugu, eta zaila bada ere oso ona dela uste dut. Jende askok lehiaketa asko jota berarekin irabazten ditu, eta, aldatzean, ez du helburua lortzen, esku-hutsik itzultzen dira etxera. Azken finean, erronka moduko bat da gu guztiontzat. Urtero jota berri bat entseatu eta ikasi beharra ez da erraza izaten». Gainerako jaialdiekin alderatuta, zailtasun maila handiagoa du, beraz, Tafallako jaialdiak. Horregatik, ohore bat izateaz gainera erronka bat dela ere argi du Urmenetak.

Pixkanaka hobetuz

Urteen poderioz hobeto kantatzen dela uste du Urmenetak. Haurra zenean jotak kantatzen irakatsi ziotela gogoratzen du, baina uste du gaur egun hobea dela irakasteko modua. Jotak kantatzen irakasteaz gainera kantatzen ere irakasten dela. «Azken batean, dena ez da joten kontua bakarrik; hotsaz gain, jarrera bat ere azaldu behar dugu, eta garrantzitsua iruditzen zait hori erakustea».

Egungo gazte eta haurrek garai batekoek baino teknika eta jarrera egokiagoa dutela pentsatzen du Urmenetak. Irakasleak horretan saiatzen direla ziurtatu du. Eta ikusleek hori eskertu egiten dutela. Gazteenekin ere negar egiten dutenak badaude gaur egun, eta horrek tradizioa gordetzeko aukera eskaintzen dio Nafarroari. Oraindik ospatzen diren jaialdi horiei urte luzean iraunarazteagustatuko litzaioke Urmenetari, eta ahal duen heinean bere hondar alea utziko duela ziurtatu du. Ilusioz eta gogotsu ekingo dio Tafallako aurtengo jaialdiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.