Klima aldaketa. COP21 goi bilera Parisen

Helburuetatik urrun

Gaurko atzeratu dute klima aldaketaren aurkako ituna adosteko epea.Adituek salatu dute zirriborroko neurriekin ez dituztela helburuak beteko

Klima aldaketaren aurkako bilkuran agintariei neurriak exijitzeko helburuz egindako elkarretaratze bat, atzo, Parisen. JOSE RODRIGUEZ / EFE.
Adrian Garcia.
Paris
2015eko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Praktikotasuna gailendu da Parisko klimaren goi bilkuran, ingurumenaren kaltetan. Bi astean hirugarren zirriborroa aurkeztu dute COP21ean, aurreikusitako epea erdietsi ezinik. Edonolaere, soilik ordu batzuetarako atzeratu dute; Laurent Fabius Frantziako Atzerri ministroak eta goi bilkurako presidenteak gaur 09:00etan aurkeztuko du Kyotokoa ordezkatu behar duen ituna. Fabius ziur da alde guztiek onartuko dutela testua. «Aurrerapauso itzela izango da gizadiarentzat». Ituna egitekotan, klimaren aldaketaren aurkako lehen akordio globala litzateke. Halere, testuak zalantza franko plazaratu ditu, eta ituna hankamotz geratzeko kezka handia da: zientzialariek salatu dute helburuak lortzeko ezarritako neurriak mugatuak direla.

Fabiusek akordioa gertu ikusi arren, bilkuraren azken txanpan negoziazioak trabatu egin dira, eta aldeak urrundu. Horren adierazle, negoziazio hasierako hiru gai gatazkatsuak bideratu gabe dituzte: herrialde aberastuen eta garapen bidean direnen arteko desberdintzea; finantzaketa; eta itunaren beraren eraginkortasuna. Politikoki egin zitekeena lehenetsi dute goi agintariek, ingurumenari begira egin beharrekoaren ordez. Alde guztiak testuarekin bat etor daitezen, bertan behera utzi dituzte hasierako helburu asko, akordioko testutik ezabatuz.

Hasteko, klimaren ituna ez da legez bete beharrekoa izango, eta herrialdeek borondatez beteko dituzte gas emari kutsakorrak murrizteko proposamenak. 2050. urterako aurreikusitako «karbonogabetzea» ere desagerrarazi dute testutik, eta «igorpen neutraltasuna» terminoarekin ordezkatu. Nekazarien eta komunitate indigenekin lan egitenduten erakundeek salatu dute «erloju bonba bat» dela hori, karbono merkatuan igortzeko baimenak erosita erregai fosilak berdin kontsumitu ahal izango direlako. Horrez gainera, mende erdirako gas emariak 2010. urtekoekin alderatuz %70 murrizteko neurria ere kendu egin dute akordiotik.

Klimaren alorrean lan egiten duten bost zientzialari nabarmenek alarma gorria piztu dute, etaohartarazi dute azken zirriborroak ez dituela ezarritako helburuei heltzeko tresnak ahalbidetzen. «Mahai gainean dagoen akordioa ahula eta arriskutsua da», salatu du COP21ean eginiko agerraldian Hans Joachim Schellnhuberrek, Alemaniako Potsdamgo Institutuko Klimaren Eraginen Ikerketarako zuzendariak.

Adituak bat datoz: 2050. urterako munduko ekonomia karbonogabetu ezean, tenperatura mende amaieran bi gradutik gora igoko da. Halaber, gasa lehenbailehen murrizten hastea eskatu dute; 2020. urtean jarriko litzateke Parisko ituna indarrean. Ekonomia eredu aldaketaren inguruan argi hitz egin dute adituek: «Erregai fosilen %90 lur azpian geratu behar da». Baina ez dute itxaropena galdu. «Aukera asko daude hurrengo 24 orduetan testuak hobera egiteko. Baina beldur gara ez ote duten karbono neutraltasuna testutik kenduko».

29 orrialde zituen asteazkeneko zirriborroak, eta 27 herenegun gauean aurkeztutakoak; eztabaidatzeko 360 gai zituen asteazkenekoak, 48 azkenak. Egunotan gaueko ordu txikiak arte luzatu dira negoziazioak, talde txikietan banatuta. COP21eko negoziatzaileek mende amaieran tenperatura gehienez bi gradu igotzeko neurriak adosteko mandatua dute, baina ur mailaren igoeragatik mehatxatuta dauden herrialdeek 1,5 gradutan nahi dute langa. Zirriborroan erdibideko hautua hartu dute: bi gradutik ez igotzea, eta «igoera 1,5 izateko ahaleginekin jarraitzea».

Testu lausoa

Herrialde aberastuek klima aldaketan duten erantzukizun historikoari buruzko pasartea lausoa da oso: «Berotegi efektuko gasen murrizketan herrialde garatuek buruan egon behar dute». Mendebaldeak nahi du Txinak, Indiak eta susperraldian dauden beste herrialdeek finantzaketan laguntzea. «Akordioa iraunkorra izatea nahi bada, ezin dira ardura historikoak desegin eta kutsatzaileak eta biktimak maila berean jarri», erantzun du Indiako Ingurumen ministro Prakash Javadekarrek.

LMDC garatzeko bidean diren herrialdeen koalizioak —Txinak, Indiak, Iranek eta Errusiak, besteak beste— proposatu du gardentasun mekanismoak soilik herrialde garatuei aplikatzea, eta horiek hartzea finantzaketaren ardura. Zirriborroak dagoeneko aurreikusten du herrialde aberastuek 100 mila milioi dolar mobilizatzea 2020 urtera arte. Epe hori pasatuta kopuru horrek gora egin beharko luke.

Klima aldaketak eragindako ezbeharrak sufritzen dituztenei laguntzearen garrantzia nabarmendu arren, argitu gabe dute auzia; babes mekanismoak sortzea adostu dute, baina kalte-ordainak konpentsatzeko ardurak ez dira legez bete beharrekoak izango. Itunaren berrikuspenak hitzartu dituzte, betetzen ote den egiaztatzeko. Lehena 2023. urtean, eta, ondoren, bost urtetik behin.

EB eta klima aldaketaren eraginak gehien sufritu duten herrialdeak dira neurri zorrotzagoak eskatu dituztenak, eta Anbizio Handiko Koalizioa deritzotena osatu dute; ehun bat herrialde dira. AEBak azken egunetan batu dira, baina Brasilen atxikimenduak piztu ditu itxaropenak, susperraldian diren herrialdeen blokearekin zubi lanak egin ditzakeelakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.