Brasil. Temer presidentearen aurkako bozketa

Zenbakien menpe

Michel Temer Brasilgo presidentea kargugabetzeko prozesua hasi ala ez eztabaidatu dute Diputatuen Ganberan. Eroskeria leporatu diote presidenteari

Oposizioko diputatuak Michel Temer presidentearen aurpegia duten billeteekin eta ustelkeriaren aurkako kartelekin, atzo, Diputatuen Ganberan. JOEDSON ALVES / EFE.
mikel rodriguez
2017ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Zenbakiei begira pasatu zuten atzoko eguna Brasilen, zenbakiek erabakiko baitzuten Michel Temer presidentearen etorkizuna. Iazko apirilean Dilma Rousseff presidentea bozketa baten bidez kendu zuen kargutik Diputatuen Ganberak —parlamentuko behe ganberak—, aurrekontuetan irregulartasunak egin zituelakoan. Diputatuen gehiengoak Michel Temer aukeratu zuen presidente, eta Brasilgo politikak norabide aldaketa nabarmena izan du ordutik, eskuinerantz. Rousseffen agintaldia bukatzeko erabili zuten sistema bera Temerri kontra etorri zaio, ordea, Diputatuen Ganberak atzo baitzuen bozkatzekoa presidentearen aurka auzibide bat ireki ala ez, ustelkeria auzietan nahasita dagoelakoan. Hainbat ordutako eztabaida luzean murgildu ziren diputatuak, eta, edizio hau ixterakoan, ez zuten bozketa egina.

513 ordezkari ditu Diputatuen Ganberak, eta 342 egotea beharrezkoa zen bozketa egin ahal izateko —kopuru osoaren bi heren—. Temer kargutik kentzeko, berriz, kopuru beraren botoak beharrezkoak ziren gutxienez: 342. Gobernua ziur zen oposizioa ez zela langa horretara ailegatuko; gobernuak azken orduan eginiko kalkuluen arabera, 300 diputatu inguru zeuden auzibidea irekitzearen kontra. Brasilgo hedabide nagusiek ere kalkuluak egin zituzten, eta ezustekorik ez zela gertatuko argitaratu zuten. Gertatuz gero, Temer berehalakoan kargugabetuko lukete 180 egunerako, eta, epe hori beteta, ordezkari politikoek erabaki beharko lukete akusatutako delituez errudun den ala ez; errudun balitz, kargua galduko luke —Rousseffi iaz gertatu bezala—.

«Orbanik gabeko gizon bat preso bihurtu nahi duzue», kexatu zitzaion oposizioari Antonio Mariz, Temerren abokatua. Diputatuen Ganberako eztabaidan parte hartu zuen Marizek. Presidentearen aurkako akusazioen artean dago eroskeria; zehazki, JBS hozkailu enpresako zuzendaritzako kideek errana dute zazpi urtean ordainketak egin zizkiotela Temerri, eta haietako batekin izandako elkarrizketa baten grabazio bat ere argitaratu zuen aurten O Globo egunkariak. «Sorkuntza mental baten ondorioa da guztia, fikzio bat», Marizen arabera. «Ez al da izanen hutsik gabeko gizon honi esker herrialdea berreskuratzen ari delako ezin dutela urte eta erdi gehiago itxaron?», galdetu zuen. Urte eta erdira egitekoak dituzte hauteskunde orokorrak.

«Presidenteak dio salaketa ahula dela. Ongi da, ireki dezagun prozesua. Badauka abokatua defendatzeko. Badauka nola agertu Justiziaren aitzinean erantzun bat emateko. Baina alfonbra azpian gordetzea, ez; ez dauka behar adinako alfonbrarik hainbertze salaketa gordetzeko», erantzun zuen Pompeu de Mattos oposizioko PDT Alderdi Demokratiko Laboristako diputatuak.

Babesa neurtzeko beharra

Kargua ez galtzea zen Temerren buruhauste nagusia atzo, baina bazuen bertze kezka bat ere: bereaurkako prozesua irekitzearen kontra bozkatuko zutenen kopurua. Izan ere, Temerrek beldur zion atzoko proba gaindituta ere legegintzaldiari egonkor eutsi ahal izateko behar bertzeko babesa ez lortzeari. Ustelkeria akusazioek ez ezik, herrialdearen egoera ekonomiko txarrak ere kalte handia egin baitio Temerren ospeari.

Eztabaida luze bezain beroa izan zuten diputatuek, eta uneren batean elkarri bultzaka ere hasi ziren batzuk. Karriketan ere, beroa izan zen giroa. Hainbat mugimendu sozialek Temerren eta ustelkeriaren aurkako protestara deitu zuten hiri nagusietan. Biztanle gehien duen hirian, Sao Paulon, goizeko lehenbiziko orduan sarrera guztiak blokeatu zituzten manifestariek, pneumatikoak errepideetan zabaldu eta su emanda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.