Sigletatik askatu ezinda

Elkarbizitza egitasmoak aurrera eramateko dituzten zailtasunak agerian utzi zituzten atzo Irungo, Hendaiako eta Hondarribiko alkateek 'Bidasoan elkarbizitza' jardunaldien azken mahai inguruan

Hendaia, Hondarribi eta Irungo alkateek hartu zuten parte atzo Bidasoan elkarbizitza jardunaldietan, Irunen. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
Irun
2015eko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Elkarbizitza, «ezezaguna» ezagutzetik etorriko dela eta politikariek haiek egiten ari diren ahalegina egin beharko luketela, ordua dela horretarako, esan zuen parte hartzaileetako batek, biktimetako batek, eta besteek hitz bertsuekin edo oso antzekoekin berretsi. Hori izan zen duela bi aste, Hondarribian. Eta atzo, Irunen, horri erantzuten saiatu ziren Behe Bidasoko hiru alkate: Jose Antonio Santano Irungoa (PSE-EE), Kotte Ezenarro Hendaiakoa (PS) eta Aitor Kerejeta Hondarribikoa (EAJ), Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak eta Aitziber Zapirain Antxeta Irratikoak gidaturiko hizketaldian, Ficoba erakustazokan (Gipuzkoa).

Egindako eskaerari erantzunez, hiru alkateek adierazi zuten ari direla saioak egiten bakegintzan. Baina ez dela erraza. Lubakiak daudela, iraganeko zauriak ixtea kostako dela, eta jokamolde batzuk aldatu behar direla. Elkarrizketa, errespetua eta denbora behar dela azpimarratu zuten Santanok eta Kerejetak, eta horiei Aieteko bide orria gaineratu zien Ezenarrok. Hor daudela konponbiderako gakoak. Nork bere erara, baina hirurak uste dute oinarri horien gainean eraikiko dela etorkizuneko elkarbizitza.

Kerejetak, adibidez, azaldu zuen bera egunero saiatzen dela pertsonen arteko harremanak lantzen, «edozein gairekin». «Ez naiz sekula bizi normaltasunez nire herrian. Denean eragin du, edozerekin azaleratzen zen barneratuta genuen elkarbizitza eza hori, eta hori aldatu beharra dago», azpimarratu zuen. Alkateen zereginari dagokionez, hark uste du iritzi guztiak jaso behar dituztela hautetsiek, eta horiek kudeatu, nahiz eta gero nork bere ideiak edo alderdiarenak gauzatu behar dituen. Hori ere badelako demokrazia, Kerejetaren hitzetan. «Elkarbizitzan aurrera egiteko nahikoa litzateke, beraz, oztopoak ez jartzea». Horren harira, eta neurri zehatzetara joz, Hondarribiko alkateak jakinarazi du hango udaleko alderdi guztiak «aspalditik» ari direla gaia lantzean, mahai berean. Baina ez zuen zehaztasun gehiago eman nahi izan, «diskrezioagatik». Baina kritikatu du askok «goikoen» menpe jarraitzen dutela, «komisario gehiegi» dagoela.

Ezenarrok, berriz, azaldu du politikarien lana dela gizarte inklusiboak sortzea. «Jendea bateratzeko gaude, eta ez inor baztertzeko». Ezenarrok argi dauka: «Gaur bizikidetza nahi dutenak izango dira biharko irabazleak. Fite iritsi behar gara egoera horretara. Guk ez badugu egiten beste batzuek esango dute galtzaileak gu garela».

Bat dator horrekin Santano.Baina denbora behar dela uste du hark. «Herri honetan oso azkar konpondu nahi dugu dena. Baina denborak bere tokia behar du. Gauzak bizkorregi egiteak gauza batzuk estaltzen baitu». Bestela, ados dago Ezenarrorekin. Esan zuen alkateak ez daudela baliabideak kudeatzeko bakarrik; bitartekari lana egin behar dutela alderdien artean eta tresnak sortu behar dituztela herritarren iritziak jasotzeko. «Aurpegira begiratu, gertatu denaz hitz egin eta etorkizunera begiratzeko». «Benetan orria pasa nahi badugu, akordio zabalak behar ditugu. Baina posible da hori gaur egun? Argi daukat hori ez dela posible Bidasoaren alde honetan».

'Ficobako espiritua'

Santanok eta beste bi alkateek gogoratu zuten gatazkak ondorio ezberdinak utzi dituela Bidasoaren bi aldeetan. Eta denek aitortu zuten zailtasunak dituztela elkarlanean aritzeko. Zailtasun mentalak eta legezkoak. Baina, bereziki, politikoak. Partzuergoaren baitan, mugaz gaindiko «gauza sinboliko» asko egin dituztela azaldu zuen Kerejetak, baina aitortu, era berean, inoiz ez dutela mahaiaren gainean izan elkarbizitzaren gaia. Ezenarrok, berriz, lege arazoak aipatu zituen, baina agerian utzi zuen borondate kontua ere badela. «Ez daukagu eskumen legegilerik, baina ardura daukagu loturak indartzeko, gauzak elkarrekin egiteko». Erdi txantxetan-edo, Otamendik dei egin zien atzoko ekitaldia mugarri gisa hartzeko. Izen bat ere proposatu zien: Ficobako espiritua.

Atzoko ekitaldiaren beste bereizgarrietako bat izan zen alderdi bereko baina estatu ezberdinetako bi alkate elkartu izana. Hendaiako auzapezak azpimarratu zuen, hori hala izanik ere, hark uste duela Ipar Euskal Herriko hautetsiak, oro har, askeagoak direla Hegoaldekoak baino. «Nik nahi dudana pentsa dezaket».

Bidasoan elkarbizitza jardunaldietako azken mahai ingurua izan zen. Antxeta Irratiak antolatu ditu, Lokarrirekin elkarlanean, eta eskualdeko udalen babesarekin. 500 lagun inguruk parte hartu dute, antolatzaileen arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.