Udal eta foru hauteskundeak. Ondorena

Lehen mahaiburu euskalduna

Osatu da Nafarroako bederatzigarren legealdiko parlamentua, eta Ainhoa Aznarez da presidentea.

Mahaia Unai Hualdek, Alberto Catalanek, Maiorga Ramirezek eta Oscar Arizkurenek osatu dute
Ainhoa Aznarez, atzo, Nafarroako Parlamentuko presidente izendatu zutenean, ingurukoen txalo artean.
Ainhoa Aznarez, atzo, Nafarroako Parlamentuko presidente izendatu zutenean, ingurukoen txalo artean. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Joxerra Senar -

2015eko ekainak 18
Bederatzi legealditan lehen aldiz Nafarroako Parlamentuak presidente euskalduna du, eta, hala, lurraldeko bi hizkuntza ofizialak menperatuko ditu. Bederatzi legealditan lehen aldiz. Ainhoa Aznarez (Ahal Dugu) parlamentuko presidente izendatu zuten atzo, eta kargua hartu eta berehala, apur bat urduri, bere lehen hitzak «gizartean nagusi den terrorismo matxistak hildako emakumeen omenez» esan zituen. Lola Eguren eta Elena Torres PSNko kideen ostean, ganbera zuzenduko duen hirugarren emakumea da, baina Aznarezek «desberdina» dela aldarrikatu zuen, bera «euskalduna, feminista eta errepublikanoa» delako. Haren ustez, «ganberan nagusitu behar duen aniztasunaren adierazle» da bere izendapena. Maiatzaren 24an, herritarrek eskaera egin zuten parlamentuak gizartearen beharrei erantzun diezaien, eta eskaera horri erantzuteko asmoz «ilusioz eta arduraz» hartu zuen postua Ahal Dugu-ko kideak.

Atzo osatu zen Nafarroako Parlamentua; ikusmin handia piztu zuen komunikabideen eta gonbidatuen artean. Goiko harmailak gainezka zeuden. Besteak beste, han izan ziren Joseba Asiron Iruñeko alkatea, Eguren parlamentuko presidente izandakoa, Sabino Cuadra Amaiurreko diputatua, Eugenio Simon Acosta Nafarroako Kontseiluko kidea, CCOOko Raul Villar, UGTko Javier Lekunberri, LABeko Igor Arroio, Helio Robleda Kontuen Ganberako presidentea, Alfonso Sanchez Tabernero Nafarroako Unibertsitateko errektorea, ANEL elkarteko Ignacio Ugalde, Javier Eneriz Nafarroako arartekoa, Koldo Leoz Lizarrako alkatea, Arturo Goldarazena Tafallakoa, Oihaneder Indakoetxea Barañaingoa, Jon Gondan Zizur Nagusikoa, Alfonso Etxeberria Eguesibarkoa... Gizarte mugimenduetako hainbat kide ere izan ziren Iruñeko saioan.

Behean, berriz, aurpegi berri ugari zen. 50 parlamentarietatik 31k lehen aldiz jardungo dute legebiltzarkide moduan. Mahaia eratzeko prozedura parlamentari adintsuenak zuzendu zuen —Geroa Baiko Koldo Martinezek—, eta alboan izan zituen bi gazteenak: Geroa Baiko Jokin Castiella eta PPko Javier Garcia. Berritasuna, ordea, ez zen aurpegietara mugatu, eta Martinezek euskara hutsean zuzendu zuen saioa.

Mahaia osatzeko prozedurak ez zuen ezusterik ekarri. Lehenik, Ainhoa Aznarez presidente izendatu zuten. Ondoren, Geroa Baiko Unai Hualde lehen presidenteorde, eta UPNko Alberto Catalan bigarren presidenteorde. Ostean, idazkariak hautatu zituzten: aldaketaren aldeko indarrek Maiorga Ramirezen (EH Bildu) alde bozkatu zuten, eta UPNk, berriz, bere hautagaiaren alde (Oscar Arizkuren).

Horrek esan nahi du UPNk bi kide izango dituela mahaian eta PSNk lehen aldiz ez duela ordezkaririk izango. Lau legealdietan, legebiltzarreko lehendakaria sozialista izan da. Horregatik, kexu azaldu zen Maria Txibite PSNko eleduna, «aniztasuna bermatzeko diskurtsoa ez delako gertaerekin frogatu». «Ez gara ongi hasi, aurreko hainbat legealditan ados jarri baikara talde guztiok indar guztiak ordezkatuak egon daitezen mahaian».

PSNk presidentetza nahi

PSNk dena nahi izatera jokatu nahi izan du, eta, azkenean, ezer gabe geratu da. Izan ere, PSNk Geroa Bairi eskatu zion mahaiko presidentetza. PSNk argudiatzen zuen parlamentuko presidentea ezin dela izan «ez abertzalea eta ez hasiberria». Argudio hori erabili arren, atzo «bazterketarekin» kexu azaldu zen Txibite.

Bestelako protesta egin zuen Jose Javier Esparza UPNko parlamentariak. «Kasta izan nahi ez zutenek erakundeetako ordezkaritzak banatzen dituzte orain. Zilegi da, baina harritzen gaitu Ahal Dugu-k parlamentuko presidentetza nahi izateak, esan duen guztia esan eta gero». Oraingoz, UPNko eledun Carlos Garcia Adanero izango da, eta jarduneko gobernuak dimisioa eman ostean erabakiko dute Esparzak hartuko duen edo ez haren tokia.

Uxue Barkos Geroa Baiko parlamentari eta Nafarroako Gobernuko lehendakarigaiak nabarmendu zuen atzoko izendapenarekin «urrats bat» egin dutela aldaketarantz. «Aldaketa orok itxaropena sortzen du, eta oraingoan bereziki positiboa da. Egia da aldaketa orok ziurgabetasuna eragiten duela, baina baita ilusioa ere, eta konbentzimendua dugu gauzak beste modu batera egin daitezkeela».

Ildo beretik jo zuen EH Bilduko eledun Adolfo Araizek. «Lehen harria jarri da aldaketa errealitate izan dadin». PSNren hutsuneari dagokionez, Araizek uste du UPNri zegokiola erabakia hartzea. «Indar politikoen arteko batasuna hausten ahalegindu eta gero, PSN saiatu zen Geroa Bairekin eta Ezkerrarekin negoziatzen parlamentuko presidentetza, baina huts egin du beste indarren koherentziari esker».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna