EAJk ezetz esan dio Rajoyri, eta gobernabidearen ardura PSOEri bizkarreratu dio

EAJ PPtik «oso urrun» dagoela ziurtatu du Estebanek, Rajoyrekin egin duen bileraren ostean. PPri «elkarrizketa» eskatu dio, baita «jarrera aldatzeko» ere

Aitor Esteban jeltzalea eta Mariano Rajoy PPkoa, atzo, Madrilgo Moncloa jauregian egin zuten bileran. BALLESTEROS / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2016ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Zu han eta ni hemen. EAJk ez du bereganatu nahi PPri gobernurako bidea erraztuko dionaren protagonismoa. Distantzia nabarmendu du Aitor Esteban EAJko Kongresuko taldeko bozeramaileak Mariano Rajoy Espainiako Estatuko behin-behineko presidente eta PPko hautagaiarekiko. «Oso urrun gaude», adierazi du Estebanek, eta argi utzi du EAJk ezetz esango diola Rajoyren inbestidurari. Bestalde, gainetik astindu nahi izan du Espainiako gobernabidea erraztearen ardura. Eginkizun hori PSOErena dela adierazi du. Alderdi sozialistak hartuko duen jarrera izango da «gakoa», Estebanen iritziz.

EAJren babesa lortu nahi izatekotan PPk «jarrera aldatu» beharko duela adierazi du diputatu jeltzaleak. EAJren babesa inbestidura saioen epetik harago kokatu du, ordea. Azaldu duenez, ez da posible izango PPk jarrera aldatzen duen baieztatzea, «ez egun bi, ezta hilabete bitan ere». Denbora gehiago beharko da, Estebanen esanetan, eta, ondorioz, PPri ukatu egin dio hurrengo asteetan EAJren posizioan eragiteko ahalmena.

Ordubete inguruko bilera egin dute Rajoyk eta Estebanek, Moncloa Jauregian (Madril, Espainia). PPko presidentegaiak inbestidurarako babes bila abiatu duen bilera saileko bigarrena izan da.

EAJren jarrera azken lau urte eta erdian Espainiako Estatuko gobernuarekin izandako «esperientzia» politikoaren ondorio dela azaldu du Estebanek. «Arrabola pairatu dugu». Diputatuak arbuiatu egin du Rajoyren gobernuak dekretu bidez eta «gai garrantzitsuetan» EAEko eskumenetan behartu dituen aldaketak. Lan erreforma eta LOMCE hezkuntza legea jarri ditu adibide.

Bestalde, nabarmendu du Madrilek Eusko Jaurlaritzaren eta Eusko Legebiltzarraren erabakien aurkako «errekurtsoen marka» hautsi duela. Estebanek gaitzetsi egin du behin-behineko gobernuak ere auzitara jotzeko hautuari eutsi izana. Argitu duenez, azken errekurtsoa joan den astean jarri zuen, hauteskunde emaitzak jakinak zirenean.

PSOEk mugitu behar du

Estebanek adierazi duenez, PSOEk du Espainiako gobernabidearen giltza. «Bigarren indarra da; gobernua osatzen den ala ez erabakitzeko gakoa». EAJko ordezkaria «harrituta» azaldu da PSOEren jarrerarekin. Haren hitzetan, alderdi sozialistak «uko egin dio alternatiba osatzeari». Beraz, bi aukera daudela ondorioztatu du: hauteskundeetara hirugarrenez deitzea ala PPren gobernua ezartzea. «Ez dut uste hauteskundeak hirugarrenez egingo direnik», adierazi du.

Andoni Ortuzar EAJko presidentea ere bide berean mintzatu zen, herenegun. Ortuzarren esanetan, «Espainiako gobernabidea ez dago EAJren esku». Aldiz, alderdi sozialistaren jarrera «erabakigarria» dela deritzo. «PSOEk hitz egin behar du lehenenik».

Alderdi sozialistak Batzorde Federalean finkatuko du zer jarrera hartuko duen Rajoyren inbestidura saiakeraren inguruan. Larunbatean izango da hori. Idoia Media PSE-EEko idazkari nagusiak aurreratu du sozialisten boza ezezkoa izango dela.

EAJ, PPk jarrera aldatu zain

EAJ eta PPren arteko harremana hurbilagokoa izan dadin, «jarrera» aldatzeko eskatu dio Estebanek Rajoyri. Eskumen jakin batzuk eskualdatzea edo diru sailak negoziatzea ez da nahikoa izango, diputatuaren esanetan. «Jadanik ezin du horrela funtzionatu». EAJk elkarrizketa eta akordioetarako borondatea galdegin ditu. «Orduan bai, ikusiko genuke».

Espainiako Gorteetarako hauteskundeak hirugarrenez egingo direnik ez duela uste adierazi ostean esan du Estebanek «gutxiengoan dagoen gobernuaren legealdia legealdi irekia» dela. Alde horretatik, aurreratu du gai batzuetan ados egongo direla PPrekin.

Espetxe politikaren inguruko eskakizunak lehentasuna al diren galdetuta, Estebanek adierazi du EAJren «agendaren parte» direla, «beste gai asko bezala». Azpimarratu du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak herenegun Madrilen eginiko adierazpenak «hitzaldi monografiko» batean eginak zirela, eta, argitu duenez, gobernua osatzeko negoziazioak ez dagozkio Urkulluri, EAJri baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.