Europaren finantzaketa lortu nahi dute euskara sustatzeko

Lankidetza ituna sinatu dute Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta EEPk. Besteak beste, irakaskuntzan eta aisialdian truke programak bultzatuko dituzte
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako sailburua, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko kontseilaria eta Mathieu Berge EEPko lehendakaria, atzo.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako sailburua, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko kontseilaria eta Mathieu Berge EEPko lehendakaria, atzo. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Garikoitz Goikoetxea

2017ko uztailak 4
Hizkuntza politikaren arloko lankidetza sendotu egingo dute Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta EEP Euskararen Erakunde Publikoak. Hitzarmen bat sinatu dute hiru erakundeek, ildo nagusiak zehaztuta. Batetik, truke programak bultzatuko dituzte irakaskuntzan eta aisian; bestetik, ikerketan elkarrekin arituko dira. Gainera, akordioarekin bide bat hasi nahi dute hiru erakundeek: Europaren finantzaketa lortu nahi dute euskara sustatzeko. Bereziki jarri dira Poctefa egitasmoari begira. 2020an jarriko da indarrean proiektu berria, eta han hizkuntza politika sartzea nahi dute.

Iruñean sinatu zuten hitzarmena atzo, hiru erakundeetako hizkuntza politikaren arduradun nagusiak bertan zirela: Eusko Jaurlaritzatik, Bingen Zupiria Hizkuntza Politikarako sailburua; Nafarroako Gobernutik, Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria; eta EEPtik, Mathieu Berge lehendakaria. Nafarroako Jauregian izenpetu zuten ituna hiru ordezkariek.

Orain arte ez dute izan horrelako itunik hiru erakundeek; Jaurlaritzak, bai, sinatuak ditu hitzarmenak beste biekin, baina ez zen hirurak batzen zituen akordiorik. Nafarroako gobernu aldaketarekin urratu dute bidea: martxoan, Akitania-Euskadi euroeskualdean sartu zen Nafarroa; orain, euskarari buruzko ituna izenpetu du.

Irakasleak eta ikasleak

Akordioa aurrerapausoa dela nabarmendu dute hiru erakundeek. Nafarroako ordezkariak esan du erakundeen arteko «errespetua» dela akordioaren oinarria, haien arteko «harreman normalizatua» erakusten duela. «Beti izan behar genuen normalizazioa». Zupiriak erantsi du kontuan izango dituztela «errealitate soziolinguistikoak». Bergek, berriz, adostasunaz hitz egin du: EEPko kide guztiek ontzat jo dutela lankidetza ituna —Frantziako ordezkariek ere bai—.

Lau urterako ituna da, eta bost ardatz ditu. «Ildo estrategikoak dira, eta, horien barruan, proiektu zehatzak bultzatuko ditugu», adierazi du Zupiriak. Zehaztasun batzuk ematen hasi dira. Adibidez, trukeak bultzatu nahi dituzte. Batetik, irakasleenak: sare publikoan irakasle euskaldunak falta dira Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan; hori bideratzeko, hiru herrialdeetako hogei bat ikasle Hegoaldera joango dira irakasle ikasketak euskaraz egiteko, eta Hegoaldeko beste hogei bat, Bordeleko Unibertsitatera, karrera amaitu eta frantsesa hobetzeko, oposizioak egin ahal izateko.

Ikasleekin ere egin nahi dituzte trukeak, euskararen erabilera bultzatzeko; hizkuntza egonaldiak eta udalekuak aipatu dituzte —gogoan izatekoa da proiektu pilotu bat abian duela Jaurlaritzak atzotik: leku desberdinetako gazteak bildu dituzte udaleku batzuetan—.

Europako finantzaketa lortzeko helburua ere jarri dute. Bergek azaldu du Poctefa programara jo nahi dutela —Europako proiektua da, eta laguntza ematen die Espainiako, Frantziako eta Andorrako mugen arteko egitasmoei—. Orain 2014-2020 arteko programa dago indarrean, 189 milioi euroko aurrekontuarekin; programa berrian hizkuntza politika aintzat hartzea nahi dute. Berge: «Gure lurraldearen egoera erakutsi behar dugu. Hizkuntza beharrezkoa da lurralde garapenerako».

Hiru erakundeen itunak ez du aurrekontu zehatzik. Bakoitzaren baliabideak erabiliko dituzte. Hain justu, helburu dute «bikoiztasunak eta gastuak» gutxitzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna