Ez dute aho batez onartu

Unidos Podemosek abstentzioa eman du indarkeria matxistari aurre egiteko itunean. Abortuaren legea aldatzeko boto partikularra aurkeztu du oposizioak

Indarkeria matxistaren aurka egindako protesta bat, maiatzean, Eibarren, bertako emakume bat Madrilen hil ostean. JUANAN RUIZ/ARGAZKI PRESS.
2017ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Hilabeteak dira Espainiako feministak indarkeria matxistaren aurkako estatu ituna galdegiten hasi zirenetik, eta azken asteetan oihartzun handia izan dute akordioaren inguruko negoziazioek. Azkenean, astelehenean akordio bat lortu zuten Espainiako Kongresuan ordezkaritza duten talde politikoek, eta atzo eman zioten oniritzia hitzarmenari Berdintasun Batzordean. Baina askoren harridurarako, ez zuten aho batez onartu: Unidos Podemosek abstentziora jo zuen. Oposizioak 56 boto partikular aurkeztu zituen, eta horietatik hamahiru baztertu egin zituzten. Denera, 200 neurritik gora onartu dituzte; irailean izango den osoko bilkuran eztabaidatuko dituzte.

Berdintasun Batzordeko diputatuek adierazi dute itun «historikoa» izan dela genero indarkeriaren aurkako borrokan, eta biktimei zor dieten «errespetuagatik eta leialtasunagatik» egin dutela akordioa. Unidos Podemosentzat, ordea, ez da nahikoa: «Askoz ere hitzarmen serioagoa izan beharko luke, sakonagoa. Espero dugu irailean egingo den osoko bilkuran emakumeek merezi duten akordioa lortzea».

Madrilgo talde feministak ere kexu agertu dira, oporren atarian egin baitute hitzarmena. Azken bilerak atzeratzeko eskatu zuten joan den astean, garai honetan zailagoa baita eztabaidan parte hartu ahal izatea. Ontzat jo dute alderdien artean adostasunak lortu izana, baina, itunaren edukia sakon aztertzeko astirik gabe, «zuhur» agertu dira hura baloratzean: «Ikusiko dugu neurriak nola gauzatzen dituzten».

Idatziari boto partikularrak aurkeztu zizkioten atzoko bileran Unidos Podemosek, PSOEk, Ciudadanosek eta Compromisek. Tartean osoko zuzenketa bat aurkeztu zuen Unidos Podemosek, «konpromiso ekonomikoa gauzatzeko bermerik» ez dagoelakoan, baina ez zuten onartu. Aurrera atera ziren boto partikularren artean aipagarriena da nazioarteko bahiketen ingurukoa. Azken egunotan bolo-bolo dabilen kasu batek bultzatu du, Juana Rivasen kasuak: Granadako (Espainia) emakume horrek tratu txarrak jasan zituen bere senarrarengandik, baina epaileak gizonari baimena eman dio bien seme-alabekin egoteko; haurrak babesteko, umeekin ihes egin du Rivasek. Hortaz, nazioarteko bahiketek genero indarkeriarekin lotura dutenean, bortizkeriaren biktima babestea adostu dute alderdiek.

Adingabeen abortuaz

Abortuaren legearen auzia mahaigaineratu dute PSOEk eta Unidos Podemosek. Legea aldatzea izan da haien eskaria: genero indarkeriaren biktima adingabeek tutoreen baimenik gabe abortatzeko eskubidea izatea. Gehiengoak onartu du boto partikular hori, baina horrek ez du nahitaez ekarriko legea aldatzea. Angeles Alvarez PSOEren bozeramaileak azaldu duenez, «agerian geratu da parlamentuko gehiengoa proposamen horren alde dagoela». Hartara, gaia Kongresura eramateko aukera izango dute.

Prostituzioari eta haurdunaldi subrogatuari buruz PSOEk aurkeztutako zuzenketa, ordea, ez dute onartu. Bi jardun horiek bortizkeriatzat jotzea galdegin dute sozialistek, baina ez dute gehiengorik lortu. Aldiz, prostituzioaren eskaria murrizteko kanpainak egitea adostu dute, eta emakumeen salerosketaren aurkako lege integral bat lantzeko eskatu diote gobernuari.

EAJko diputatu Joseba Agirretxeak txalotu egin du alderdiek lortutako akordioa, eta argi utzi du Eusko Jaurlaritzaren eskumenak errespetatuko dituela. Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko diputatuak —koalizioak ez du aukerarik izan Berdintasun Azpibatzordean zuzenean parte hartzeko— ere esan du «garrantzitsua» dela ituna, baina «motz» geratzen dela: «Indarkeria matxista bikotean sortzen denetik askoz harago joan behar du hitzarmenak. Ez da nahikoa indarkeriaren gaia eskoletan soilik lantzea; esparru oso zabal bat kanpoan geratuko litzateke, aisialdiarekin zerikusia duena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.