Arrazoi gehiago

Gure Esku Dago-k herrietan ere antolatuko ditu erabakiari buruzko topaketak, martxoaren erditik aurrera. Gustura geratu da hiriburuetako mahai inguruekin

Gure Esku Dago-k antolatuta joan den urtarrilaren 31n Bilbon ongizateari buruz egin zen mahai ingurua. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
enekoitz esnaola
2018ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Erabakiak bertan eta ahal den jende gehienaren artean hartzea, kultura demokratikoa lantzea, Euskal Herriko balio kolektiboei eustea, galdeketara deitzearen garrantziaz ohartzea —baita galtzeko arriskua izanda ere—, zerbaiten alde eta ez kontra jardutea... Ideia eta balio horiek eta beste hainbat bildu ditu Gure Esku Dago herritar dinamikak azkeneko asteetan Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean ongizateaz, kulturaz, lurraz eta herritartasunaz egindako mahai inguruetan. Erabaki, zergatik eta zertarako? Galdera horri erantzunak emateko asmoz antolatu ditu, «arrazoiak pilatzen hasteko», Angel Oiarbide Gure Esku Dago-ko bozeramaileak dioenez. Martxoaren hirugarren aste bukaeratik aurrera, herrietan ere egingo dituzte antzeko ariketak.

Hegoaldeko hiriburuetako mahai inguruak egin ostean, dinamikaren arduradunak eta 80 bat udalerritako ordezkariak Hernanin (Gipuzkoa) bildu ziren, egitasmoari segida nola eman aztertzeko, eta ikusi zuten aukera ona dela topaketak herrietan egitea.

Oiarbideren iritzian, «badago lanik, herri gisa ez baita ariketarik egin arrazoiak biltzeko». Uste du«soroa jorratzen» hasi behar dela, erabakitzeko eskubidea defenditzeaz gain zergatik eta zertarako erabaki «jakin» ahal izateko. «Arloz arlo, adibidez, ez da gogoeta sakonik egin hemen».

Ezinbestekoa iruditzen zaio ariketari jarrera «zabal» batekin heltzea norberak, «kontua ez baita batek besteak baino arrazoi hobeak izatea. Bakoitzak berea dauka, eta garrantzitsuena da arrazoiak batuz joatea. Horren ondorioz, eztabaida edo hausnarketa lasaiagoa izan ahal da». Egokitzat jo dute mahai inguruetako formula, «eta hizlariek esan dute eroso sentitu direla eta oso positiboa iruditu zaiela ariketa». Dinamikak, aurrera begira, Herri Ituna du helburuetako bat.

2019rako 2.019 arrazoi izan nahi ditu, «aro berri bati ekiteko». Nahiko luke erabakitzeko eskubidea ardatz izatea ziklo horrek, eta, horretan eragiteko asmoz, datorren ekainaren 10eko giza katearen ondoren ehunka argudio horiek euskal erakundeetara bideratzen hasiko da. «Ekaineko mobilizazioa mugarri izatea nahi dugu», esan du Oiarbidek. Zabalik dute izen-ematea.

Une politikoa

EAEn martxan da estatutua berritzeko prozedura: legebiltzarreko taldeek duela hilabete aurkeztu zituzten euren egitasmoak; Autogobernu Batzordea laburpen bat ari da egiten, eta, ondoren, prozesu parte hartzailea zabalduko dute. Gure Esku Dago-ko eledunak dio «une politiko garrantzitsua» dela, eta «euskal eredua» sortzeko aukera ikusten du, betiere erabakitzeko eskubidearen aldeko indarrak «norabide berean» lanean hasten badira.

«Erabakiari bide emateko unea» heldu dela iritzi dio dinamikak, eta konpromisoa hartu du erabakitze prozesurako baldintzak sortzeko eta garatzeko. «Eztabaida hori euskal erakunde eta mota guztietako eragileen esku hartzearen bidez bideratu beharra dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.