Errusiako hauteskundeak. Errusiarrak Euskal Herrian

Jaioterriak batu, baina Putinek banatu

Antonina Xirokova eta Irina Tixtxenko Euskal Herrian bizi dira. Batak uste du ez dagoela egungo presidentea baino hautagai hoberik; besteak, bozak «itxurakeria hutsa» direla.

Antonina Xirokovak hamar urte daramatza Donostian bizitzen. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Igor Susaeta.
2018ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Bozkatzeko aukera eduki duen arren, Irina Tixtxenko Ivanovak (Krasnodar, 1971) ez du bozkatu. «Itxurakeria hutsa dira». Datorren igandean Errusian egingo dituzten presidentetzarako hauteskundeez ari da. Antonina Xirokova (Volgograd, 1980), aldiz, Euskal Herrian bizi diren errusiarrentzako bozkaleku bilakatutako Donostiako hotel batera joan zen joan den igandean, eta gauzatu zuen bere eskubidea. Haren herrikidea ez bezala, Vladimir Putin egungo presidentearen alde dago. «Bai nire ingurukoentzat, baita beste jende askorentzat ere, onena da. Ez dago berak baino hobeto egin dezakeen beste inor». Izan ere, ez da fio beste zazpi presidentegaiez. «Ziur diruarengatik izan nahi dutela presidente». Biak bat datoz beren jaioterrian bizi mailak gora egin duela orain dela 20 bat urteko egoerarekin alderatuta. Xehetasunak, dena den, argazki orokorrari gailentzen zaizkio. «Modu prekarioan bizi direnen egoerak okerrera egin du», zehaztu du Tixtxenkok. Xirokovak dio haien gurasoek ezin dutela ia hil bukaerara iritsi. Inkesten arabera, azken hemezortzi urteetatik hamalautan presidente izandakoak, Putinek, botoen %70 bereganatuko ditu, eta karguan jarraituko du beste sei urtez.

«Beste edonon gerta ezin daitekeena gerta daiteke Errusian», erantsi du, umorez, Tixtxenkok. Duela hogei urte heldu zen Euskal Herrira, senarra duena Errusian ezagutu eta gero. Zumaian (Gipuzkoa) bizi da, «beste lan batzuen artean» BERRIAren banatzailea da, eta Antropologia ikasketak egiten ari da EHU Euskal Herriko Unibertsitatean. Jaioterritik hona etorri zenean, han «aldaketarako irekiera» gertatzen ari zen, «erregimen batetik besterako trantsizioaren garaia» zen. «Esaten zen herrialde irekia zela, eta hala zen». Baina gauzak aldatu direlakoan dago. «Atzera itxiera bat gertatu zen pertsona baten inguruan, eta, orain, herrialde handi bat da pertsona handi baten inguruan».

Xirokovak denbora gutxiago darama hemen, nahiz eta badiren hamar urte Donostiara iritsi zela. Banandu egin zen, bi seme zituen, eta «arrazoi ekonomikoak» zirela medio etorri zen Euskal Herrira, baliatuz, gainera, ahizpa lehenagotik Hernanin (Gipuzkoa) bizi zela. Ile apaintzailea da, eta etxe batean ere lan egiten du. Ustelkeria darabil ahotan, eta pentsatzen du Putin ez diren hautagaiek lapurtu egin nahi dutela. «Putinek dena dauka, izan ere».

Beste askok ez dutena, hain zuzen. Tixtxenkok uste du klaseen arteko aldeak handitu egin direla presidentearen agindupean. «Batzuek gora egin dute, besteek behera, eta, negozio aukerengatik, denetarik dago». Horniduren prezioak gora egin duela nabarmendu du, esaterako. Horren guztiaren harira, adibide bat jarri du Xirokovak. Haragia jatea «luxu bat» dela dio. «Pobreek ezin dute. Soldatak hemen baino askoz ere txikiagoak dira». Baloratzen du, esaterako, Euskal Herrian «tarteka» joan daitekeela «beste nonbaitera» atseden hartzera. «Hemen ez da beharrezkoa hainbeste lan egitea diru pixka bat edukitzeko».

Errusiako mugetatik kanpo «etsai bat» dagoela diote Kremlinen daudenek, Tixtxenkoren arabera. «Alerta egoera moduko batean daude beti, zerbaiten kontrako alertan». Eta presidenteak eta haren ingurukoek «batasunaren ideia» elikatzen dute. «Sobietar Batasuneko» balioak dira. «Esaten dute denok batera egongo garela berriro, lehengora itzuliko garela, 'izan ere, hura bai zela hura...'». Aipatutako etsaia, haren esanetan, EB Europako Batasuna eta AEBak dira, «haien kapitalismoarekin, neoliberalismoarekin...». Iruditzen zaio, ordea, Errusiak berak elikatzen duen «joko bat» dela, eta «parte hartzen» duela.

Xirokovak ez du iritzi bera. Errusiaren eta errusiarren «aurkako» jarrera bat dagoela uste du, kontrara. «Hori nabaritu dut. Batzuei esaten badiet errusiarra naizela, ez dute ezer gehiago jakin nahi nitaz». Kontatu du bere Whatsapp talderen batean ukrainarrak ere bazeudela, adibidez, eta horietako batzuek taldea utzi zutela taldekideren batek Errusiari buruzko albisteren bat argiratu ondoren. Antzeko esperientziak izan ditu Tixtxenkok ere, «harremana galdua» zuen bere aspaldiko lagun batzuekin. «Krimearen anexioa kritikatu nuen behin, eta adierazi nuenaren kontrako erantzun asko jaso nituen».

Vesta elkartea

«Ideologia batek blaituta» bizi dira Errusian, Tixtxenkoren hitzetan. «Sinpleki, sinestu egiten dute».Halere, «beldurra» sentitzen dutelakoan dago. «Kalean ez dute Putinen kontra ozenegi hitz egingo». Iritzi dio, hala ere, gizartea «bi bloketan» banatuta dagoela, nahiz eta Putinen aldeko botoa masiboa izan. Xirokova, behintzat, ez da gaizki mintzatuko 2024ra arte, gutxienez, presidente izango denaz: «Internet bidez-eta irakurri dut ez dagoela bera baino pertsona serioagorik». Washingtonek Moskuri leporatzen dio, baina, AEBetako azkeneko hauteskundeetan Donald Trumpen hautagaitzaren alde esku hartu izana. Tixtxenkok ez luke esango gezurra denik...

Putinez eta haren kudeaketaz galdetuz gero, Tixtxenko eta Xirokova ez dira, ez, ados jarriko, baina biek parte hartzen dute Vesta Kultura Elkarte Errusiazalearen ekintzetan. Donostian du egoitza. «Gure tradizioak eta festak ditugu, eta hemen ere ospatzen ditugu, elkartearen bidez», azaldu du Xirokovak. Tixtxenko baino inplikatuago dago elkartearen jardunean. Gainera, errusiera eskolak ematen dizkiete haurrei, poesia lantzen dute, dantza tradizionalak erakusten dituzte... Jaioterriak batzen baditu ere, Putinek urruntzen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.