Naparra bilatzeko atea, zabalik

Auzitegi Nazionalak atzera bota du Jose Miguel Etxeberriaren auzia artxibatzeko erabakia, eta agindu du iaz arakatu gabe utzi zuten eremuan bilatzeko. Iñigo Iruin itxaropentsu dago, baina «zuhur»
Eneko Etxeberria, Jose Miguel Etxeberria zenaren anaia, iazko apirilaren 4an, Labrit eta Brocas arteko basoan eginiko bilaketan.
Eneko Etxeberria, Jose Miguel Etxeberria zenaren anaia, iazko apirilaren 4an, Labrit eta Brocas arteko basoan eginiko bilaketan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Jon O. Urain -

2018ko maiatzak 16
Jose Miguel Etxeberria Alvarez Naparra-ren gertukoek beste aukera bat izango dute Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea zenaren arrastoak non dauden jakiteko. Iazko apirilean eginiko indusketetan ez zuten haren gorpuzkien aztarnarik topatu, eta auzia artxibatzear zegoen. Aitzitik, Etxeberriaren senideen abokatu Iñigo Iruinek helegitea aurkeztu zuen martxoan, erabaki horren kontra, eta, atzo zortzi, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko 2. Sekzioak arrazoia eman zion Iruini. Lau orrialdeko auto batean, auzitegiak agindu du luzatzeko instrukzio aldia, Etxeberria Alvarez familiak eskatutako izapideak egin ahal izateko.

Auzitegi Nazionalaren erabakiaren berri emateko, agerraldi bat egin zuten atzo Donostian Eneko Etxeberriak —Jose Miguel Etxeberria zenaren anaia—, Iñaki Egaña Euskal Memoria fundazioko presidenteak eta Iruinek berak. Abokatuak xehe-xehe azaldu zuen zer ibilbide egin duen auziak, eta baita joan den asteko ebazpenak zer esan nahi duen ere. Hauek dira familiak eskatutako bi diligentzia horiek: batetik, iazko apirilean bilaketa lanetarako baztertutako eremua arakatzea, eta, bestetik, Naparraren hilotzaren kokalekuaren berri eman zuen informatzailea topatzea eta hari buruzko informazio pertsonala eta profesionala biltzea.

Iruinek ez zuen zehaztu noiz hasiko diren bilaketa lanetan. Izan ere, auzia Auzitegi Nazionalaren eta Mont-de-Marsango Instrukzio Auzitegiaren (Okzitania) eskuetan dago, eta tramiteek, itzulpenek eta abarrek luzatu egin dezakete prozedura. Hala ere, Iruinek gogorarazi zuenez, sei hilabete igaro ziren Auzitegi Nazionalak lehen aldiz gorpuzkiak bilatzeko agindu zuenetik —2016ko urria— indusketa lanak egin zituzten arte, eta izapideetako batzuk eginak daude jada orduko saiotik: «Pentsatzen dut gutxiago izango dela orain».

Ramon Francisco Arnau de la Nuez izan zen Iñaki Errazkin kazetariari kokalekuaren berri eman ziona, eta informazio horretan oinarritzen dira Naparra bilatzeko azken bi urteotako saioak. Francisco Etxeberria auzitegi medikuak egin zuen eremuari buruzko txostena, eta bi zona identifikatu zituen. Bietako bat arakatu zuten iaz, Brocas eta Labrit arteko harizti bat, baina ez bestea, Paueko jendarmeek baztertu egin baitzuten. Iruinek eskatu zuen idatziz aurkezteko zona hori baztertzeko arrazoiak, topatzeko eta Arnau de la Nuez. Aurtengo urtarrilean jaso zuten Mont-de-Marsango Instrukzio Auzitegiaren dokumentazioa, baina, hilabeteotan, Auzitegi Nazionalak eta Espainiako Segurtasun Indarrek ez dute Arnau de la Nuez aurkitu. Elementu horiek eskuan, fiskaltza auzia artxibatzearen alde agertu zen iazko uztailean, eta behin-behinean hala erabaki zuen Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko instrukzio epaileak, martxoan.

Orduan, Naparraren familiak helegitea aurkeztu zuen, jendarmeek eremuetako bat indusketa lanetatik baztertzeko erabilitako argudioen kontra eginda. Poliziak zonaren argazki batzuk aurkeztu zituen froga gisa, 1987koak; beraz, Naparra desagertu eta zazpi urte geroagokoak. Iruinek, ordea, 1982ko irudi batzuk aurkeztu zituen, airetik eginak, kartografia digitalari esker eskuratutakoak. Bertan antzeman daiteke jendarmeen irudietan ikusten ez den baso bat, eta autoz ailegatzeko modua duena. Joan den asteko ebazpenean, Auzitegi Nazionalak ez du argi ikusten jendarmeek elementu berri horiek aintzat hartu ote zituen, eta horregatik eskatu du eremua berriro ikertzeko.

Arnau de la Nuez da auzia argitzeko beste piezetako bat, baina hura non dagoen ez jakiteak zaildu egiten du ikerketa. Fiskalak berak esana du balitekeela haren testigantza «garrantzitsua» izatea, eta, atzo, Iruinek «harridura» azaldu zuen hura topatzeko «zailtasunen» aurrean: «Ezagunak dira haren aurrekari penalak; 2015ean Segoviako espetxetik irten zela, haren itxura fisikoa... Borondatea izanez gero, posible eta giltzarri da Arnau de la Nuez lokalizatzea».

«Poz handia» senideentzat

Iruinek auziari eta auzitegiaren erabakiari buruzko esplikazioak eman zituen nagusiki, baina horren balorazioa ere egin zuen: «Auzitegi Nazionalak arrazoia eman digu, eta berretsi du 2016an zabaldutako ikerketa lerroa ez dagoela amaituta». Hortaz, adierazi zuen Mont-de-Marsan inguruko basoetara itzuliko direla, «itxaropenarekin», baina «kontziente izanda zuhurtziaz jokatzea eskatzen duela». Gaineratu zuen Euskal Herriaren gertuko historia ezin dela idatzi «Naparraren, [Eduardo Moreno Bergaretxe] Perturren eta Popo Larreren desagerpenak argitu gabe».

Eneko Etxeberriak «poz handia» hartu zuen anaiaren gorpuzkiak bilatzeko aukerarekin, atzoko agerraldian esan zuenez. Hunkituta, iazko apirileko saioa gogorarazi zuen; «itxaropenez» bizi izan zutela, baina esperantza hori «zapuztu» egin zela arrastorik ez aurkitzean. Hala ere, hitzeman zuen «aurkitu arte» jarraituko dutela Naparraren bila.

1980ko ekainaren 11n desagertu zen Naparra. Ziburun (Lapurdi) hitzordu bat zuen. BVE Batallon Vasco Españolek bere gain hartu zituen haren bahiketa eta hilketa, baina kasua ez da argitu, bi aldiz auzitegietan izan arren. Desagerpenari lotuta ez badago ere, Naparrari buruzko beste informazio bat ere eman zuten atzoko agerraldian. Familiak eskatua zuen Naparraren aurkako prozedura judizialei buruzko informazioa. Aurtengo otsailean jaso zuten: ez dago haren aurkako ikerketa, akusazio edo sententziarik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna