Zigorra osorik beteta

Inma Berriozabal presoa aske utzi dute; 2009tik zegoen espetxean.Larri gaixo dagoen arren, hori ez da izan askatzeko arrazoia: zigorra osorik bete du

Inma Berriozabal, atzo arratsean, Bilbon, Santutxu auzoan egin zioten harreran. MONIKA DEL VALLE / ARP.
gotzon hermosilla
Bilbo
2015eko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Atzoz geroztik, libre da Inma Berriozabal euskal presoa. Haren izena behin baino gehiagotan agertu da Etxerat eta Jaiki Hadielkarteek egiten dituzten preso gaixoen zerrendetan, eta, hori dela eta, mobilizazio ugari egin dute libre utz zezatela eskatzeko. Hala ere, haren gaixotasun larriak ez dira izan libre uzteko arrazoi, ezarri zioten zigorra osorik beteta askatu baitute.

2008ko martxoan atxilotu zuten Berriozabal, Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak zuzendutako 18/98 makrosumarioaren ondorioz. «ETAren finantzaketa iturriak» etetea zuen helburu sumarioak, besteak beste. Berriozabal Untzorri bidaia agentzia batean ibilitakoa zen beharrean, eta Garzonek ezker abertzalearen egiturak finantzatzea leporatu zion enpresa hari.

Behin-behinean libre utzi zuten 30.000 euroko bermea ordainduta, baina 2009ko apirilean berriro atxilotu zuten. Geroztik kartzelan egon da. 18/98 auziko epaiketan hamabi urteko espetxe zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak. Geroago, Auzitegi Gorenak, abokatuek aurkezturiko helegitea aztertu, eta zazpi urte eta sei hilabetera murriztu zion zigorra.

Berriozabalek 63 urte ditu, eta hainbat gaixotasun ditu: diabetesa, B hepatitisa, asma bronkial arina, psoriasi artropatia, hipertentsioa, sinusitisa eta lo egiteko arazoak. Hainbat ebakuntza egin behar izan diote: ezkerreko belaunean egin ziotenaren ondorioz minak izaten ditu oraindik, eta analgesikoak hartu behar izaten ditu oinaze horiek baretzeko.

Hori dela eta, ekinbide eta mobilizazio asko egin dituzte azken urteotan presoa askatzearen alde, bai Santutxun —Bilboko auzo horretan bizi zen Berriozabal— eta bai Euskal Herriko beste zenbait tokitan. Baina azkenean, Santutxuko Sare dinamikak prentsa ohar batean ohartarazi duen bezala, «gaitz larriak dituen preso bat izan arren», ezarritako espetxe zigorra oso-osorik bete ostean kaleratu dute.

Harrera espetxe atarian

Lama espetxean (Pontevedra, Galizia) egon da Berriozabal, eta haraino joan ziren atzo goizean autobus batean euskal presoaren senideak eta lagunak, kartzela atarian bertan lehenengo harrera egiteko. Ondoren, Bilbora abiatu ziren denak. Santutxun beste harrera bat antolatua zuten, 19:30 aldera, Egunkaria plazan.

Horrez gain, eta oraindik kartzelan eta larri gaixo dauden gainerako hamar euskal presoak gogoan, hainbat mobilizazio antolatu du Santutxuko Sare taldeak datozen egunetarako. Bihar, esate baterako, bizikleta martxa bat egingo dute, 19:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.