Lan gatazka amaitzeko oinarriak zehaztu dituzte EAEko hezkuntza publikoan

Eusko Jaurlaritzak eta sindikatuek akordiorako oinarria lortu dute irakasleen arloan. LABek, Steilasek, CCOOk eta UGTk sinatu dute. ELAk ez du ontzat jo testua

Haurrak, Donostian, murrizketen eta Heziberriren aurkako kartelak margotzen iazko mobilizazioetarako. Artxiboko irudia. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2018ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Akordiorako oinarriak zehaztu dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan. Irakasleen arloko mahaiaren bilera izan zuten atzo Eusko Jaurlaritzak eta sindikatuek, eta lan gatazkari amaiera emateko itunaren oinarria zehaztu zuten. Hezkuntza Sailak azken bileran proposatutako neurriak dira adostutako oinarri gehienak: ordezkapenak lehen egunetik egitea irakastaldi guztietan, hogei ikasle baino gehiago dituzten 3 urteko geletan errefortzuak jartzea eta 60 urte baino gehiagoko irakasleen eskola orduak heren bat murriztea, besteak beste. Bost sindikatu daude mahaian, eta lauk sinatu dute akordioa: LABek, Steilasek, CCOOk eta UGTk. ELAk ez ditu ontzat eman adostutako neurriak, eta ez ditu sinatu.

2016ko otsailean hasi zuten lan gatazka EAEko hezkuntza publikoan. Hezkuntza «lehentasunen artean» ez jartzea egotzi zioten ELAk, LABek eta Steilasek Eusko Jaurlaritzari. Lau arlotan izan dituzte gatazkak: hezkuntza berezian, Haurreskolak partzuergoan, garbiketan eta sukaldeetan, eta irakaslerian. Bi urteotan zazpi egunetan jo dute grebara. Martxoan, eta astebeteko mobilizazioen atarian, ados jarri ziren irakasleenean ez beste mahaietan. Orain egin dute lan gatazka amaitzeko falta zen azken arloko akordiorako oinarria. Ez dira ados jarri aho batez: ELAk ez du lau arloetako itun bat ere sinatu.

Orain astebete egin zuten beste bilera bat sindikatuek eta gobernuak, eta orduan mahai gainean jarritako neurriak izan dira itunaren giltzarri. Lau arlotan zehaztu dituzte akordioaren oinarriak: lantaldea sendotzea, ordezkapenak, enplegua eta egonkortasuna, eta lan baldintzak. Horien artean dira ordezkapenak, esaterako. Hezkuntza Sailak lehendik onartua zuen sindikatuen eskari bat: ordezkapenak lehen egunetik egitea irakastaldi eta kidego guztietan. Hala jaso dute hitzarmenerako oinarrian. 3 urteko ikasleen kasuan, ratio handia duten geletan errefortzuak jartzea ere jaso zuten aurreko bileran.

Lan eskaintza publikoari dagokionez, gutxienez 5.000 lanpostu eskainiko dituzte agintaldi honetan. Behin-behinekotasuna jaisteko neurria izango da hori. Aurreratu dute %27tik %17ra jaitsiko dela behin-behinekotasuna.

Azken orduan ituna zaildu duten bi gai izan dira eztabaidagai, hala ere: 60 urtetik gorako irakasleen egoera eta premia bereziak dituzten ikastetxeei laguntzea. Irakasleei dagokienez, 60 urte baino gehiago dituzten guztiek aukera izango dute eskola orduetan heren bateko murrizketa hartzeko —Jaurlaritzaren proposamena zen funtzionarioek soilik edukitzea aukera hori—. Behar berezia duten ikastetxeei laguntzeari dagokionez, indize bat garatuko du Jaurlaritzak, eta horren arabera banatuko ditu baliabide gehigarriak. Indize hori kalkulatzeko zortzi faktore hartuko dituzte kontuan; besteak beste, eskola horretako familien egoera sozioekonomiko eta kulturala, ikasketa emaitzak eta ikasle errepikatzaileen kopurua, besteak beste. Hezkuntza Sailaren arabera, 140 ikastetxeri eragingo die.

Horrez gain, Lanbide Heziketa euskalduntzeko eta Lanbide Heziketa Duala sustatzeko langile kopurua handitzea adostu dute, Haur eta Lehen Hezkuntzan administrazio lanak egiteko lanpostuak sortzea.

«Abiapuntu bat»

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuaren arabera, bi aldeek egindako akordioa «ona» da, ez bakarrik lan baldintzak hobetuko dituelako, «hezkuntza sistema osoari» eragingo diolako baizik. Elkarrizketaren «emaitza» da ituna, Uriarteren hitzetan.

Sindikatuen aburuz, «abiapuntu bat» da akordiorako oinarria. «Pozik» azaldu dira hitzartutakoarekin, baina garatzeko eta adosteko gaiak badaudela ohartarazi dute guztiek. ELAren iritziz, aldiz, sinatutakoak «gabezia larriak» ditu, «eta ez dio erantzuten hezkuntza publikoak dituen arazo larriei eta langileen aldarrikapenei». Mobilizazioak bultzatzen jarraitzeko nahia azaldu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.