Gorena 'Parot doktrinaren' «akatsa» errepikatzen ari dela diote bertako sei epailek

Zigorrak batu ezean atzerako eraginez arituko dela ohartarazi dute.Pikabeari buruz Gorenak hartutako erabakiaren aurka, boto partikularra lantzen ari dira

Espainiako Auzitegi Gorena helegite bat aztertzeko saioan, Candido Conde Pumpido magistratua erdian dela. VICTOR LERENA / EFE.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2015eko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Gorenak aurreko astean erabaki zuen Kepa Pikabea euskal presoak Frantzian betetako espetxealdia ez kontuan hartzea Espainiako auzitegiek ezarritako zigorra betearaztean; Espainiaren presondegietan bete beharreko zigorrari ez gutxitzea Frantzian bete zuen hamar urteko zigorra. Liskartsua izan da auzia, eta, Auzitegi Gorenak erabakia irizpide orokortu bat zehazteko asmoz hartu bazuen ere, zalantzak ez dira argitu. Eztabaidan parte hartu zuten hamabost epailetik seik ohartarazi dute gaizki jokatzen ari dela: «Parot doktrinarekin egin zen okerra» errepikatzen ari dela abisu eman dute, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak edo Estrasburgok atzera botako duela pentsatzeko arrazoiak daudela.

Urtarrilaren 13an Pikabeari buruzko erabakia hartu zuen osoko bilkurako kideak dira abisu eman dutenak. Auzitegi Goreneko magistratuak. Bederatzi epaileren botoekin ebatzi zuten zigorrak ez batzea, eta gainontzeko sei epaileak aurka agertu ziren, erabat. Nagusitu zen erabakiaren kontrako boto partikularra egingo zutela ere jakinarazi zuten, eta horixe lantzen ari dira. Auzitegi Goreneko Zigor Salako osoko bilkuraren epaia ez da oraindik jakinarazi. Erabakiaren berri egunean bertan eman zuten, baina argudioak oraindik ez dira jakinarazi. Horiek argitaratzean kaleratuko dute sei epaileek ere boto partikularra, baina edukietako batzuk jakinarazi dituzte.

Bete beharrekoa

Argia da sei epaileek Gorenaren erabakiaren aurka egiteko argudioa: Europako Batzordeak 2008an onartu zuen zigorrak batzeari buruzko zuzentaraua. Arau hori bete beharrekoa da Europako Batasuneko estatu guztientzat, eta horretarako, nork bere legerian txertatu beharra dauka. Horretarako epe muga ere ezarri zuen Europako Batzordeak: 2010eko abuztuaren 15erako behar zuen jasoa arauak estatu bakoitzeko legeetan.

Espainiakoak, ordea, zokoratua izan du gaia orain arte. Iazko abenduan bihurtu zuen lege organiko, baina Europako idazkiari hainbat moldaketa eginda. Zigorren batura gauzatzeko hainbat baldintza jarri zituen PPk, eta bere botoekin onartu zuen moldatutako araua. Euskal presoak onuratik kanpo uzten dituzte, praktikan, baldintza horiek.

Espainiako legeak jasotzen duen berezitasunetako bat da Europak agindutako zigor baturarik ez zaiela egingo 2010eko abuztuaren 15a baino lehen zigorra jaso zutenek. Euskal preso historikoak multzo horretan sartzen dira, eta, beraz, onuratik kanpo geratuko lirateke, automatikoki, Espainiako legearen arabera. Hori da Pikabearen kasua, eta horixe argudiatu zuen Auzitegi Gorenaren gehiengoak espetxealdia gutxitzeko eskaerari ezezkoa emateko.

Baina Espainiako arau hori 2014ko abenduan bihurtu zen lege. Presoak aurrez egina zuen zigorrak batzeko eskaera. Eta nazioarteko zuzenbidearen oinarrietako batek dio ezin dela zigorrik ezarri atzerako eraginez. Alegia, gaur onartutako arau bat ezin zaiola atzoko gertaera edo delitu bati ezarri, ez bada zigortuarentzat onuragarria delako. Atzera ezintasun printzipio hori Espainiako Konstituzioak ere jasoa du.

Horixe ohartarazi dute boto partikularra lantzen ari diren magistratuek: Pikabeari ez bazaio zigorren batura egiten, atzera ezintasun printzipioa urratzen ariko dela, eta, beraz, oso litekeena dela Auzitegi Konstituzionalak edo Europako Auzitegiak erabakia atzera botatzea. Estrasburgok Parot doktrina horregatik indargabetu zuela gogoratu du. Miguel Colmenero txostengileak izango duen boto partikularra aurki espero da, Gorenaren epaiarekin.

Beste epaile batek beste boto partikular baterako txostena idatziko du: Estatuko fiskalburu izana den Candido Conde Pumpidok. Zigor Salak erabakia hartu zuenean eztabaidagai izan zuen beste proposamen bati helduko dio Conde Pumpidok, eta beste boto partikularra babestu duten seiek sinatuko dute. Fiskalburu ohiaren ustez, Luxenburgoko Auzitegira jo behar da auzia argitzeko argibide eske. Europako arau eta aginduen interpretazioak egiteko eskumena du Luxenburgoko Auzitegiak, eta, epailearen ustez, zigorrak batzeari buruzko auzia hara igortzea da egokiena. Zuzentaraua Espainiako legeek ondo jaso duten aztertzea proposatu dute bigarren boto partikularraren sinatzaileek.

Liskarra kongresuan

Auzia Espainiako Kongresuan ere izan zen eztabaidagai atzo. Aitor Esteban EAJren diputatuak Espainiako Gobernuari galdetu zion ea zer iruditzen zaion hainbat magistratuk Luxenburgori laguntza eskatzea proposatu izana. Haserre erantzun zion Rafael Catala Justizia ministroak. Espainia zuzenbide estatua dela esan zion, eta bai Espainiako legeek bai Gorenak bermatu dutela ETAko presoei zigorrak ez batzeko erabakia. Luxenburgoko bidea irekita dagoela esan, eta salaketa egin zuen Catalak: «Harritu egiten nau sektore juridiko eta politiko batzuetan terroristen onurarako lege zirrikituak bilatzeko dagoen interesak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.