Galderak amu

Euskal estatugintza feminista izan du hizpide Jule Goikoetxea EHUko irakasleak. Feministek boterea hartzea aldarrikatu du, «estatugintza feminista indartsuagoa bada, demokratizazioa sakonagoa izango delako».

gurutze izagirre intxauspe
Andoain
2015eko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Nola antolatuko dugu estatu feminista? Nola antolatuko dugu espazioa? Zein finantza sistema ezarriko dugu? Zer egingo dugu produkzioarekin eta erreprodukzioarekin? Emakumeek humanitatea produzitzen dugu, baina nork egiten du lan erreproduktiboa? Zer izango da normala izatea, eta zer anormala? Zer da langile izatea? Zer eskatuko da lehendakari izateko?... Hori guztia feminismotik erantzutea eta praktikatzea da estatugintza feminista egitea», Jule Goikoetxearen esanetan. Erantzunetan arakatzen hasi nahi dutenentzako amu bihurtu ziren atzo ahots gora bota zituen galderak.

Bizi eta ideia zaparradez josia egin zuen hitzaldia atzo Goikoetxeak, Andoainen. Filosofia, Kazetaritza eta Zientzia Politikoetako lizentziaduna, Filosofiako doktorea eta Zientzia Politikoetako irakaslea da EHUn, besteak beste. Martin Ugalde foroak antolatutako hitzaldia izan zen, Euskal estatugintza feminista goiburupean, eta Maite Asensio BERRIAko kazetariak egin zituen aurkezpen lanak.

Goikoetxeak uste du bai dimentsio kontzeptualean, bai dimentsio praktikoan proposamen berriak eta eraldatzaileak planteatzen dituen «ideologia integratzaile bakarra» feminismoa dela. Eta, alde horretatik, feministek estatuaren, familiaren eta merkatuaren funtzionamendua eta horien definizioa eraldatzea proposatzen du, «ez irizpide patriarkalen arabera». Duela 300 urteko definizioak daude egun indarrean, haren esanetan, eta beste ezer asmatzen ibili gabe, horiek berriz definitu behar direla iritzi dio.

Goikoetxeak azaldu duenez, «emakumezkoak erditzen, ekoizten eta hezten dute humanitatea, doan. Hori da honen guztiaren oinarri ezkutua. Horregatik funtzionatzen du kapitalismoak eta demokrazia deitzen dugun sistema honek». Demokrazia eta estatua egitura moduan defendatu ditu, «ezin baita demokraziarik egon herriaren eskakizunak gauzatu gabe. Gauzatze hori, baina, erakundeen bidez egiten da, eta ahalmen politiko handiena duen erakunde multzoa estatua da». Baina ñabarduraz josi du zein ezaugarritako estatua behar lukeen.

Estatu egitura defendatu du irmo, sistema demokratikoetan errealitatea birsortzeko ahalmen gorena duen egitura estatua delako. «Hori da euskal estatu feminista baten bila joatearen arrazoia, errealitate politikoa sortu nahi dugulako, eta hori lortzeko dauden baliabide eta erakundeak nahi ditugulako».

Estatu eragingarria

Estatuaren egitura eta estatua defendatzeko garatu duen beste ideia da komunitate ororen eraketak biolentzia dakarrela, eta esklusioa. «Komunitaterik ez legoke diferentziarik egongo ez balitz euskaldun eta frantsesen artean, alemanen eta espainolen artean. Eta diferentzia ardatz horrek ondorio batzuk ditu. Identitateak, gu hori sortzeko, beste bat behar du, diferentziatzeko, gu eta haiek bat».

Onartuta ere estatu guztiek bazterketak eragiten dituztela, haren esanetan, estatugintza feministak bilatu beharko luke esklusio mekanismo horiek identifikatzea eta kontrolatzea, ahalik eta esklusio murritzena eta eragingarriena egiteko, ahalik eta biolentzia txikienarekin. Uste du saihetsezina dela biolentzia. Estatu egitura sortu baino lehen ere bazegoen, eta komunitate bat dagoen artean biolentzia existituko da, Goikoetxearen esanetan.

Estatugintza feministaren bidez «berdintasun sozioekonomikoa eta politikoa» erdiesteak izan beharko luke helburu, haren irudiko, «noiz eta desdemokratizazio sakonagoa izan, gero eta indartsuagoa delako patriarkatua eta kapitalismoa».

Horregatik uste du estatugintza feministaren erronka nagusietako bat botereguneak hartzea dela. «Botere posizioak lortzea ez da soilik instituzioetan sartzea, baizik eta instituziogintza feminista egitea». Boterea eskuratzea aldarrikatzen du, botere zirkuituetan sartuta. Horretarako, botere zirkuituak definitu behar direla uste du, «behin boterearen birsortze mekanismoak definituta» errazagoa izango delakoan euskal estatugintza feminista nolakoa izango den «guztion artean erantzutea».

Beste erronka nagusia feminismoa estatu mailako gaia bilakatzea dela uste du. «Berdintasun sozioekonomiko eta politikoa estatuaren ahalmen politikoaren bidez soilik lor daiteke. Zergatik? Estatuak bakarrik inposa dezakeelako berdintasuna, eta ez badu berdintasuna inposatu nahi, orduan gertatzen da egun gertatzen ari dena: diferentzia sozioekonomikoa, politikoa, politikoa, legala, kulturala...».

Feminismoaren hirugarren erronka nagusia estatu interlokutore bilakatzea dela gaineratu du, XX. mendean sindikalismoa bihurtu zen gisan. «Edozein erabaki eta politika publiko feministon eskutik pasatu beharko da, lan baldintzak orain arte sindikatuen eskutik pasatzen diren moduan».

Trantsizio feministak trantsizio nazionalak duen garrantzi bera eduki beharko lukeela azpimarratu du EHUko irakasleak. «Trantsizio feministaren helburua da emakumeak herriaren parte izatetik herria izatera ailegatzea. Sektore izatetik osotasuna izatera».

Herrigintzarekin bat

Estatua, baina, ezin da herritik aldendu. Herrigintzak eta estatugintzak eskutik joan behar dute, Goikoetxearen arabera. Gakoa norberak egunerokoan dituen jarreretan dagoela gaineratu du: «Estatugintza gizartean sakabanatuta dauden hamaika mikropraktika dira; horregatik, estatugintzaren eta herrigintzaren arteko zatiketarik ez da. Estatugintza herritarrek egiten dutelako. Horretaz jabetzea oso garrantzitsua da», gaineratu zuen Goikoetxeak.

Hala eta guztiz ere, jarrera aldaketan egin du indar. Herrigintzaz hitz egitea baino gehiago, estatugintzaz hitz egitearen alde egin du. «Horrek aldatzen du diskurtso guztia. Estatua etxean dago, kalean, lanean, inguruan... Jarrera aldatzea da estatugintza feminista egitea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.