Aukera guztiak, zabalik

EH Bilduk «ahal duen guztia» egingo du EAJrekin batera PPko Javier Maroto Gasteizko alkatetzatik kentzeko.Larrion prest da bere hautagaitza erretiratzeko

EH Bilduko Kike Fernandez de Pinedo eta Miren Larrion, Arabako EAJko kideekin bildu ostean, atzo. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
2015eko ekainaren 11
00:00
Entzun
Gasteizen ere gobernu aldaketa egon dadin sortu den «presio sozialaren» lehen lerroan kokatu du bere burua EH Bilduk, eta nabarmendu du «ahal duen guztia» egingo duela EAJrekin ere «partekatzeko» ardura hori. Jeltzaleek beren erabakia, baina, larunbateko udalbatzarrera arte ez omen dute ezagutaraziko. Negoziazioek aurrera jarraitzen dute, bitartean: «Ez dago aukera bakar bat ere itxita», esan du Miren Larrion EH Bilduren alkategaiak; ezta, EAJko hautagaiaren mesedean, berea erretiratzea ere.

Ordu erdiz bildu ziren atzo goizean bi alderdiak, eta arratsaldean, koalizio subiranistak batzarra egin zuen larunbatera begira zein jarrera hartu zehazteko —gaur jakinaraziko ei du erabakia—. Jeltzaleek, halaber, sozialistekin egin zuten bilera. Bileraren ostean, PSE-EEkoek adierazi zuten ez zutela mahai gainean izan Gasteizko Udaleko egoera, baina halere, haiek ez zutela «inoren aurkako frontetan» parte hartuko berretsi zuten. Bileran, Arabako Diputazioari buruz mintzatu zirela zehaztu zuten eta jakinarazi «aurrerapausoak» eman dituztela jeltzaleekin «akordio programatiko» bati begira. Hori hala balitz, PP gobernutik kendu eta gutxiengoan gobernatuko luke EAJk, PSE-EErekin koalizioan zein ez.

Arabako hiriburuko udalari buruz, berriz, EH Bilduk eta EAJk ez zuten zabaldu euren arteko hartu-emanei buruzko informaziorik. Larrionek, bileraren ostean, labur-labur esan zuen Javier Maroto alkatetzatik kentzeko dagoen presioari buruzko analisian bat egiten dutela bi alderdiek, eta, horrekin lotuta, pozik azaldu da azken asteetan jeltzaleen artean nabaritu duen jarrerarekin. «Aldaketa artikulatzen hasi behar genuela esan genuenean, denek begiratzen ziguten ezinezkoa izango balitz bezala, eta begira nola gauden», azpimarratu zuen, bilera hasi aurretik, ETBn eginiko elkarrizketa batean.

PPk bederatzi zinegotzi lortu ditu bozetan, eta ikusteko dago oposizioko alderdiek bat egin eta Maroto alkatetzatik kentzen duten, eta nor aukeratzen duten haren ordezko. Larrionek adierazi du bera prest dagoela EAJren Gorka Urtaran babesteko. «Horrelako eskuzabaltasuna ez da normalean erakusten, baina egoerak halakorik eskatzen du». EH Bildukoak azaldu duenez, bigarren indarra izanda, koalizioari zegokion «gobernu alternatibo» bat osatzeko lidergoa hartzea, eta horrela egin du. «Baina siglen gainetik jarri dugu ardura hori. Guretzat, garrantzitsuena helburua da, eta horretarako beharrezkoa bada ni ez izatea hautagaia, prest nago horretarako edota beste hautagai bat babesteko».

«Ezohiko» erabakia

«Artikulatu» nahi den gehiengo horrek «denbora eta lana» eskatzen duela aitortu du Larrionek, baina «konfiantza» du jeltzaleengan. «Ulertzen dugu erabakia gogorra izan daitekeela». Horren harira, EH Bildukoak aitortu du haientzat ere ez dela erraza EAJrekin akordioa, baina azpimarratu du «ezohiko egoera» batean «ezohiko erantzun» bat behar dela. «Hemen ez gaude gobernu eratzeaz hitz egiten ari. Hori negoziatzen ariko bagina, ez ginateke lehen bileratik pasatuko».

Nolanahi ere, Larrionek azpimarratu du EH Bilduren eta EAJren artean ez dagoela alde handirik biek gasteiztarrentzako nahi duten hiri ereduari buruz, eta adierazi du gobernu berri baten alde dauden alderdiek beren programetan «puntu komun asko» dituztela. Zehaztu du, besteak beste, partekatu egiten dutela «ongizateari buruzko analisia» eta hori «oinarri sendoa» dela akordiorako, eta hirigintzan eta mugikortasunean ere antzeko ikuspegiak dituztela. «Baina kontua ez da zein eredu nagusituko den. Kontua da ea guztion artean ados dezakegun gobernatzeko eta politika egiteko eredu berri bat. Udal batean erabaki xumeagoak hartzen dira, eta borondatea izaten da askotan akordiorako oztopo nagusia». EH Bilduko kidearen iritzian, halaber, «iraunkorra» izan beharko luke gobernu berriak. «Ez bagara gai artikulatzeko akordio bat, talde politiko guztiak aterako gara galtzen, baina, bereziki, hiria. Hiritarrek gugan jarri duten konfiantza galduko dugu. Hori egiteko gai ez bagara, Gasteiz galduta egongo da denbora askorako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.