Euroeskualdean batuta

Nafarroa irailean sartuko da EAEk eta Akitaniak osatzen duten erakundean.Lankidetza ekonomikoa eta lotura historiko eta kulturalak bultzatuko dituzte

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Uxue Barkos Nafarroako Gobernukoa eta Alain Rousset Akitaniakoa, Gasteizen, atzo. JUANA RUIZ / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
2016ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Batuta, baina ez bakarrik. Akitania-Euskadi euroeskualdeak Nafarroako Foru Erkidegoa barneratuko du, euroeskualdeko kideek atzo eginiko batzar nagusian hartutako erabakiaren ondorioz. Euskal Herriko zazpi herrialdeakbilduko ditu, beraz, Europako zuzenbideak aintzat hartzen duen mugaz gaindiko erakunde horrek. Euskal lurraldeak, baina, ordezkatuta egongo dira Espainiak eta Frantziak ezarritako egitura politiko eta juridikoen menpe. Hegoaldekoak, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren eskutik, eta Iparraldekoak, Akitaniako Limousin-Poitou-Charentes Eskualde Kontseiluaren barruan. Akitaniako Kontseiluko 183 kontseilarietatik hamar dira Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoakoak.

Euroeskualdea osatzen duten hiru gobernuetako ordezkariak pozik azaldu dira akordioarekin. Eusko Jaurlaritzako lehendakari eta azkenengo bi urteetan euroeskualdeko presidente izandako Iñigo Urkulluren arabera, Nafarroaren bat egitea «oso pauso garrantzitsua» da «mugaz gaindiko elkarlanaren espiritua indartzeko». Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakariak «historikotzat» jo du egindako urratsa. Alain Rousset Akitaniako Kontseilukoak, berriz, azaldu du Nafarroaren atxikimendu ona dela erakundearen «kultur aniztasunarentzat», eta azpimarratu du indartu egingo duela bere pisua «Bruselaren aurrean». Nafarroa integratzeaz gain, euroeskualdeko presidentetza aldatu zuten atzoko batzarrean, eta Frantziako alderdi sozialistako Roussetek hartu du aginte makila datozen bi urteetarako.

2011n sortu zen Euskadi-Akitania euroeskualdea, aurretik zeuden mugaz gaindiko lankidetzarako beste esparru batzuei segida emanez. Horretatik kanpo geratu zen Nafarroa, orduko gobernuak hala erabakita. Egungo gobernuak iazko urriaren 21ean egin zuen batzeko eskaera, gobernua osatzen duten lau indar politikoek sinatutako gobernu akordioan jasotakoari jarraiki.

Gasteizen atzo eginiko batzarrean, Eusko Jaurlaritzako eta Akitaniako Kontseiluko hogei bat ordezkarik parte hartu zuten. Nafarroako Gobernutik, Barkos lehendakariarekin batera, han izan ziren Manu Aierdi Garapen Ekonomikorako lehendakariordea eta Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria.

1,1 milioiko aurrekontua

Atzoko erabakia hartu ostean, datozen asteetan euroeskualdearen estatutuak aldatuko dituzte, Nafarroa gobernu organoetan sartzeko. Erabaki hori erakundea osatzen duten gobernu guztien gobernu kontseiluek berretsi beharko dute. Jarraian, Espainiako Gobernuaren Ministroen Kontseiluak onartu beharko du, eta horrek Frantziako Estatuari jakinarazi beharko dio. Sei hilabeteko epean atxikiko da Nafarroa ofizialki euroeskualdera. Urkulluk nabarmendu duenez, «etapa berri» batean dago erakundea, «indartsuago, bai iparraldean bai hegoaldean».

Azken urtean egindako lanaren analisi orokor bat egin du Urkulluk, eta duela bi urte onartutako plan estrategikoaren (2020ra artekoa) ardatz nagusiak azaldu ditu: euroeskualdeko herritartasuna indartzea, konektibitatea eta kultura jarduerak hobetzea; ezagutzaren ekonomia eta prestakuntza, lehiarako berrikuntza eta enpresak laguntzea; eta lurralde jasangarria, garraioa eta mugikortasuna sustatzea. Euroeskualdearen helburu garrantzitsuenetako bat izan da, sorreratik bertatik, abiatura handiko trena; komunikabideetara bidalitako oharrean ez dute horren aipamenik egin.

2016ari begira, berriz, Urkulluk azpimarratu du Donostia Europako kultura hiriburuaren proiektua bultzatuko duela erakundeak. Eta, horrekin batera, beste egitasmo hauek nabarmendu ditu: euskarazko irratien ekoizpenerako Zubiak deituriko proiektua garatzea, langileentzako eta enpresentzako informazio atari bat sortzea, euroeskualdeko lanbide heziketarako sistema berri bat abiatzea eta euroeskualde mailako bekak sortzea. Horiek eta beste proiektu batzuentzat, 1,1 milioi euroko aurrekontua finkatu dute 2016rako, eta Eusko Jaurlaritzak eta Akitaniako Kontseiluak erdibana finantzatuko dute. Kide diren gobernuek hornitu ez ezik, euroeskualdeak proiektu zehatzetarako diru laguntzak jasoko ditu Europar Batasunetik, Urkulluk azaldu duenez.

Hamabost urte geroago

1992an, Nafarroak —Juan Cruz Alli zen presidentea orduan eta UPNn zegoen— lankidetzarako protokolo bat sinatu zuen Akitaniako Kontseiluarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin, eta indarrean egon zen 2000ra arte. Urte hartan Miguel Sanzen gobernuak (UPN) harremanak eten zituen, eta alde biko hitzarmenak lehenetsi; bederatzi urte behar izan zituen, halere, horretarako. 2009an Jaurlaritzarekin egin zuen ituna, eta 2015ean, Akitaniarekin. Lankidetza esparru horiek, baina, garapen urria izan zuten, eta Jaurlaritzarekin eginikoa istilu iturri ere izan zen hainbatean. Bien bitartean, EAEk eta Akitaniak, hasierako protokolo horretatik abiatuz, Europako Batasuneko zuzenbideak araututako lankidetzarako egitura bat sortu zuten, izaera juridikoa duena: euroeskualdea, 2011n sortu zuten. Patxi Lopezen gobernuak (PSE-EE) eta Alain Roussetenak sinatu zuten (PS) hitzarmena. Nafarroari eta Aragoiri ere egin zieten gonbita, baina ezezkoa erantzun zuten biek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.