Eduardo Santos gutxigatik gailendu zaio Laura Perezi Ahal Dugu-ren primarioetan

Santosek 28 botoren aldea atera du, eta, «susmoak uxatzeko», ikuskaritza eskatu du Perezek. Herritarren Kontseiluko 24 kideetatik 13 Santosen taldekoak dira orain

Lehen planoan Laura Perez idazkari nagusi ohia eta Eduardo Santos barne hauteskundeetako irabazlea, atzo, Iruñean. JESUS DIGES / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2017ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Lehia oso estua izan da, 28 boto besterik ez. Nafarroako Ahal Dugu-ko idazkari nagusi izateko hauteskunde primarioetan, gutxigatik irabazi du Eduardo Santosek. 1.347 militantek bozkatu dute: 595ek (%45,5) babestu dute Santos, eta 567k (%43,4) Laura Perez. Hirugarren geratu da Francisco Espinosa Uharteko zinegotzia, 146 boto eskuratuta. Hain estua izan da emaitza ezen Perezek berrikusteko eskatu baitu: «Madrilen zenbatutako emaitza baten gaineko susmoak uxatzeko asmoz, eta, diferentzia hain txikia izan denez, kanpoko ikuskaritza independente bat eskatuko dugu», azaldu zuen atzo Perezek. Santosek onartu du ikuskaritza, «betiere, eskaerak funtsa badu».

Aldez aurretik, ez zegoen jakiterik zer gertatzera zihoan. Bozketa Internet bidezkoa izan da: maiatzaren 12an hasi zen, eta hilaren 21ean amaitu. Idazkaritza nagusiaz gain, Herritarren Kontseilua eta berme batzordea aukeratu dituzte militanteek. Kontseilua da alderdiaren organo gorena, eta berritzeko beharra zuen. Izan ere, azken bi urteotan boterez husten joan da, 2015eko otsailean aukeratu zituztenetako batzuk utzi egin baitzuten erakundea. Era berean, estatutuek debekatu egiten zuten ordezkoak bilatzea.

Primarioek egoera hori zuzendu dute. Era berean, kontseiluko kideak hautatzeko prozesuan ere emaitza estua izan da berriro. Santosez gain, beste 24 kide izango ditu kontseiluak. Horietatik hamahiru bere hautagaitzako kideak dira, eta gainerako 11k Laura Perezen taldekoak. Hala, kide hauek osatuko dute kontseilua: Laura Perez, Ainhoa Aznarez, Daniel Lopez, Irene Otal, Javier Etxeberria, Jose Ramon Urtasun, Neniques Roldan, Alvaro Marcen, Eva Calleja, Patricia Ruiz de Irizar, Mari Juana Palacios, Kathia Salinas, Marco Antonio Alvarez, Carlos Amatriain, Gaxan Sad, Maria Ros, Lucia Otero, Virginia Alonso, Iñigo Perez, Ester Ortiz, Fanny Carrillo, eta Ricardo Feliu.

Kanpainan egin bezala, antolamenduari eman dio garrantzia Santosek. «Gatazka gutxiago izan behar ditugu, eta apur bat lehiakorragoak izan behar dugu. Hemen inor ez dago sobran: lan handia dago egiteko», esan, eta Perezek bi urteotan egindako lana txalotu zuen. Beste bi hautagaiekin batera egindako prentsaurrekoan, «elkarrekin lan egiteko beharra» nabarmendu zuen.

Ainhoa Aznarez izango da alderdiko eleduna. Dena den, ez dago argi parlamentuko eledun karguarekin zer gertatuko den. Santosek zehaztu du goizegi dela ezer aurreratzeko, hori erabakiko duten organoak osatu gabe baitaude. «Izenak edo pertsonak baino garrantzitsuagoa da erabakitzeko prozesua nola egingo den». Azaldu du parlamentu taldeak «autonomia nahikoa» baduela. «Ez dut uste funtsezkogaia denik, eta denbora hartu behar dugu zer egin pentsatzeko».

Bien arteko ika-mika

Perezek kanpainan aurreratu zuen galdu edo irabaziz gero eledun izateari utziko ziola. Orain, alderdiaren eskuetan utzi du postu hori: «Koherentzia garrantzitsua da, eta ez dut nire burua sinesten ez dudan hori defenditzeko gaitasunarekin ikusten. Espero dut zuzendaritzak orain arteko ildoari jarraitzea, eta aldaketa berezirik ez egitea». Duela bi urte 46.000 nafarrek emandako babesa gogoan, Perezek ohartarazi du herritarrek ez luketela ulertuko programan murrizketak egitea edo alderdi «otzanago» bat bihurtzea. Santosek erantzun dio ez dakiela zer esan nahi duen: «Inoiz ez dugu kanpainan esan otzanagoak izango garela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.