Hendaia-Baiona trenbidea berrituko dute, AHTa erabat baztertua den jakin gabe

Eragile anitzen urteetako aldarrikapena izan denari ekiteko, 20 milioi inbertituko dituzte. CADEren iritziz, «beste pauso bat da AHTaren proiektua abandonatzeko»
Baionako tren geltokia, artxiboko irudi batean; handik Hendaiara doan bidea berritzea erabaki du SNCFk.
Baionako tren geltokia, artxiboko irudi batean; handik Hendaiara doan bidea berritzea erabaki du SNCFk. BOB EDME

Eneko Etxegarai Urain -

2017ko abuztuak 9
Hendaia eta Baionaren arteko trenbideak berritzea erabaki du SNCF Frantziako trenbide konpainia publikoak. Guillaume Pepy SNCFko zuzendariak hala jakinarazi zion Jean Rene Etxegarai Baionako alkate eta Euskal Elkargoko lehendakariari abuztuaren 1ean izandako bileran, France Bleu irratiak ezagutarazi duenez. «Oso pozik» agertu da Etxegarai: «Berri biziki ona da». 2018an ekingo diote Baiona-Hendaia arteko trenbideen berritzeari, eta 2020 an bukatu beharko lukete obrek; hogei milioi euro inbertituko ditu SNCFk.

SNCFren erabakia bat dator Ipar Euskal Herriko hautetsi eta gizarte eragile andanak AHTaren aurrean aldarrikatu duten «alternatibarekin». Lapurditik barna abiadura handiko trenik ez egiteko eskatu izan dute, eta, zerbait egitekotan, jadanik existitzen ziren trenbideak berritzeko. Hala egin zuten Hego Lapurdiko Hiriguneko hautetsiek iazko abenduan, Bordeletik Hego Euskal Herriraino existitzen ziren trenbideentzat. Beraz, abiadura handiko trenaren Lapurdiko adarraren proiektua alboratzea ekar dezake erabakiak; horrenbestez, Hegoaldeko AHTak Iparraldearekiko lotura galduko luke.

Ildo horretan mintzatu da Etxegarai France Bleun: «Duela gutxi arte buruan izan ditugun hainbat proiektuk agian ez dute inoiz argirik ikusiko». Hala ere, BERRIAri egindako adierazpenetan, ez du guztiz baztertu AHTaren proiektua: «Nik ez dut erran AHTrik ez denik egingo; alde batetik, ez dudalako horretarako botererik, eta, bestetik, Guillaume Pepyrekin bildu naizenean ez dugulako AHTaz hitz egin. Obrak egingo direnez, AHTa egingo ez dela ondorioztatu dute batzuek, baina kazetarien lana da balorazio horren egitea». Zehaztu du «normala» dela galdetzea zein eragin izango duten berritze lanek AHTan. «Orain arte, SNCFk ez digu inoiz erantzun zenbat denbora irabaziko litzatekeen berrituko dituzten trenbideen eta AHTaren artean. Hamar minutu inguru litzatekeela uste dugu. Beraz, AHTaren obren kostuen eta abantailen balantzea egitean, batez ere ingurumenaren arloan, eskubidea dugu halako garrantzia duten obren inguruan galderak egiteko».

Ingurumenaren zaintzarako CADE elkarteko Victor Pachonek ere ez du uste AHTaren egitasmoa behin betiko alboratuko dutenik: «Beste pauso bat da AHT proiektua abandonatzeko bidean, baina ezin daiteke erran egitasmoa erabat baztertua denik». Haren iritziz, «erabaki politiko» bat falta da: «Hori hartua ez den bitartean, ezingo dugu erran AHTaren aurkako borrokan garaipen bat denik». Ohartarazi du ez dela halako mugimenduak gertatzen diren lehen aldia, baina egitasmoak bizirik jarraitzen duela: «Badakigu Alain Rousset Akitania Berriko lehendakariak, Alain Juppe Bordeleko alkateak, Ipar Euskal Herriko hainbat hautetsik eta alde direnek presioa areagotuko dutela». Azken urteetako bilakaerari begira, ondorio bat atera du: «Albistea AHTa abandonatzeko prozesu batean kokatzen da; egoera uzkaltzea besterik ez da falta».

Analisi ezberdinak

Jadanik existitzen ziren trenbideen inguruan eztabaida luzea izan dute CADEk eta RFF trenbideak kudeatzen dituen konpainiak. AHTaren bide berriak bultzatzeko, RFFk argudio bat zabaldu du luzaz: 2030. urtean trenbideak gainezka izanen zirela. Bestelakoa izan da CADEk orain arte egin analisia: krisialdiaren ondorioz salgaien eta pertsonen garraioak behera egingo zuela, eta, beraz, gainezka egiteko arriskua ez zela erreala. 2013an Suitzako aditu batzuek egindako txostena erabili zuten hori azaltzeko; 2050. urtera arte bederen trenbidea gainezka ez zela egonen jakinarazi zuen elkarteak orduan.

Bataila judizial ugari hasiak ditu CADEk SNCFren zein RFFren kontra. Azkena 2015eko irailean abiatu zuen, Frantziako Gobernuak Bordele-Akize AHT zatiari onura publikoko izaera jarri zionean. Izendapen horri esker hasi ziren proiektuak garatzen, baina erabakiari helegitea jarri zioten AHTaren aurkako taldeek eta hautetsiek. Joan den ekainean, administrazioak arrazoia eman zien: Bordele-Akize eta Bordele-Tolosa zatien onura publikoko izendapenak baliogabetu zituen. Gero eta bide estuagoa du AHTak Iparraldean, beraz. Hala ere, Pachonek oroitarazi du urrian iraganen diren mugikortasun jardunaldietan jakinen dela zein den «zehazki» Emmanuel Macronen gobernu berriaren jarrera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna