Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Gizartea NBEk kargu hartu dio Espainiari, frankismo garaiko krimenak ez ikertzeagatik

Publizitatea

Gizartea

Memoria historikoa

NBEk kargu hartu dio Espainiari, frankismo garaiko krimenak ez ikertzeagatik

Madrilek ez ditu bete Bortxazko Desagerpenei Buruzko Lantaldeak 2013an emaniko aholkuak. «Inpunitate patroi bat» antzeman dute NBEko ikerlariek
Mariano Rajoy Espainiako presidentea NBEn, Jorge Moragas kabineteburuarekin eta Roman Oiartzun enbaxadorearekin batera, aurreko bilkura batean.
Argazkia: D. C. / EFE

2017-09-14 / Ion Orzaiz

Nazio Batuen Erakundeak jorraldi on bat eman dio Espainiari frankismoko krimenen kontura. 2013ko irailean, txostena egin zuen bortxazko desagerpenei buruzko NBEren lantaldeak, eta hainbat gomendio egin zizkion Espainiako Gobernuari, 1936ko gerran eta Francoren diktadura garaian desagerrarazitako pertsonen kasuak «behar bezala» ikertu eta biktimen senideei «egia, justizia eta aitortza» eskaintzeko. Aste honetan, txosten horren jarraipena argitaratu du NBEko Giza Eskubideen Batzordeak, eta kritika latza egin dio Espainiako Gobernuari. Azken lau urteetan memoria historikoaren bidean «oso aurrerapauso gutxi» eman dituela uste dute adituek.

«Gerra Zibilean eta diktadurapean desagertutakoen kasuak ikertzeko eta senideei egia, justizia eta ordaina eskaintzeko gomendio gehienak ez dira behar bezala aplikatu, eta oso kezkagarria da hori», azaldu dute NBEko ordezkariek. Zehazki, Espainiak frankismoko biktimen senideak «babesgabe» utzi dituela salatu du bortxazko desagerpenei buruzko lantaldeak: «Gaur arte, Espainiako Estatuak ez du beharrezko premiaz eta bizkortasunez jokatu, eta, estatu mailako politikak bermatzeko tenorean, ez du lidergoa bere gain hartu».

Areago: frankismoko krimenak ikertzeko eta errudunak epaitzeko garaian Espainiak hainbat prozedura «oztopatu» dituela nabarmendu du NBEk. «Inpunitate patroi baten presentzia antzeman du lantaldeak. Espainiaren nazioarteko betebeharren aurka doazen faktore eta argudioetan oinarritzen den inpunitatea». Zehazki, Argentinako kereila trabatzeko saioa salatu dute nazioarteko adituek: «Gerra zibilean eta frankismo garaian Espainian gertatutako bortxazko desagerpenak auzitara eramateko zailtasunak asko direla jakinda, lantalde hau oso kezkatuta dago Argentinako Justiziak abiatutako prozedura judizialari behin eta berriz jarri zaizkion oztopoengatik».

Txostenaren egileek ontzat jo dituzte, halaber, 1936ko gerrako hobiratzeen mapa osatzeko lanak, baina kritikatu dute Madrilek «autonomia erkidego batzuen, elkarte pribatuen edo norbanakoen bizkar» utzi duela gorpuzkiak hobitik ateratzeko eta identifikatzeko ardura osoa.

Hain zuzen, biktimen senideekiko harremanetan «parte hartze iraunkorra» sustatzeko eskatu dio NBEk Espainiako Gobernuari: «Informazioa emate hutsaz harago, benetako hartu-eman eta kontsulta prozesu bat abiatzea espero du lantalde honek, senideen eta elkarteen partaidetza bermatze aldera».

Eta senide eta elkarte memorialistekin bakarrik ez, txostenean azaldutakoaren arabera, badirudi NBEko Giza Eskubideen Batzordearekin ere utzikeriaz jokatu duela Espainiako Gobernuak, eskatutako informazio eta datu ugari igortzeari uko eginda. Hala, biktimen DNA biltzeko datu baseen edota haur lapurtuen auziak ikertzeko garaian antzeman duen «informaziorik eza» txarretsi du lantaldeak idazkian.

«Egiaren batzorde bat» sortzeko eskaerari Madrilek emandako erantzuna ere «desegokitzat» jo dute NBEko adituek, Mariano Rajoyren gobernuak «ikerketa historikoaren izaera» eman nahi baitio organo horri, eskubideak bigarren lerroan utzita: «Desagertuen familiek egia jakin nahi dute euren senideei gertatu zitzaienaren inguruan. Giza eskubide absolutua da hori NBEren Adierazpenaren arabera, eta baita, nazioarteko zuzenbideari jarraikiz, Espainiaren betebehar bat ere».

Inkomunikazio aldia

1936ko eta frankismoko desagerpenak alde batera utzita, Espainiak gaur egun aplikatzen dituen zenbait neurri ere gaitzetsi ditu NBEk. Besteak beste, atxilotuei ezarritako inkomunikazio aldia. Zehazki, honako hau dio txostenak: «2015. eta 2016. urteetan atxilotutakoei inkomunikazio aldirik ezarri ez izana begi onez hartu du lantalde honek. Hala ere, kezkagarria da, legez, indarrean dirauela hamar egun arteko inkomunikazioak».

Azkenik, NBEren lantaldeak 90 eguneko epea eman dio Espainiako Gobernuari, txostenean aipatutako gomendioak betetze aldera «hartuko dituen neurrien azalpena eta kronograma aurkez ditzan».

Publizitatea

Sortu kontua
Ion Orzaiz Ion Orzaiz

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak