Azterketa bikoitza euskal ikasleentzat

Urteroko aldarrikapena dute Seaskako ikasleek, baxoko azterketa euskaraz egin ahal izatea. Berezko hizkuntzan «errazagoa» luketela onartu dute ikasleek, eta eskaeraren zilegitasuna azpimarratu dute.
Elkarretaratzea egin zuten joan den ostegunean Seaskako ikasleek, Angeluko Sainte Anne lizeo aitzinean.
Elkarretaratzea egin zuten joan den ostegunean Seaskako ikasleek, Angeluko Sainte Anne lizeo aitzinean. I. M.

Ekhi Erremundegi Beloki -

2017ko ekainak 20
Momentu garrantzitsua izaten da baxoko azterketa. Helduarora pasatzea markatzen duen diploma moduan ikusia da anitzengandik, bizitzako etapa garrantzitsua. Estres handiarekin iritsi ohi dira ikasleak, urteetan ikasitakoa, ikasi gabekoa eta gaizki ikasitakoa paperaren gainean txukun agerrarazi nahian. Estres horri beste bat gehitzen diote Seaskako ikasleek: berena ez den hizkuntza batean egin beharra azterketa. Urteetan, Historia-Geografia ikasgaia baizik ez dute egin ahal izan euskaraz ?azterketa frantsesez jasotzen dute, baina euskaraz erantzuteko aukera dute ikasleek?, eta azken urteetan matematikako azterketa ere euskaraz egiteko aukera eskaini diete, esperimentazio gisara.

«Txikidanik euskaraz ditugu kurtsoak. Besteak frantsesez bezala, gu euskaraz ari gara, lagunekin eta eskolan; ez da normala Baxoa frantsesez egin beharra». Mayia Bathaniren hitzak dira. 17 urteko ikasleak, baxoa euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko, pankarta eskuan hartu zuen azterketen lehen egunean, joan den ostegunean. Ostiralera arte izanen dituzte probak, eta jakitun dira ezartzen dieten zailtasun gehigarriaz: «Euskaraz ikasten dugu, eta hitzak euskaraz etortzen zaizkigu burura. Frantsesez aritzean, hitzen bila ari gara etengabe, eta formari buruz ere gehiago pentsatu behar dugu. Guretzat aise errazagoa litzateke euskaraz aritzea», aitortu du Ewen Moal Darrigadek.

Zailtasunak zailtasun, Frantzian emaitzarik onenak lortu ohi dituzte Seaskako Bernat Etxepare lizeoko ikasleek. Horregatik, Luxi Labescauk nahiago du eskaeraren zilegitasuna azpimarratu: «Eguneroko bizian euskaraz mintzo baikara, normala litzateke Baxoa euskaraz egitea. Legitimoa da». Euskararen onarpena da jokoan, Bathanyren ustez: «Euskaraz egin ahal izatea aitzinamendu bat litzateke, eta plazera ere: betidanik horrela ikasten dugu, eta erakutsiko luke euskara onartua dela hemen».

Gainera, baxoa frantsesez egin beharrak egunerokoan ikasketak euskaraz egin ahal izateko eskubidea urratzen diela salatu dute. «Bigarrenean, zinez penalizatua sentitzen nintzen, kolegioan dena euskaraz egiten genuelako. Lizeora pasatzean, liburuak-eta frantsesez ziren, ebaluazioak ere; hasieran, ez genuen gauza handirik ulertzen», Bathanyren hitzetan. «Filosofiako irakaslea euskara ikasten ari da; beraz, ahal duen guzia euskaraz egiten saiatzen da, baina nozio inportanteenak frantsesez ematen dizkigu, hobeki atxiki ditzagun. Baxoa euskaraz egiten ahal bagenu, Filosofia urtean zehar euskaraz ikasiko genuke», ohartarazi du Moal Darrigadek. Laster euskaraz ikasgai gehiago egiteko aukera izanen dutela espero du, baina aitortu du: «Esperantza gutxi dut».

Urtero ezin mahaia jo

Seaskak azterketa guneak blokeatuko zituela mehatxu egin ondoren lortu zuten matematikako proba euskaraz egiteko aukera euskal ikasleek. Esperimentazio bat da, Ipar Euskal Herriko murgiltze ereduko ikasleak baizik ukitzen ez dituena. «Ezin dugu urtero mahai gainean kolperik jo», aitortu du Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak. «Aurten bagenuen postuen gaia, lortu dugu lanbide heziketa irekitzea, laugarren kolegioa irekitzea, Bokalen (Lapurdi) ikastola bat irekitzea, hainbat ikastola garatuko ditugu lortu ditugun postuei esker ?lehen lehentasuna hori zen?, horrekin batera genuen IEPrena [Inklusiorako Egitura Publikoa]...». Hezkuntza ministroarekin aipatzekoa dute gaia. «Euskararen ezagupena eta murgiltze ereduaren ezagupena dira jokoan; izaten ahal da beste argumenturik, baina guretzat horiek dira inportanteenak».

Larzabaleko kolegioan Inklusiorako Egitura Pedagogikoa irekitzen ahalko du azkenean Seaskak. «Ezezkoa eman zigun akademia ikuskaritzak; Errektoretzari eskatu genion, eta erran zigun ez zela ikasle aski. Azkenean, ezagutarazi egin dugu gaia, hautetsiak mobilizatu ditugu, hautetsiek idatzi diete bai Ministerioari eta bai errektoreari. Eta egoera bat-batean desblokeatu da, errektoreak erranez erabaki duela IEP irekitzea», azaldu du Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak. Baimena izan dute, baina irakaslea ordaintzea Seaskaren esku izanen da. Urte guziz halako batailetan ez ibiltzea eskertuko luke Gorostiagak: «Emmanuel Macronek hitzeman zuen lege bat hizkuntzentzat. Ikusiko dugu hitza betetzen ote duen».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna